Nazareteko Familia Santua

GABON ALDIKO 1. DOMEKEA

Nazareteko Familia Santua

HITZALDIA

 

Senideok: Nazareteko Familia Santuaren aurrean jarten gaitu gaurko Liturgiak, gaur eta hemen bizi garanontzat esanguratsu balitz lez. Eta zer esannahi aurkitu geike Familia horretan? Itxura baten, eredu litzateken familia baten aurrean gagozela esan geike. Baina zertan litzateke eredu gaur egungo familientzat Nazareteko Familia Santua?

Badakigu ze egoeratan dagozan gaurko familiak gure inguruan, euretariko askotan familia izena bera ere ea emon ete leien uste dogunean? Zeri deritxogu familia? Etxe baten bakarrik gelditu dan alargun bat (gizonezkoa nahiz andrazkoa izan) familia ete da? Alkar maite dabelako, alkartu diran andrazko bi edo gizonezko bi familia ete dira? Seme-alabarik bako bikote ezkondu edo ezkondubakoak familia osotzen ete dau? Seme-alabak behar ete dira familia izateko? Aurretiaz izandako familia itzita, beste familia bat eratu daben gurasoei familiako guraso deitu ete leie? Eta beste zenbat egoera ezbardin egon daitekezan gure artean, senideok.

Nahikoa ete litxakigu adimena alboratu, arazo askotxo dirala-ta, danen alde otoitz egiteaz, Jainkoak danei lagundu deiela bizikidetza on bat eroaten eskatuz? Horretan geratuko bagina, zertan litxakigu eredu Nazareteko Familia Santua?

Aitatu baino egin ez dogun familia era aniztasunak beste zeozer eskatzen deuskula uste dot. Lehengo aldietako eredu bakarreko gizartetik urten eta eredu anitzeko gizartera sartu gara, eta gure sinismena, kristautasuna eta eleiztartasuna hortxe ikasi behar dogu bizi izaten. Horren eredu lirateke ebanjelioko Simeon eta Ana; euren aukereak erantzuna izan eban: gurasoak legeak agindutakoa betetera datoz jauretxera, eta dakarren umeagan aurkitzen dabe Jainkoaren erantzuna; itxaroten egozanen ezaugarri jarten deuskuz ebanjelioak Simeon eta Ana.

Gu lasai bizi izan gara eratutako gizarte baten. Baina apurtu da gure lasaitasuna, zeri oratu ez dakigula, hainbeste eta hainbeste aukeraren artean.

Lehenengo irakurgaiak aurkeztu deuskun gurasoenganako lotsazko familia lez eratu gura dogu gurea? Maitasunak familia-kideak alkarren menpe jarten dauzan familia gura dogu, otoitzean eta Jainkoagazko esker oneko hartu-emonetan oinarritua? Ala beste era bateko familia bat osotu gura dogu?

Nazareteko Familiak, inor ezertara behartu barik, Legea betetean bilatzen dau Jainkoaren gogoko izatea. Zein litzateke zure aukerea? Orain arte erreza izan bada (besterik ez egoalako), gaur egun ondo hausnartu behar izango geuke zelan nahi dogun bizi izan: bakarrean dala, seme-alabak sortuz edo oraindino guztiz onartua ez dan maitasun bikotean… Guretzat Jainkoaren gogoko izatea litzateke aukerea, eta horretan dogu eredu Nazareteko Familia Santua.

Bera gogoan izan gaitezela bizitza aukerea egiteko gauza; eta izan gaitezala besteen aukerak errespetatzekoak eta geureak eredu jartekoak.

 

 

HITZALDIA

 

Nazareteko Familia Santuak, senideok, ezinbestean jarten gaitu hain eztabaidatua dogun gaur egungo familiaren aurrean, geure familien aurrean. Krisia baino berba ugariagorik ez da entzuten gure inguruan. Familia krisian dago, gure gizartea, gure kulturea eta gure inguru osoa krisian dagozan lez. Krisian dagoz baloreak, morala, fedea, hartu-emonak, ekonomia… zer ez dago, ba, krisian? Dana. Eta txarra da hori?

Horren ondoan, beste berba bat ere badarabilgu, ugari erabili ere: aniztasuna, dibertsitatea… danok bardinak ez garala eta ez daukagula izan beharrik ere onartzea. Eta, ondorioz, ez daukagula danok bardin uste izan beharra, edo bardin jokatu beharra, edo bardin sinistu beharra…, eta abar. Mundu honetan, eskari lez, errespetua eskatzen da. Hau da: ezbardina errespetatu daigula.

Aniztasun honek eta bere aldeko errespetua eskatze horrek, senideok, gure inguruaganako beste ikuspegi bat emon deusku. Ez dago aurretikoen eskemak eta jokerak eta izakerea errepikatu beharrik; bilatu geike bakotxak berea zein litzateken; eta gizarteak leku egin behar izango leuskio bakotxaren aukereari eta bere nortasuna eraikitzeko ereari.

Teoriaz errez onartzen dogun hau ez da hain erreza bizitzaratzea. Gatazkak (konfliktoak) sortzen dira, orain artekoek aginduak betetea bilatzen ebelako; oraingoek agindurik onartzen ez dabelako. Hondo-hondoan zera ikusten da: ez gengozala prestatuak aldi barriei erantzun ahal izateko, eta ikasi beharra, eta, ikasia, alkarbanatu beharra daukagula.

