Pazkoaldia: PENTEKOSTE

PENTEKOSTE IGANDEA /C

HOMILIA

Senideok: Pentekoste domekea Jesus aintzatuaren erregaloa hartzeko domekea dogu. Ez dogu esan gura Jainkoak bere Semearen Espiritua emoten deuskula huts-hutsean, Espiritu horri harrera on egiten deutsagula baino. Eta harrera on egiten deutsagu, gure bizitzarako, gure lanerako, gure atsedenerako eta arnasa hartzeko behar-beharrezko dogulako.

Badakigu, senideok, Jainkoagazko hartu-emonak alde batera izten doguzanean, geure makalkerien morroi bihurtzen garana. Espirituaren eraginez ez bada, ezin geintekez Jainkoaren seme-alaba lez agertu. Munduak bere atzaparretan hartzen gaitu eta haren bihurrikerietan galtzen gara eta galtzen dogu alkar.

Espirituaren eraginetara, barriz, erreinuko lanetan jardungo dogu. Ez uste izan erreinuko lanetan jardutea egun guztian eleizatik urten barik egotea danik. Jainko Semeak zeruak urratu, handik urten eta geure artean hasi eban bide bat. Bide horrexi jarraitzea da, senideok, erreinuko lanetan jardutea. Eta hori ezin daiteke Espirituaren bultzadaz baino egin.

Une honetan, Jesusen bideari jarraitzeak zehaztasun argi bat dauka gure artean: herrigintzan daukagun eginbeharraz betetea. Bai, senideok: politikan, herrigintzan, Jainkoaren seme-alaba lez jokatu behar dogu, Jesusen urratsei jarraituz, Espirituaren eraginez. Gure kristau kontzientziak eroaten gaitu, ba, herrigintza horretan, lehenengo ta behin, besteak ere, guk lez uste ez dabenak ere, senide lez hartzera, hareik ere errespetatzera, eta harei gure aukerea erakustera; botoa emonez egiten da hori, alkarrena errespetatuz eta gehiengoa aintzat hartuz.

Jainkoak, senideok —ikusi dogu eta ospatu Pazko aldi guzti honetan zehar, eta gaur ere gogoratu dogu— bakezko gizartea gura dau bere seme-alabentzat; eta bakea lortzeko bide lez parkamena erakutsi deusku.

Badakigu zein gatx egiten jakun, senideok, alkar aintzat hartzea, alkarri harrera on egitea, alkarri parkatzea eta alkar maitatzea. Gatxa da, senideok. Horregaitik emoten deusku Jainkoak bere Espirituaren garra eta adorea. Ez deiogun uko egin Jainkoaren erregalu horri, geure indarrez eta ustez nahikoa dogula uste izanik.

Gogotsu eskatu deiogun maite gaituan Jainko Aita/Amari, bere Espirituaren taupadetan, eta Jesusek urratutako bideetan zehar, jarraitu daigula mundu honen eta gure gizarte honen eraikuntzan.