PENTEKOSTE DOMEKEA /B
HITZALDIA
Senideok: Pentekoste Pazko-domekatik 50 egunera ospatzen dan eguna dogu. Judeguek ere ospatzen eben, Sinai mendiko jazoerea gogoratzeko. Guk Jesus Jaunaren erregalu dogun Espiritua geuretzeko. Geure txikitasunak eta mugatuak izateak eragozten deusku misterio honetan buru-belarri sartzea; gauza bakarra dana, zatika eta alkarrengandik bereiztuta hartu beharra.
Gaur iragarri dan ebanjelio zatia Pazko-egunean iragarri zan berbera da. Pentekoste, ba, Pazko-egunean ezarri behar da, gauza bera eta bakarra balitz lez. Hau da: Jesus Jaunak erreinuaren iragartean bizitza osoa emon ondoren, bere ikasleen esku izten dau eginkizun horren garapena, eta berak lez, eginkizun hori Espirituaren esanetan garatu daiela gura dau. Hori dala-ta, Espirituaren babespean izten dauz ikasleak. Jesus Jaunaren heriotzea, aintzaltzea eta Espirituaren etorrerea, ba, dana litzateke gauza bakarra bera.
Bere bizitzaldian zehar —ikasleak gero konturatu baziran ere— Jesusek Espirituaren bolaratan jarduten eban. Eta ikasleek horixe ikasi behar eben haren inguruan. Eta geuk ere horixe ikasi behar izango geuke sinismenean: Jesus lez, geu ere Espirituak biziazoten gaituan gizon-emakume garala. Jainkoaren Espirituak dihardu, ba, gugan. Horixe adierazoten dau Jesusek zera dinonean: "Hartu eizue Espiritu Santua", ikasleen gainera arnasa eginaz.
Baina zer jazoten da? Ikasleak gero konturatu ziran lez, gu ez garala konturatzen, eta Espirituari deika, eta Espiritua eskatzen ekiten deutsagula, Espirituaren eraginez bizi garala (hau da: Espiritua geugan dala) konturatu barik… Dana daukagunok, zeozeren beharra bagendu lez jokatzen dogu; eta badaukaguna eskatzen dihardugu.
Ez, senideok. Jainkoak ezin deusku emon emonda daukaskuna. Geu gara gogoa zabaldu behar dogunak, gugan ezarritako dohaiak ezagutzeko eta hareen arabera jarduteko.
Hauxe da Jesusek egin ebana. Hauxe da ebanjelioak Jesusen ikasleak gizaki barri lez, ausartak eta adoretsuak aurkezten deuskuzanean, esaten deuskuna: Espirituagaz bat egiten dana, haren bolaratan doana, gizaki barri da; eta ha dan maitasuna zabalduko dau bere inguruan.
Espiritu horrek alkarte egitera garoaz, batasunean bizi izatera, alkar maitatzera eta bizia alkarren alde emotera. Geuretu beharra baino ez daukagu.
(Edo…)
Senideok: Jesus Jaunak ez gaitu umezurtz itzi Aitaganatzean: bere Espiritua emon deusku eta eginkizun bat. Uste ona dau gugan (fidatzen da gutaz). Ba, ez deiogun huts egin; erantzun deiogun esker onez, gure esku jarri dauan eginkizuna ezagutuz, bere Espirituaren sua eta adorea sumatuz…
Pazkoaldia zelan hasi gendun halantxe amaitzen dogu: Joanen ebanjelio txatalagaz: Bakea zuei… Hartu Espiritu Santua. Zuek parkatzen dozuezan pekatuak parkatuta geldituko dira…
Jesusek ez dau kontuan hartzen bera bakarrik itzi eta ihes egin eutsoena, ez eta handiguratan ibili izatea, ez eta oraindino gauza asko eta asko ez ulertzea… Bere maitasunetik egiten deutse mandatua, uste ona jarriz eurengan. Euren kabuz ez dira ezertarako izango; baina beragan jarraitzen badabe, Espirituaren indarrean, beragandik ikasitako guztia gauzatzen jardungo dabe.
