URTEAN ZEHARREKO XIII. DOMEKEA /C
1Erg 19,16b. 19-21
Sal 15
Gal 4,31b_5,1. 13-18
Lk 9,51-62
HOMILIA
Senideok: zelan ulertzen dogu sinismena, jainkozaletasuna...? Eta zer eskuratzen deusku sinismena, jainkozaletasuna holan ulertzeak? Hau da: pozik gagoz gure sinismenaz, jainkozaletasunaz? Sinismenak, jainkozaletasunak, norabidetzen dau gure bizikerea eta bizitza osoa? Ala sinismena noizbehinka sorbalda gainetik jarten dogun ipini-kenduko tresna edo soingainekoa dogu?
Gure bizitzearen jaun eta jabe izan gura badogu, gure atsegin-atsekabeen edo kapritxoen morroi izan gura ez badogu, jarri daigun gure bizitzako aukeren erdian Jainkoa; ebatzi daigun haren otsein izatea; eta horretarako, egin daigun aukera sendo bat: Jesusen jarraitzaile izatea. Eta egunero barriztatu eta elikatu (edo alimentatu) daigun aukera hori, otoitzaz, ebanjelioaz, katekesiaz, eleiz-bizitzaz.
Badakit opor-giroan eta nasaitasun-giroan bizi garana egunotan. Baina baztertzen ete doguz horregaitik gure eguneroko eginbeharrak? Sartu daigun euren artean gure gogo-bizitza, sinismen edo jainkozaletasun bizitza, berorren harira lortzen doguzalako benetako atseginak eta bizitzearen betetasuna...
Bestela... Gogoratu daigun bigarren irakurgaian san Paulok esan deuskunetik: Jesukristok askatu egin gaitula Legearen morrontzatik, baina benetan Jainkoaren seme-alaba aske lez bizi izateko. Hau da: atseginkerien morrontzan barik, senideen zerbitzuan bizi izateko.
Bai, senideok; autortu daigun: gure egunotan erdi-erdian geure burua jartea baino ez dogu uste izaten; geure burua eta beste inor ez ikusi gura dogu; beste guztiak geure menpe eta geure otsein jarri gura doguz (euren artean Jainkoa ere bai, jakina!). Argi daukagu zertara garoazen jokabide horrek.
Baina Jainkoa, ez geure burua, erdi horretan jarteak beste jokabide batzuk sortuazoten dauz gure bizitzan. Adorea behar da horretarako. Baina holango aukeran ez gaitu bakarrik itziko Jainkoak. Begira bestela.
Lehenengo irakurgaian Eliseoren bokazinoa ikusi dogu. Eliasek, Jainkoaren gizonak, bere ondorengoa izateko aukeratzen dau Eliseo. Eta honek zelango erradikaltasunaz onartzen dauan aukera hori bere ondasunez egiten dauanak emon deusku aditzera: etxekoei agur esan, bere idiak-eta lanabesez egiten dauan sutan erre eta bere morroiei jaten emon, eta esku hutsik jarraitu Eliasi. Bere uste osoa Jainkoagan jarten dauala dinosku horrela, eta ez bere etxean, ondasunetan edo morroien zerbitzuan.
Zer behar dogu, senideok, holango aukera sendo bat egiteko, eta Jainkoaren otsein edo mirabe lez jokatzeko, Jesusen jarraitzaile lez, gure etxean, lanean, herrigintzan eta eleizgintzan?
Ikasi daigun Jesusengandik. Ebanjelioan ikusi dogu zertara daroan Jesus bere aukera sendoak: norbere buruagaz tinko jokatzera eta besteekaz bigun, samur. Ez da bardin gertatzen bere ikasle Santiago eta Joan anaiekaz: honeek sua ekarri gura dabe samariar hareen gainera Jesus onartu ez dabelako.
Senideok: inor behartu barik, norbere burua behartzeko eta besteak samurtasunez eta gozoki hartzeko, egin daigun alkarren aldeko erregua. Eta ausartzen naz gaur neure alde erregutu daizuela eskatzen. Bihotzez eskertzen deutsuet.