Oraindino eleiz-irakaskintza batzuetan nabarmen agertzen da lehengo ikusmoldeetatik eratu nahi dala gaurko bizikerea; eta eleizan bertan ikusten dira beste era bateko jokabide eta pentsamoldeak ere. Honek ez gaitu eroan behar danak bat ez badatoz nik neuk nahi dodana egin daiket esatera eta halan jokatzera. Bestetara baino: begiratzera eta arduratsu epaitzera.

Nazareteko Familia hortxe daukagu; begiratu deiogun. Zer ikusten dogu? Gogoan izan nahi-ta-ez baldintzapetuko gaituela geure jarrerek eta ikusmoldeek. Otoitzean, argia eskatu, ba. Gaingiro baten, Nazareten gizonezko bat (Jose) eta andrazko bat (Maria) ikusten doguz, eta bien arteko semea dan jaiobarria (Jesus). Baina, halan ete da? Sakonagora begira, sinismenetiko hausnarketa bat egin ondoren…, ume harengan Jainkoa bera aurkitu gura dogu; emakume harengan Jainkoari BAI erantzuten deutson (hau da: Jainkoaren esanetara dagoan) emakumea; eta gizon harengan Jainkoaren egitasmoa onartzen dakian eta familiari loturea emongo deutson gizona.

Baina familia honetan apurketa handiak gertatu dira eta gertatuko; arazo handiak bizi izan dabez, eta bizi izango dabez; baina zer edo ha azpimarratzekotan, hauxe esan geike: danak dagoz Jainkoaren esanetara; honexek alkartzen dauz euren ezbardintasunean.

Senideok, ba: alkartasuna dagoan lekuan Jainkoaren atzamarra edo presentzia ikusten eta autortzen ahalegindu gaitezan; eta, Jainkoaren presentzia gauzatu gura badogu, ahalegindu gaitezan alkartasuna lantzen eta eraikitzen. Hainbeste gora-behera eta ezbardintasun eta aniztasunen aurrean, bilatu daigun, otoitzera abiatuz, besteengan Jainkoaren presentzia zelan gauzatzen dan bilatzen, eta hari norberaren izakeratik eta aukeretatik erantzuten, besteenganako errespetuz eta begiramenez.

 

 

HITZALDIA /C

 

Senideok: gaurko liturgiak Familia Santuaren aurrean jarten gaitu Gabonetako giro aparta dogun honetan, eta Nazareteko familia hori emon gura deusku gure familien eredu. Gizaldietan zehar izan da holan; eta gaur ere holantxe izan daitekela uste izan geike. Baina, ba ete da holan?

Ez dira falta Nazareteko Familiaren irudi idealizatua eta interesatua emoten izan jakula dinoenen ahotsak. Ez dira gitxi gaurko familiak lehengoagaz ez daukala zer ikusirik dinoenak; edo, hobeto esanda, gaur egun ezin daitekela familia irudi bakar bat proposatu edo idealizatu, hainbat famili-era edo irudi agertzen jakuzalako.

Gure artean ez dira gitxi holangoak-eta entzuteak gaizpidera daroazanak (eskandalizatzen diranak), betiko gauzek beti iraun behar dabela uste dabenak, eta eurenetik urtengo ez dabenak, eta Nazareteko Familiaren irudi interesatua idealizatuko dabenak…

Baina hona hemen galderea: bilatzen ete dogu holan Jainkoaren nahia eta haren berbea gardentasunez entzutea eta hari zintzotasunez erantzutea?

Frantzisko Aita santuak Familiaren inguruko Sinodo bat deitu eta egin barri dau. Eta ez dau jokatu orain arte jokatu izan dan lez. Oraingoan herri xumeari eskatu deutso bere iritzia, bere bizitzako praktikea, bere arazoen barri eta akatsak eta kezkak azaldu deiozala, askatasunez eta bildur barik…

Harritzekoa! Hau beste gauza bat da! Hau ezjakina autortzea da, edo galdera guztien erantzuna ez daukala, behintzat. Zer aldatu da: Jainkoa?, Nazareteko Familia?, gure Fedea?... ala Jainkoari era pertsonalago baten erantzun behar deutsagula uste izatea? Orain arte, behar bada, danok batera erantzun deutsagula uste izan geikean; eta orain bakotxak bere zintzotasun eta sendotasunetik erantzun gura izatearen aurrean jarten gara. Eta zein makal aurkitzen gaituan aukeraketa honek! Askok eta askok lehengo erea izango dau nahiago… Eta hementxe dago arazoa.

Nazareteko Familia Santuaren deiari gaur egungo zintzotasunez erantzun gura badeutsagu, geure makaltasuna eta ohikeria autortzetik hasi behar izango geuke. Egin dau Aita santuak. Zabaldu egin behar izango geukez begiak eta baita bihotz errukitsua ere, gaur emoten diran familia ereduak ezagutzeko eta, euren zintzotasunean behintzat, aintzat hartzeko… Egin dau Aita santuak. Eta uholde horretan, bakotxak egin gura dogun familia eredua aurkitu eta jarraitzeko adore izan.

Aukera horretatixik begiratu geikeo apaltasunez eta baita itxaropenez ere eredutzat emoten jakun Nazareteko Familia santuari. Han, bakotxak bere eginkizuna dauka, eta danena Jainkoaren gogoa bilatzea eta betetea da: eten bakoa da haren altzoan Jainkoaren presentzia. Badinosku honek ezer?