URTE BARRI
Mariaren amatasuna, Bakearen aldeko Otoitz Egun
HITZALDIA
Urte Barri on, senideok.
Hauxe da alkarri opa deutsaguna, askoren ustez hutsa edo guzurrezkoa ere izan arren. Guk ez geuke gura, alkarri eta barru onez, opa deutsaguna esaldi hutsa izan daitenik, esan behar dala-ta esaten dogun zeozer. Ez, senideok; barru-barrutik eta zintzotasunez opa deutsuet Urte Barri on bat.
Gaurko Liturgiak emoten deusku, urtea ona izan daiten, eginbeharreko ibilbidea. Lehenengo ta behin, erregalu lez hartzea: Jainkoaren oparia dogu urte barrian sartzea; eta haren aldetik onespena eta bakea jatorkuz. Liturgiak, onespen eta bake hau Mariaren amatasunean ezarten deuskuz. Badirudi amak baino ez dakiala Jainkoa onesten eta harengandiko bakea zabaltzen. Jo daigun, ba, Mariaren amatasunera, haren seme-alaba apal lez geuk ere onespena zabaldu daigun eta bakea landu.
Larregi madarikatzen da gure inguruotan, eta burruka larregi darabilgu, eta gogorkeria nahinon gure hartu-emonetan. Gure eritxia hil-edo-bizikoa balitz lez agertzen gara, eta bestearenaren gainetik ez badago porrot egin dogula uste izaten dogu. Ikasiko ete dogu norbere eritxia edo guraria bestearenaren ondoan ikusten eta ez alkarren aurkakoak balira lez?
Israel herrian jai handien bezperan abade nagusiari eta etxeko jaunari egokien bedeinkapena, onespena, gogoratu deusku gaurko liturgiak. Hona hemen, handi eta jaun izan gura badogu ze eginkizun daukagun: hurkoa onetsi, inoiz ez gaitzetsi edo madarikatu. Eta hortxe aurkituko dogu bakerako bidea, hain hur-hurreko ikusten dogun, baina eskuratzea hain gatx egiten jakun bakea. Eskatu daigun Bakea; landu daigun Bakea; opa deiogun alkarri Bakea…
Gu zer garan jakin behar dogu horretarako: Jainkoaren seme-alaba gara, eta haren antzeko izatea dagokigu. Zer behar ete dogu horretarako? Ba, behar bada, artzainek Belengo Estalpean erakusten daben apaltasuna eta leuntasuna…
Aingeruaren esaneko egiten dira eta Belengo Misteriora hurreratzen, eta ziurtatzen dabe esandakoaren egitasuna. Bai, senideok: Jainkoa ez da urruneko, geure ondo-ondoko baino; eta ez dogu menperatzaile edo ezabatzailea, laguna eta bake emoilea baino. Hori adierazoteko, umetxo lez agertzen jaku…, baina geuk emon behar deutsagu izena; geuk onartzen ez badogu, ezin izango dau guregan onespenak eta bakezaletasunak iraun.
Eta orduan dana dala guzurrra esango ete dogu? Ez ete litzateke hobe geure itxikeria autortzea? Gure inguruan eta geure barruan ere ikusten doguzan arazo guztien aurrean, ba, jarri gaitezan Jainkoaren seme-alaben jauntasunean: alkarren ondoan egon gaitezan krisiari aurpegi emoteko, kanpotik gure artera jatorkunari besoak zabalik harrera on egiteko, eta danon artean bake bideak urratzeko. Eta Jainkoak onetsi gaizala, Nazareteko Mariaren amatasunean.