Urtean Zehar: 8. Domekea

URTEAN ZEHARREKO VIII. DOMEKEA  /C

HOMILIA

 

Ze hausnarketa egin geike, senideok, gaurko irakurgaien arabera? Esan deiogun geure buruari, eta alkarri ere bai, Jainkoagandik hartu doguna. Ez daigun uste izan esanda gelditzeko esan dala, geure onerako eta zuzenketarako baino.

Lehenengo ta behin: izan daigun gogoan ez gagozala eginda, amaituta, "bidean" goazala baino, osotasunerantza, betetasunerantza bidean; eta osoagoak eta beteagoak izango garala geure izakerea lantzen badogu. Bakotxak berea?

Jesusek alkarrentzako gura gaitula ere izan daigun gogoan, bildur barik, apaltasunean… Ez deiegun bildur izan gure mugei, makaltasunei, ezinei… Ikasi daigun hareik ezagutzen, autortzen eta euretan egin beharreko lana egiten, bihurtu gaitezan.

Di-da baten ikusten doguz itsuak beste itsu batzuen gidaritzan; edo aurpegiratzen deutsegu gu zuzentzera datozanei euren zuzengabekeria, euren begiko hagea ikusten ez eta geure begiko izpitxoa atara guran jatorkuzanei… Baina hortik ez dogu atara behar akatsik barik ez gagozala-eta ezin deutsogula inori zuzenketarik egin… Alkarrentzat bagara, alkarren laguntzea behar dogu, geure muga eta ezinetatik, jakina!, eta ez geure itsukeriari edo begiko hageari ez-ikusi eginda.

Jesusen irakatsia norberetuz, ba, akatsik bakoak ez garala autortu behar dogu lehenengo ta behin; baina baita autortu behar dogu, Jainkoak ez gaitula bertan behera gura, osotasunerantza bidean baino. Eta baita, hirugarrenez, bide horretan laguntzaileen beharra daukagula, eta besteen laguntzaile izatera deituak gagozala.

Eta Jainkoaren berbeak eta Jesusen irakatsiak bai irakasten deuskula hori zelan bete geiken gure egunerokoan: apaltasunetik geure izakerea ezagutu eta landu behar dogu lehenengo ta behin; eta besteengana hurreratu behar dogu, ez maisukeriaz, norbere mugen ezaupideaz baino; baina alkarregaz eta alkar osotzen ahalegintzeko asmotan.

Jesusek ez deuskuz, ba, gure akatsak aurpegiratzen gu ezabatzeko edo zokoratzeko, edo "zu ixi!" esateko, bide bat egin behar dogula gogoratzeko baino. Jesusen ustez, ba, alkarren beharra dogu, eta alkarrenzat zelan izan bilatu behar izango geuke, bakotxaren akatsak aurpegiratzen jardun barik. Jesusek besteenak eroan ebazan…

 

 

OTOITZA 

 

Sarritan salatzen dogu, Jauna,

besteen itsutasuna geure itsukeriatik,

eta irakasle agertu gura dogu geure burua

gure ezjakina ezkutatuz edo isilduz.

 

Zein beharrezko dogun, Jesus, apaltasuna,

geure mugak eta akatsak autortzeko

eta hobearen bidean jarri ahal izateko.

 

Ba dakigu, Jesus, gu garean ustelkor hau

ustel ezina bihurtzera deitua dana.

 

Lagundu deiogula alkarri bide hori egiten,

alkar zuzenduz, argituz eta adoretuz,

eta alkarren akatsak eta mugak-eta

eroapenez jasanez eta eroanez.

 

Nahi dogu-ta, Jesus,

alkar maitatzen dabenen arteko izan.