GABON OSTEKO 2. DOMEKEA
HITZALDIA
Senideok: begira zer eskatzen eban bere otoitzetan Paulo apostoluak berak sortutako sinistunen taldekideentzat: «Jesu Kristo gure Jaunaren Jainkoak, aintzaren Aitak, emon deizuezala Espirituaren jakituria eta goi-argia…».
Zertarako behar ete doguzan guk Espirituaren jakituria eta goi-argia pentsatzen hasi nazanean, zera bururatu jat: orain arte esaneko izan gaitezala eskatzen izan jakula Eleizan, baegoalako gugaitik nork pentsatuko eban, eta baita non aurkitu beharrezko erantzunak ere: Doktrinan, Lege Kanonikoan; honeexek ziran bizitza ubidea egiten euskuenak (eta gehienentzat, behar bada, holantxe da oraindino).
Baina gauzak aldatzen doaz. Vatikanoko II. Kontziliotik hona hainbat aldatu da (gura izan dau aldatu, behintzat) gure eliztartasuna eta sinismen ikuspegia. Aspalditik itzi dogu ez-ikasiak eta arduragabeak izatea. Gure Eleizeak arduratsu gura gaitu eta ikasiak. Ez dauka beste inork gugaitik hausnartu beharrik. Geuk hartu behar dogu horren ardurea. Zelan? Hortxe dator Pauloren eskaria: Espirituaren jakituriaz eta haren goi-argitan.
Badirudi norberak erantzukizunez erantzutea baino erosoagoa dala esaneko izatea. Horrexegaitik, behar bada, bazter guztietan agertzen dira burrukak lehengotan jarraitzea gura dabenen eta euren ardurak hartzea bilatzen dabenen artean.
Bai, senideok. Heldutasunez jokatzeak bere arriskuak eta ondoezak dakarz. Erosoagoa da esaneko izatea, hausnartu beharrik ez eukitea, besteak ez dakila agintzen, edo ez dauala ondo pentsatzen, edo agintzen dauana berak ere ez dauala beteten eta ez daukala horretarako aginpiderik, edo… aurpegiratzea. Ardurak hartzea, alderantziz, neketsua da, eta ezin jakoz inori aurpegiratu norbere akatsak, hutsak, erratuak, ezinak eta makalkeriak.
Honen aurrean, ba, senideok, aukera bat egin behar dogu: nahi dogu, Apostoluaren eskariaren arabera, Legepetik urten eta askatasun bideetan jardun? Holan bada, gure akatsak inori aurpegiratzea alde batera laga eta, Espirituaren argipean, esku hartzen hasi behar dogu, bai eleizgintzan, bai herrigintzan eta baita geuri dagokiguzan beste arlo askoren bultzaketan ere. Neketsuagoa da, baina baita Jainkoaren seme-alaba askatuenagoa ere. Holan gauzatu geike ebanjelioan entzuna: «Legea Moisesen bidez emon zan; grazia eta egia, barriz, Jesu Kristoren bidez etorri dira». Legeak menpeko egiten gaitu; graziak eta egiak, barriz, askatuak (libreak). Askatasunak bere salneurria dauka; garesti ordaindu behar da; baina askeak gura gaitu Jainkoak.
Aukera hau egiteak, senideok, gure Eleizearen eta sinismenaren eta gure izakerearen ardurea hartzera garoaz. Badakizue honek zer esan gura dauan? Eleizea, eleiz-agintariak, abadeak edo kritikatzen doguzan beste nor edo gauza asko kritikatzea alde batera laga behar dogula, eta guzti horren ardurea hartzen hasi, edo hartu dogun ardurea garatzen jardun behar dogula… Neketsua, ezta? Gure egoera erosotik urten beharra eskatzen deusku, ezta? Ez dakiguzan gauza asko eta asko egitea eskatzen deusku, ezta? Bildur gaiakoz, ezta?
Ba, ez izan bildurrik. Espiritua prest dogu bere jakituria eta argitasuna emoteko. Jo daigun alkarteko otoitzera, ebanjelioaren irakurketara, sinismena ospatzera, Jesukristorekin topo egitera, Jainkoaren esperientzia dastatzera eta partekatzera, eta berak jardungo dau gure bitartez. Ez ete dogu hauxe berau ikusi eta ospatu Mariagan? Espirituaren esku jarri zan, eta Salbatzailea erditu eutson munduari. Jarraitu daiguzan geuk ere bere urratsak.