Urtean Zehar: 12. Domekea

URTEAN ZEHARREKO XII. DOMEKEA  /C

HOMILIA

 

Gaurko liturgiak, senideok, geure buruaren ezagutzara eroan geinkez, geure ziurkerietatik urten eta kinka larrian jarteko (krisia egiteko) gauza bagara.

Badakigu larrialdietan «ai, ama!" esaten doguna eta laguntzea eskatzen deutsagula Jainkoari. Badakigu, bateotik gehiago, Jainkoaren seme-alaba garana eta harek mate-maite gaituna eta bere ondasunez beteten gaituna. Badakigu guzti hori. Baina horregaz batera badakigu baita zein makalak, iraupen txikikoak eta jauskorrak garan. Eta horrek zatituta lez biziazoten gaitu; sarritan, gura izan bai, baina ezin, edo gauza bat ona dala ikusi arren, beste aldera joten dogula ere.

Gaurko liturgiak Jesus jarten deusku eredu, geure izakereagaz bat etorri gura badogu, osotasunean bizi izan gura badogu, koherente izan gura badogu. Nazaretarraren guraria Aita lez bizi dauan Jainkoari zintzo erantzutea da; eta horren aurrean beste edozer saihesten dau: besteen aurrean ondo geratzea, izen handiagoa izatea, edo lagun gehiago edo aberastasun ugariagoak… Jesusek bilatzen dauan gauza bakarra Jainkoaganako zintzotasuna da.

Baina ez uste izan gauzak ondo joakozanik; behin baino gehiagotan jausten da krisian; inguru jainkozalean bizi izanik, badagoalako eraso egiten deutsonik, baztertzen dauanik, edo jaramonik egin gura ez deutsonik. Horren barri izateak, bere buruari ondo ete dabilan galdetzera eroango dau.

Horretarako otoitzean murgilduko da, eta gero bere jarraitzailerik hurrekoenei galdetuko deutse berataz zer uste dauan jendeak; baina baita eurek ere zer uste daben.

Jesusen galdera honek geure izakerea, sinistun izatea, Jainkoaren gure seme-alabatasuna eta harenganako zintzotasuna krisian jartera eroan behar izango gindukez. Ez dago, ba, hain argi, eliztarrak izanda, otoitz eginda, mezak entzunda, inori kalterik ez deutsagula egiten uste izanda eta limosna ere eginda… Jesusen jarraitzaile garanik. Zer gehiago behar ete da, ba, galdetu geike.

Baina, behar bada, ez da gehiago behar dala; guzti hori barik beste zeozer behar dala baino. Danok ezagutzen doguz-eta, mezatara joan arren zuzengabekerian edo ustelkerietan edo agintekerian edo guzurmendian… bizi diranak. Eta geuri ere zenbat holango bota leikiguen aurpegira, goitik beherakoak ez garalako, eta noizean behin baino sarriagotan jausten garalako.

Jesusek, horraitino, ez deuskuz aurpegira botako gure makaltasunak edo jausteak. Dei egingo deusku eta baldintza batzuk jarriko deuskuz: bere jarraian joateak geure buruari uko egitea eta gure eguneroko kurutzea hartzea.

Jesusen jarraitzaile izatea erabagita badogu, neure-neurea baino lehenago izango dogu bestea, eta prest egongo gara geure bizia ere haren alde emoteko. Ez da erreza, ezta?, ez etxean, ez —eta gitxiago!— handik kanpo, ezta?

Otoitza eskatzen dau, isiltasuna, Jainkoaren aurrean jartea…; baina ez hari «ai, ama"» oihukatzeko, egoera honetan harek zer eskatzen deustan argitzeko eta beteteko baino. Lortu geike Jesusengandik.

 

 

 

 

OTOITZA

 

Sinistuna nazala uste dot, Jesus,

zure jarraitzaile nazala eta maite zaitudala:

baina niretzat nor zaran galdetzen deustazunean

ez daukat argiegi zer erantzun, Jesus.

 

Familiak, inguruak, emonda hartu zaitut,

eta ezagutzen zaitudala uste dot;

baina zure galdereari erantzuten ez jakiteak

oraindino ez zaitudala neurea egin dinost.

 

Nahi zaitut ezagutu eta neuretu, Jesus;

nahi dot urten nire azaleko bizikeratik

eta norberena baino ez ikuste eta gura izatetik:

egin deiodala uko neure buruari, Jesus,

eta hartu daidala egunero nire kurutzea.