Urtean Zehar: 14. Domekea

URTEAN ZEHARREKO XIV. DOMEKEA /C

 Is 66, 10-14c
Sal 65
Gal 6, 14-18
Lk 10, 1-12.17-20

HOMILIA

 

Senideok: pozgarria eta bihotz altxagarria da gaurko liturgiak Jainkoaz emoten deuskun irudia. Lehenengo irakurgaian Isaias profetearen eskutik emon deusku irudi horren alderdi bat. Jainkoaren oparotasuna eta etengabeko emonkortasuna goretsi dauz Isaiasek. Ondo ulertu leikee irudi hau gurasoek euren seme-alabekazko hartu emonetara begiratu ezkero.

Zergaitik edo noiz gogoratuazoten deutsee gurasoek euren seme-alabei eurekaitik egiten daben guztia eta etxean dauken guztia, eta zein ederra eta oparoa dan dauken etxea…? Zertara erakarri gura dabez euren seme-alabak hau edo holangoa agertzen daben gurasoek? Ba, horixe da Jainkoak gugandik gura aduana eta profetearen ahotan jarten deuskuna.

Esaneko edo guraso-zulo diren umeen erantzuna, ala ume bihurriena, etxetik alde egin gura daben umeen erantzuna emon gura ete dogu? Ume bihurrien erantzuna litzateke, Jainkoak gutaz gura dauana entzun barik geure usteetan jarraitzea; edo berak emon gura deuskunari muzin egin eta geure atseginkerietariko zeozer eskatzea.

 San Pauloren hitzetan aurkitu geike gure usteetatik urteteko era bat, bide bat: gure usteak zalantzan jarteko arrazoiren bat. Pauloren ustetan, kontua ez da bateatuak garan, elizaz ezkondutakoak, geuk uste doguzan betekizunak-eta beteten doguzan eta abar; beste hauxe baino: gizaki barri izatea eta beroni dagokion lez bizi izatea.

Hauxe esango geuke, ba: ez dogu aparteko gauzarik egin behar Jainkoa geure alde jarri dakigun. Jainkoa beti dago bere umeen alde, maite dauz-eta, bere begiko lez zaintzen dauz-eta.

Hortxe dago arazoa, senideok: ulertzen ete dogu, ezagutzen, onartzen, geuretzen eta gauzatzen ete dogu Jainkoak emoten deuskuna, gugandik itxaroten dauana? Edo gurago izaten dogu beste iturri batzuetan edatea, urok urriagoak, zikinagoak eta pozoinduak izan arren?

Ebanjelioan argitu daiteke alderdi hau: lehenengo ta behin, Jesusek bere ustea ikasleengan jarrita daukala ikusten dogu: bere lagun egiten dauz eta bere aurretik joateko eginkizuna emoten deutse. Guk zelan erantzungo ete geuskio Jesusi bere eginkizunerako aukeratuko baginduz?

Batzuk harrera on egiten deutseela dinosku ebanjelariak; baina beste batzuk ez deutseela harrerarik egiten… Eta era bietakoei dinotse hur dagoala Jainkoaren erreinua..

Ikasleen azaleko poztasunetik dakigu Jesusek zer itxaroten duan hareengandik: hareen pozak ez dau sortu behar euren ahalmenaren indarretik, beste ahaltsuak menpean jarteko dauken ahalmenetik, euren izenak zeruetan idatzita ikustetik baino. Hausnartu daigun Jesusek dinotsen hau…

Ez dozue uste, senideok, gu bertokoegi eginda gagozala eta jaramon eskasa egiten deutsagula Jesusek eskeintzen deuskun erreinuari? Erreinu hori ez da lortzen aparteko egintzez, edo betekizunez edo erritoz, ez eta ez da ezeren sari ere. Gizaki barri lez bizi izanda emoten dogu gure bizitzan zehar haren barri. Eta bizitza horretako atseginak Jainkoaren oparotasunetik bizi izateak eskuratzen dauz.