Hirutasun Guztiz Santua

HIRUTASUN GUZTIZ SANTUA  /C

HITZALDIA

Senideok: hauxe zoria gurea! Jainkoaren hirutasuna ospatzen dogu, autortzen eta gurtzen gure Salbatzaile eta Maisu dogun Jesus Jaunari esker. Bera autortzen dogu Espirituak erabilana; bera autortzen dogu Aitaren bardina; eta berak sortuazoten dau gugan Jainkoaganako uste ona (edo konfiantzea), Jainkoari AITA deitzerainoko uste ona eta hurtasuna.

Bizi izan eban Jesusek Jainkoaren hurtasun hori, harenganako uste on hori, eta ez eban besterik behar izan zoriontsu izateko, eta besteak ere zoriontzeko. Beragan sumatzen eban Jainkoaren maitasunak eroian, Espirituaren indarrez, gaisoak osatzera, pekatariei parkamena eta Jainkoaren eurenganako errukia iragartera, eta ahaltsuak eta zapaltzaileak salatzera…

Ez gaitezan, ba, bildurrean edo sasi lotsarietan galdu. Edo ezertarako ez diran berba jariotan azaldu gura misterioa. Begitu deiogun Jesusi eta ikasi daigun beragandik. Harek ez eban beretzat gordeten Jainkoa, berari lagundu eion eta besteak birrindu eizan. Jainkoaren nahia bilatzen eban eta haren esanetara jarten zan bere egunerokoan. Eta horren ondorio lez etozan bere pobretasuna, beste ezer ez behar izatea, pobreak aintzat hartzea, eta danei Jainkoaganako konfiantzara dei egitea.

Jesusen Jainkoagana hurreratzen bagara, haren Espirituak lantzen bagaitu, pobretasuna besarkatu ahal izango dogu, ez gara inoren eta ezeren bildur izango, eta behartsuekaz alkartasuna erakutsiko dogu, eta besteei eta izadiari begirune (errespetua) izango deutsegu.

Jainkoagan sinistea, ba, senideok, ez da umekeria; ez da bardin edo ezaren hurrena Jainkoa hirutasunean gurtzea, Jainkoagan autortzen eta gurtzen dogun alkartasuna, maitasuna, batasuna… geugan isuria dala esan gura dogu, eta horrexek garoaz bestea aintzat hartzera, haregaz alkartzera eta haren beharrizanak norbere beharrizan bihurtzera.

Ez da hau horraitino gure artean ikusten doguna, ezta? Gure artean norkeria, zatiketak, zapalkuntzak eta beste keria asko ikusten doguz, ezta? Ez ete da hirutasunaren misterioan, Jainkoaren konfiantzan sartu ez garalako?

Salatu geikez gure inguruko gehiegikeriak, zapalkuntzak eta bidegabekeriak, baina geure barrura begitu, hango hutsa ikusi, eta jainkotasunaz beteten ez badogu gure barru hori, ez doguz gauzak aldatuko, eta geure tximurrak ere aurpegiratuko deuskuez.

Erantzun deiogun gogo onez Jesusen eskeintzari; sumatu daigun kontenplazinoan dagozan guztien otoitzaren indarra; eta besarkatu daigun Jesusen pobrezia, gure ingurua Jainkoaren aberastasunaz beteteko.

 

 

 

OTOITZA

 

Bakarra dan Jainkoagan
hiru pertsona autortzen doguz
eta ez geure burutapen edo asmakeriaz
Jesusek, bere Espiritua isuriz,
Jainkoari Aita deitzen irakatsi deuskulako baino.

Horrela, alkartasuna, batasuna eta maitasuna
autortzen doguz Jainkoarenean:
Maitasuna dan Espirituagan
maite dauala Aitak maitatua dan Semea.

Emoiguzu Jauna, misterio horretan sartzeko grazia
eta, zure osotasuna gurtuz,
landu daiguzala gure artean, Espirituaren indarrez,
alkartasuna, maitasuna eta alkar zerbitzea.