Hona lehenengo eginkizun handia, lehenengo irakurgaian azaldu jakuna: pekatuak banatu egiten gaitu, alkarren aurka jarten gaitu, eta zatiketak sortuazoten ditu… Espirituak, barriz, alkartu eta Jainkoa goraltzen jarten gaitu: bat da nagusia, beste guztiok parekoak gara eta alkarren zerbitzari. Zerbitzu horretan lehenengo lez jarten deusku alkarri parkatzea. Zelango lana dauan Jesusen Espirituak gutariko bakotxagan gure akats eta erruei ez-ikusia egiten deutsegu-ta, parkamen eskatzea, txikiagotu egiten gaitulako-edo, gatx egiten jaku-ta; parkatzea, ordainik hartu barik, ezinezko egiten jaku-ta…
Ez ete dogu ezertarako Jesusengan sinistea, haren Espiritua hartzea, harek gugan uste ona dauala eta maite-maite gaitula jakitea… ez ete dogu ezertarako? Zer behar ete dogu gure barruan daukaguzan ontasunak jokoan jarteko eta besteengandiko onurak onartzeko eta alkarri akatsak parkatzeko?
Jesusek bere ikasleak alkarregaz gura izan ebazan, alkarren zerbitzari… munduaren aurrean ezaugarri izan eitezan, alkarregaz, alkarren zerbitzari eta alkar maitatzen bizi izan behar eben. Eta zein gatx egiten jakun bizikidetza, alkarregaz bizi izatea! Zenbat tira-bira, zenbat aurpegiratze, zenbat ardurabakokeria, zenbat norkeria…
Euki behar dau hor lanik Espiritu Santuak; eragin izugarria, lurrikarea langoa, emon behar deusku, eta atara behar gaitu gure ezkutu-tokietatik, lasai eta eroso jarreratik… alkarren arazoez eta beharrizanez arduratzeko.
Hasi gara parrokietako zeregin eta zerbitzu batzuk alkarren ardurapean jarten, eta eginbehar batzuk-eta bateratzen… Baina zein gatx egiten jakun lehengo eleiz-iruditik urten eta bide barriak entsaiatzea…
Gure eleiz alkarteak abadeari begira eta haren pentzura dagoz… eta negarrez dihardue abaderik ez dagoalako, leku guztietara heltzen ez diralako, laguntzaileak behar dabezelako eta honeik gero eta zaharragoak diralako… lasterko gara! uste dabe.
Ez ete gaitu bultzatuko Jesusen Espirituak gure eleiz alkarteetan Jesus Jauna jarten erdian, bere inguruan alkartzen diranei bakea zuekin esaten eta parkatzera bialtzen, bere Espirituaren indarrean?
Holangorik ez dogu ezagutu. Bai, ostera, mezea entzutea eta onak izaten ahalegintzea… Baina ezin geintekez horretan gelditu. Era barriak aurkitu behar doguz: alkartzeko, Jesusen hitzaz eta haren ogiz janaritzeko, Jainkoa goraltzeko, eta haren guganako maitasunaren autorle (testigu) izateko ingurutxo honetan. Bilatu daiguzan erak, mezatxoa entzutetik harutzago!
(Edo… )
Senideok: Eleizearen jaioteguna ospatzen dihardugu. Esan geike gaurko egunez jaioten dala Eleizea. Jesus berbiztuaren erregalua, Espiritua, ikasleen gainean jarten da eta honeik, euren bildurretatik, ezjakinetik eta txikikerietatik atara eta Jesus Jaunaren autorle bihurtzen ditu harek.
Gaur amaitzen edo burutzen dogun Pazkoaldi guztian zehar egon gara ikusten Jesusen ikasleek zelan zabaldu eben harengan ikusia, harengandik ikasia eta harek agindua. Gaur beste hauxe iragarten eta ospatzen dogu: Guzti hori Espirituari esker egin ahal izan ebela. Baeuken agindurik, baeuken zeregink, baina bildurrak hartuta egozan, indarge aurkitzen ziran eta ezjakinean, eta Jesus Jaunaren Espirituak ataraten dauz egoera horretatik eta egiten dauz haren autorle sutsu.
