URTEAN ZEHARREKO VII. DOMEKEA (C)
1Sm 26, 2. 7-9. 12-13. 22-23
Sal 102, 1-2. 3-4. 8 y 10. 12-13
1Ko 15, 45-49
Lk 6, 27-38
HOMILIA
Senideok: gaurko liturgiak Jainkoaren maitasunera begira jarten gaitu; Jainkoak deuskun maitasunaz jabetzera gonbidatzen gaitu; Jainkoak guganako dauan maitasuna ezezaguna dogula esan gura dau horrek, senideok. Onartzen edo aintzat hartzen ete dogu hau, senideok? Maite gaitulako ezagutzen gaitu eta dogu errukior; maite gaitulako errespetatzen gaitu eta itxaroten dau gugandik maitasun erantzuna; maite gaitulako, seme-alaba gaitulako, itxaroten dau gugandik beste guztienganako maitasun erantzuna, errukitsua, Jainkoaren seme-alabei dagokiena.
Zein izaten da, senideok, gure behin-behineko erantzuna? Badakigu, baina hain da gatxa… Gatxa da, senideok, ala ezinezkoa? Zer esan gura dogu gatxa da dinogunean? Eskatzen jakun ahalegina egiteko ez gagozela prest? Gure ahalmenetik harago dagoala? Guztiok egingo bagendu errezago litzatekela, baina…?
Ba, senideok, argi euki behar dogu Jainkoari esker onez erantzun gura izatea, antza danez, gero eta gitxiagoren gauzea dala gure artean. Dei bat, ba, Eukaristia honetan Jainkoaren hitza entzuteko eta bizitzea haren esanetara jarteko alkartu garan guztioi; neure buruari lehenengo.
Gaurko Liturgiak adibide eder bat jarri deusku lehenengo irakurgaian. Saul erregeak akabatu egin gura dau Dabid, izen handia hartzen doalako, bera baino hobeto ikusia dalako; bekaitzak eta ingurukoen burubide gaiztoak daroe Saul bere zerbitzaririk zintzoena akabatu gura izatera. Eta hara!, Dabidek dauka bere arerioa akabatzeko aukera paregabea; eta laguntzaileak (Abisaik) Jainkoaren izenean eskatuko deutso akabatzeko gainera. Baina Dabidek argi dauka Jainkoaren izenean ezin daitekela txarkeriarik egin, eta gitxiago holango sarraskirik. Senideok, adi! Zenbat sarraski egiten ete da, geure egunetan ere, Jainkoaren izenean, norbere txarkeriak justifikatzearren-edo. Jainkoa baztertuta daukagulako ez ete da?
Ebanjelioan, Jesusek bere berban azalduko deusku egunero bere egintzetan ereiten dauana; maite gaituenak eta guri on egiten deuskuenak eta gugaitik ondo esaten dabenak baino harutzago doan maitasuna. Hau ez da izango edonorentzako agindua, bere hurrekoentzakoa baino, bere ikasleentzakoa, jarraitzaileentzakoa, zeuretzakoa, neuretzakoa, Jesusen jarraitzaile garala dinogunontzakoa…
Ulertzea bera ere gatx egingo jake ikasleei; baina Dabiden jokabidea hausnartu dogunoi, eta Paulok esan deuskuna gogoan hartu gura dogunoi, senideok, ez jaku gatx egingo, burubide eta bizitzako ibilbide baino; bizitzaratzea gauza gatxa dala badinogu ere.
Gure haragia mundutarra da, eta mundutar jokatuko dau. Baina berbiztua izatera bidean da, eta euki daikez berbiztu izpiak ere.
Hauxe da, ba, behar doguna, senideok: berbizkunde sinismena. Gu ez gara garan hau heriotzearen ilunpetako ezerezera botatekoak, egun baten berbizkunde gorputzez janztekoak baino. Eta horrexek garoaz gugan Jainkoaren maitasuna eta haren indarra sumatzera, eta Jainkoaren seme-alaba lez errespetatzera, maitatzera, errukitzera, eta epaia Jainkoaren esku iztera.
Zenbat gure eguneroko jokabide aztertu behar izango geukezan gaur irakurritako ebanjelio txatal honetatik, senideok. Ezin geintekez geratu hemen entzundakoa bizitzaratzea gatxa dala esatean. Jainkoaren maitasuna sumatu behar dogu gure erraietan, eta holango maitasunari maitasunez erantzuteko garra eskatu behar dogu. Bestela, zenbat ganora bako epaikuntza, mormoxeta, bidegabekaria eta Jainkoaren izeneango triskantza egingo doguzan oraindino ere... Guda-gizon zirenek (Dabidek) etsaiagan Jainkoaren gantzutua ikusteko ahalmena, eta hareik errespetatzekoa baeben, eta guk ez, zeozer falta jakulako izango da. Falta jakun hori ez ete deutsogu eskatuko gaurko otoitzean?
Ea laster hasiko dogun Garizuman Jainkoaren errukia bilatzen dogun eta haren maitasun errukitsuaz atsegin hartzen dogun, benetako autorle edo testigu izateko.
Eskatu daigun grazia hori.