Urtean Zehar: 15. Domekea

URTEAN ZEHARREKO XV. DOMEKEA /C

HOMILIA

 

Senideok: zer izango litzateke gure Gizartea ezelango lege edo arau barik? Edo, zer izango litzateke errepidea (karreterea) zirkulazino-arau barik? Beharrezko doguzala legeak, arauak esan gura dau horrek. Baina, zenbateraino? «Legea, lege! Betebeharrekoa da legea!» —esaten da. Baina danok dakigu Legea nork egiten dauan, eta zelan jokatzen dogun besteok legeagaz. Legea ez beteteak, edo hari muzin egiteak, edo legea apurtzeak, zigorra dakar, horretan harrapatzen bazaitue; baina bestela?

Ikusten doguz Legearen onurak, eta Legea aintzat hartzen dogu. Baina nire atsegina-edo lortzea debekatzen deustanean, Lege hori baztertzen ahaleginduko naz. Bakotxak gura dogu, ba, senideok, geure neurriko eta aldeko Legea egin.

Baina orduan, bakotxak bere ugartean bizi izan behar izango leuke; ezin izango geuke Gizarte baten bizi izan. Eta Gizarte baten bizi izan gura badogu, bakotxak beretik jarri behar izango dau besteen onerako. Eta zein gizarte hobeagorik alkarren arduraz bizi dana baino?

Hauxe da lehenengo irakurgaian aurkitu doguna: alkarren onerako Legea Jainkoak bakotxaren bihotzean jarri dauala. Baina beste hauxe ere esan deusku, eta ez daigun ahaztu: Lege hori onartzeko, bihozbarritu, Jainkoagana bihurtu beharra daukagula.

Bai, ba! Bakotxak bere onurea bilatzen dogulako; eta geurea lortzearren atxakiak jarriko doguzalako, edo legea ezin bete daitekela esango dogulako…

San Pauloren ustetan, Legearen gaingo argitasuna Jesusengan aurkitu geike. Hauxe bai bizi dala Aitaren esanetara! Honexek bai daroala Jainkoaren Legea bihotzean idatzita, eta gauzatzen dauala Lege hori bere eguneroko bizitzan!

Bihozbarrituak, Jainkoaganatuak, ez dau atxakiarik bilatuko Legea bere alde ez dagoala ikusten dauanean, besteen, lagunurkoaren, ona bilatuko daualako.

Ebanjelioko Legelariak «nor da, baina, nire lagunurkoa? atxakiatuko deutso Jesusi. Eta Jesusek argi dauka behartsuaren laguntza dala danen gainetiko legea, lege guztiek babestu behar izango leukeela behartsua.

Baina, holangoak ete dira gure legeak? Behartsuaren aldeko diskriminazinoa egiten dabe gure legeek? Argi daukagu, alderantziz, legeak nagusiek edo ahaltsuek edo aberatsek egiten dabezela euren egoerak babesteko.

Zer, orduan? Baztertu lege guztiak? Muzin edo uko egin lege guztiei. Jesusengana hurreratzen bagara, legea baztertzen barik, ha ulertzen eta haren mamina eta hondoa bilatzen eta beteten irakatsiko deusku. Hau da: lege eta arauetan Jainkoaren guraria edo nahia bilatzen, ez bakotxak bere atsegina.

Eta hauxe litzateke bihozbarritu lez betetea legea. Ez da, ba legea, lege, eta beteko jarri da!, zelan edo halan, bihar gaur baino hobeto, lege-arauetan Jainkoaren nahia bilatzen ahalegindu behar dogula baino. Hurreratu gaitezan horretarako Jesusengana.