Gure egunotan, senideok, ez daukagu irudi oneko Eleizarik, ez eta ez gara eleiz alkarte adoretsu, alai eta autorle. Autortu daigun: borondate oneko izan arren eta on egin gurea dogun arren, inguruak iruntsita bizi garala eta ebanjelio gauzetan autorle izatean eta beste gauza askotan ezjakinak garala. Badau lanik gugan Espirituak, Berbiztuaren autorle egin gura bagaitu.
Eskertu deiogun, behintzat, garanak garala, eta garan langoak garala, gugan uste on izan eta bere eginkizuna geure esku jartea. Eskertu deiogun, behintzat. Eta eskertzeko erea eginkizun hori (Barri Onaren zabalkundea) gaur eta hemen zelan egin geiken aztertzea izan daitela, eta horretarako behar dogun argitasuna eta adorea eskatzea.
Gero eta gitxiago gara; gero eta zaharragoak gara; gero eta indargeagoak gara, makalagoak; baina maite dogu Eleizea, Barri Ona, sinismena eta Jainkoaren nahia egiteko guraria bere altzoan hartu doguzalako. Baina badirudi aldi barrietara egokitu beharrean gagozala, orain arteko lez jarraitzeak ez daukalako etorkizunik. Eta galdetzen dihardugu ea Espirituak zer dinoskun. Eta badirudi abadeak eta laikoak ardurakide gura gaitula, behartsuengana bihurtuak gura gaitula; ohiturazko gure dobozinoetatik Ebanjeliora atara gura gaitula; eta eleizkizunak kontsumitzetik Ebanjelioaren autorle izatera bultzatzen gaitula.
Baina ez dakigu zelan gauzatu geiken guzti hori gure bizitzan, bakotxarenean eta alkartekoan, eta alkarrenganako lotsariak, eta erratzeko bildurrak eta geure makaltasunak lotuta gaukez eta ilunpetan. Bilatu behar dogu, ba, zelan izan geintekezan Barri Onaren autorle gutariko bakotxari dagokiozan inguruetan.
Eginkizun horretara bultzatu gaizan Eleiz Alkartea eratu beharra daukagu; hori egiten ikasi beharra daukagu; eginak erratuak badira, bildur barik eta lotsa barik zuzendu beharra daukagu, eta, bai bakarrean eta baita taldeetan eta Eleiz Alkartean ere Jesus Jaunaren esanetara jartea bilatu behar dogu.
Gure inguruko beharrizanen barri izan behar dogu, ba, eta hareetan ze jarrera eta ze eskuhartze euki behar dogun aztertu behar dogu, otoitzaren eta ebanjelioaren argipean. Abadeak agintzen dauana betetea baino gehiago eskatzen jaku: ardurakidetasunean, bakotxak ere bilatzea, aurkitzen dana alkarbanantzea eta, alkar adoretuz, Jaunaren erreinua eraikitzea.
Badauka Espirituak zereginik! Ba egin deiogun dei. Jarri gaitezan bere esanetara. Hartu daigun aintzat daukagun Eleizea eta Eleiz Alkartea, eta bihurtu daigun hau pobreei eta behartsuei iragarten jaken Barri On, eurentzako poz-iturri izanez gure hurtasunaz.
OTOITZA
Zatoz, Espiritu
bizi-emoilea!
Atara gaizuz gure
ilunetatik,
ikusiazo eiguzuz aldien
ezaugarriak
eta, harei erantzuteko,
emoiguzu adorea.
Zatoz, Espiritu
bizi-emoilea!
Atara gaizuz gure
ohikerietatik,
eta eroan gaizuz haize-su
bolaratan
aintzat hartuak ez diran
senideengana.
Zatoz, Espiritu
bizi-emoilea!
gure harrizko bihotza
haragizko bihurtzera,
han bere lekua izan daian
une oro
ate-joka jatorkun edozein
Jainko seme-alabak.