Urtean Zehar: 11. Domekea

URTEAN ZEHARREKO XI. DOMEKEA /A

(Homilia)

 

Nahiko erratuta gagozala, uste dot, Legea, arauak eta betebeharrak Jainkoak zuzen-zuzenean emonak lez ulertzen badoguz, harek markatzen deuskun ubidetik urten barik ibili behar dogula-ta.

Israelgo herriak bizitz-esperientzia bat garatzen dau, eta bertako zuhurrek batzen dabez ohiturak eta zer jaken ongarri edo kaltegarri, eta hori guztihori zerrendatu eta lege eta arau lez, jarraibide jarten dabe, herri izateko eta herritarren hartu-emonak arautzeko balioko dabenak.

Eta horri indar emoteko, Jainkoaren aurrean jarten dabe, inguru liturgiko baten, otoi-giroan, eta herri osoak hartzen dau bizitz-arau lez, Jainkoak eurekaz batera jardungo dauala hitz emoten dauala bere aldetik.

Guk beste era batera ulertzen dogunez, ezin onartu geikez ebanjelioan Jesusek dinozkuzan gauza asko eta asko, ondo ulertuak daukaguzala uste dogun arren.

Legea eta ibilbidean nork lagundu daukan jentea dauka aurrean Jesusek. Eta, zelan ikusten dau? Deslai! Nora-ezean dabilz. Badaukez, ba, Tenplua, Ohikuneak, zuzendariak, legelariak… Baina hutsik dagoz!

Geuretu daigun hau. Eleizkizunak daukaguz, sakramentuak, eleiz alkartea, arauak… eta, barruan gagozala uste dogunok, ezin doguz erakarri seme-alabak, eta gitxiago lobak; ez gara ausartzen guzti honen barri emoten, bakotxak ahal dauan lez bizi izanik bere ustea edo sinisten dauana.

Ondo gabilz, ala deslai gabiltzala esango  leuskigu Jesusek?

Jesusek bizikera barri batera deitzen gaitu. Uste horretatik, siniskeria horretatik, urten beharra daukagu, hari jaramon gura badeutsagu egin.

Alde batetik, Jainkoaren ikuspegia hartu behar dogula dinosku: deslai dagozanakaz arduratu, eta hutsean hartu doguna eurekaz hutsean partekatu.

Hau ez da aukeratu batzuen eginbeharra; hau Jesusen jarraitzaile izan gura dogun guztion eginkizun  da: horrexetan agertzen dogu esker ona, aintzat hartzen dogula Jesus ezagutu izana, haren bideetan ibiltea, eta haxe eskeintzen deutsegula gure etxekoei.

Horrexetan laguntzen deusku eleiz-alkarte bat izateak, Jainkoagandiko hutsean hartutako dohaiak sakramentuetan gauzatuta ikusteak, bizitza bera ospatzeak, eta alkartzen garan bakotxean Jesus bera geure artean somatzeak.

Gure eginkizunak, ba, ez leuke izan behar Legea betez salbazinoa lortu gura izatea. Bestetara baino, Jesusen irakatsietan murgilduz geure barruan arakatu, hantxe aurkitu Jainkogandik hutsean hartutako dohaiak eta hareik geure inguruan deslai dagozanakaz partekatu, eurak ere euren barruan arakatu ahal izan daien adoretuz.

 

 

URTEAN ZEHARREKO XI. DOMEKEA  /C

HOMILIA

 

Senideok: nori gustatzen jako erratu egin dala edo txarto egin dauala, edo guzurra esan dauala edo bere errua izan dala… esan deioen? Inork ez dogu atsegin salatuak izatea, edo besteen aurrean errudun agertzea.

Horrek gure akatsak estaltzera garoaz, edo gure erruak autortzen ez jakitera, edo bai inorenak azaleratzera, edo norbere errua inori leporatzera…

Baina jokabide horrek ez gaitu gure akatsetatik eta erratuetatik askatzen; ez gaitu besteen lagunago egiten, eta bai hareentzat bildurgarriago eta mesprezagarriago.

