URTEAN ZEHARREKO X. DOMEKEA /C
HOMILIA
Senideok: oraindino askoren ustetan, Jainkoak zigortu egiten dau pekatua, ez dau zigor barik izten berari egindako iraina. Ordea, beste askok, Jainkoa iraindu nahian botaten dabez maldezinoak edo biraoak…
Eliasen sasoian (lehenengo irakurgaia) sasi-jainkokerian jausita egoan herriaren zati on bat: horren ezaugarri da irakurgaian agertzen dan emakume alarguna; honek, bere semearen heriotzea, Jainkoaren zigor lez hartzen dau. Baina halan ete da?
Jainkoaren gizonak, umeari bizitzea bihurtuz, Jainkoa zigortzaile barik, bizitz-emoile dala iragarten dau, eta alargunak aintzat hartuko dau profetearen berbea eta haren autorkuntza.
Honen aurrean bai galdetu behar izango geukela: merezi dau sinisteak? Badakar onurarik sinisteak? Ala ez dau merezi, sinisteak ez dakarrelako ez onik ez txarrik?
Elias profeteak Jainkoagan sinisten dau, eta emakume alargunak, bere pekatua autortzean, sasi-jainkoengan sinisten dauala adierazoten dau. Zein da ondorioa? Emakume alargunak bildurretik uste dauala Eliasen Jainkoak zigortu egin dauala bera semearen heriotzeaz; baina Eliasek, ostera, bere Jainkoa bizitz-emoile dala agertzen deutso, eta bera, Elias, bizitzearen autorle (edo testigu) agertzen da.
Ez da bardin, ba, sinistea edo ez sinistea. Ez. Eta ez uste izan elizkizunetara etorteak sinisten dala adierazoten dauanik. Ez eta. Sareptako emakume alargunak sasi-jainkoei eskeintzariak egingo eutsezan eta Israelgo Jainkoa madarikatu, behar bada. Eta horrek ez dakartso ezer onik. Elias profeteak, ostera, Israelgo Jainkoaren esanetara egonik, bizitzea eta esker oneko berba gogo-altxagarria zabaltzen dauz bere inguruan.
Ebanjelioan Jesus ikusten dogu lanotan. Jesusengan Jainkoaren aurpegia eta bihotza aurkitu geikez: Jesus errukitu egiten da bere seme bakarra galdu dauan emakume alargunaz; hurreratu egiten jako; hilkutxa ikutu egiten dau; eta, bere berbeaz, bizirik bihurtzen deutso semea amari.
Gizarte haretan emakume izatea berez bazan zoritxarra, alarguntzea handiagoa zan; eta semea —eta hau bakarra— galtzea azkena zan: emakume harek ez eukan urtenbiderik… Jainkoak holangoa ezin dau bertanbehera itzi. Eta horixe da Jesusengan agertzen deuskuna ebanjelariak, haren jarraitzaile izatera geuri ere dei eginez.
Senideok: gure zoritxarrak ez daiguzan Jainkoaren zigor lez hartu; eta inoren zoritxarrean, egin gakiozan hurreko eta lagun, adore emoile, horixe da-ta Jainkoak gura dauana. Horrela ipiniko dogu Jainkoaren erreinuaren eraikuntzan beste harri bat, eta erakutsiko dogu merezi dauala sinisteak.
Jesusengan sinisteak Jainkoaren erreinuaren eraikitzaile egiten gaitulako; eta horren ezaugarri hauxe da: zoritxarrean dagozanengana hurreratzea eta hareen zoritxarra arintzea edo ezabatzea.
Eta badago zoritxarrik gure inguruan… Ez dogu ezer egiten inoren lepora botatzeaz, edo salatze hutsaz. Jesusen Espirituak bultza egiten deusku, eta zoritxarrean dagoanagana garoaz hari adore emoteko, bizitzea barriztatzeko, eta danon artean zuzentasunezko eta bakezko ingurua eraikitzeko. Merezi dau, ba, Jesusengan sinisteak, Jainkoa hur-hurreko autortzeak.
OTOITZA
Ez zara zu Jainko barru-bakoa;
gure zoritxarrak hunkitzen zaituana baino.
Ezin dozu jasan zure seme-alaben zoritxarrik,
ezin dozu jasan gure arduragabekeriarik.
Zoritxarrean hantxe agertzen zara,
jasapenean dagoana adoretu nahian;
ez zara zigortzaile, bizitz-emoile baino
eta zure txikienen maitale samur.
Zerk ezagutuazo leikigu zure bihotza;
zerk entzunazoko zure berbea?
Ezer gitxi gara zure berba barik,
zure bihotzeko taupadetatik urrun…
Emoiguzuz zu hurreratu zaikiguezan testiguak!