Elizan bertan ez dakit holan jokatu izan ez dogun luzaroan: geure burua zintzotzat hartzen eta besteak pekatari lez baztertzen edo gaitzesten.

Beste esparru batzutan ere ez ete da bardin jazoten? Ni eta nire alderdikoak, lagunak edo nire aldezleak egiagaz gagoz, eta gureak ez diranak guzurretan dagoz, eta ustelkerian eta azpikerietan.

Baina, egin geike holan mundu hobeagoa, gizarte zuzenagoa, inguru senidekorragoa? Gaurko liturgiak beste bide bat eskeintzen deusku, norberetzeko eta jarraitzeko hain erreza ez bada ere.

Lehenengo ta behin, testiguen lana agertzen jaku: Natan edo Paulo edo Jesus… Honeek egoera edo jazoera baten barri emon daikigue; geure erratua edo pekatua agertu daikigue… Eta geuri dagokigu entzutea, onartzea, damutzea eta parkamena onartzea. Honek bai askatzen gaitula gure akats edo pekatutik. Baina ez da erreza…, gure inguruan besterik eroaten dalako, eta beste horretan heziak edo ikasiak izan garalako.

Zer behar dogu guztiok gura izango geuken hau geuganatzeko? Zer behar dogu ni eta nire ingurua egiazaleagoak, besteak errespetatzekoak, entzuten dakigunak eta geure erratuak eta pekatuak autortzen jakitekoak izateko?

Ebanjelioan, bere burua zintzotzat eukiz pekataria gaitzesten dauan farisearrari Jesusek autortzen edo jakinazoten deutsona dogu bidea: «Gitxi parkatu jakonak maitasun gitxi agertzen dau».

Maitasuna hainbeste eratara aitatzen, abesten eta goraltzen dan gure gizartean eta aldiotan norbere hutsak (pekatuak) estaldu edo inori leporatzen deutsoguzan inguruan, parkamenaren beharrik sumatzen ez danean, ze maitasun agertzen dogu?

Gure gizarte hau —eta beratan gutariko bakotxa eta danok— maitasun egarri gara. Eta gure maitasuna, asko parkatu jakula ez sumatzeak eragozten deusku: ez dakigu maitatzen parkamenaren edo parkatuak izatearen esperientziarik ez daukagulako.

Ez daigun uste izan ebanjelioko farisearraren antzera: maitasuna geure lorpena dala, hori maitasuna zikintzea litzateke-eta. Maite gaitu Jainkoak, baina guk ezer onik edo ezer handirik egin aurretik: maite gura gaitulako, seme-alaba gaitulako; doakoa da Jainkoaren guganako maitasuna. Guri dagokiguna haretaz atsegin hartzea eta eskertzea litzateke.

Horixe da ebanjelioan agertzen dan emakume ustezko pekatariak erakusten dauana. Eta bere burua pekatutik askatuta ikusten dau eta Jesusen oniritziaz beteta. Atara daiguzan ondorioak.

 

 

OTOITZA

 

Goretsia zu, Jainko, doakoa zaralako.

Maite gaituzu, eta seme-alaba lez esaten deuskuzu.

Aurkezten deuskuzuz gure akatsak eta pekatuak

baina ez gu hondatzeko, euretatik askatzeko baino.

 

Erantzun deizugula, Jauna,

esker onez eta maitasunez.

 

Ez diogula inori leporatu gure pekatuen errua.

Hareen barri emon deigunari entzun deiogula

eta esker onez eta damuz erantzun,

beharrezko doguz-eta autorleak, eta doakotasunaren

eta parkamenaren eta maitasunaren esperientzia.

 

Biztu gure barruan, Jauna,

bihozbarritzearen egarri bizia.