HIRUTASUN SANTUAREN DOMEKEA /B
HITZALDIA
Hirutasun Santuaren Liturgia ospatzen dihardugu, senideok. Honen aurrean, hauxe da nire itauna: ardura ete deutse ezer nire aurrean dagozanei, orain niri entzuten zagozanoi, Jainkoa halangoa edo holangoa izateak? Zer ardura dau, ba, ez ete deuste (deustazue) esango?
Batek baino gehiagok esaten dau holango hausnarketa baten aurrean, Zer, ba? Aldatu egin da Jainkoa, ala?, kontuan jausi barik berak autortzen dauan Jainko hori berak bere buruan irudikatzen dauana dala; bere inguruko kultura eta alditik jasotakoa; eta ez dala gizakiak hasieratik irudikatu edo ezagutu dauana.
Merezi ete dau jakiteak zelan irudikatzen edo ezagutzen dogun gaur Jainkoa? Ba, behar bada bai, haregazko gure hartu-emonak eguneroko gure jardueran agertuko diralako, geure egintzetan.
Eta danok dakigu zenbat astakeria egin dan historian zehar Jainkoaren izenean; zenbat sarraski eta kalte eragin dauan Jainkoa holan edo halan irudikatzeak; eta zenbat onartezin justifikatu diran. Hona hori frogatzen daben esaldi batzuk: “Jainkoaren zigorra!”, edo “Jainkoak onak saritzen eta gaiztoak zigortzen dauz”…
Senideok, gaur egun, aldi baten baino gehiago dakigunez, holango Jainko giza itxurakoa gainditu beharra daukagu. Jainkoari ez deutso eragiten gure onak edo txarrak.
Jesusengandik dakigu Jainkoa Aita dogula, bera Seme lez agertuz eta bien arteko Espiritua aginduz, seme-alaba lez bizi izan gaitezan.
Horrek iragarten dauan batasunak eta alkartasunak, komuninoak, aparteko eragina izan daike sinistunaren bizikeran.
Honek bere nortasuna, besteengandik bereizten dauan zeozer lez ulertu beharrean, besteentzako aberastasun lez ulertuko dau; eta, besteen berezitasunak beretzako aberasgarri.
Bestea beharrezko ikusiko dau; eta zaindu eta maitatu egingo dau, Jainkoaren Hirutasuna eredu. Eta alkartasun egitea bultzatuko dau; familiari, eleiz alkarteari, gizarteari… aparteko begiramenez begiratuko deutse, eta guzti hori zaintzen ahaleginduko da. Ez dau inor zigortuko edo galduazoko Jainkoaren izenean; ez bere burua besteen gainetik jarriko, sinistuna, eleiztarra edo otoi-zalea dalako…
Akats askogaz bada ere —gizakiok akasdunak garalako— horren autorle dira komentuetan alkarregaz bizi diran fraide edo mojak. Alkartasunaren autorle dira; Jainkoaren beharra daukagula iragarten deuskue, otoitzari emonak bizi izanez; eta gure txikikeria eta txarkeria guztien gainetikoa dala Jainkoak deuskun maitasuna dinoskue. Horrela, Jainkoagazko uste ona (konfiantza) biztu leikee gure barruan.
Askoren ustetan alperreko bizitzak, edo zentzu bakoak dira. Eleizearentzat altxor preziatua: otoitzera bultzatu geinkeez, alkartasuna bizi izatera, Jainkoaganako uste onera… Jainkoa Nazareteko Jesusek iragarten deuskun lez ezagutzera; Jainko ahaltsu eta zigortzailea, onak saritzen eta gaiztoak zigortzen dauzana, baztertzera; maitasuna dan Jainkoaz maitemintzera…
Izan daiguzan gogoan gure otoitzean esker onez.
(EDO...)
Senideok: beti entzun izan dogu misterio handia dala Hirutasunarena: zelan izan daiteken Jainko bakar bat eta hiru pertsona. Zenbatek emongo ete eutsan autortza horri hainbat eta hainbat buelta ea ulergarri egitea lortzen eban; baina alperrik! Eta, hori dala-ta, gauza bat ulertezina egiten jakunean, misterioa dala esaten dogu; misterioa eta ulertezina parekatuz.
Baina misterioa hori baino gehiago da, handiagoa eta sakonagoa. Ez da ulertezina edo ulergatxa dala-ta bertan-behera itzi beharreko zeozer, bere sakontasunean bizi izan geiken Jainkoaren bizitza bera baino.
Hau ez eutsoen ulertu bere aldikoek, ez eta bere lagunek ere, Jesusi, Jainkoa zelan edo halan irudikatzen ebelako, baina ez Jesusek adierazoten eutsen lez. Eta Jesus misterio horretan bizi izan zan artean, besteek ez eutsoen ulertzen eta euren siniskerea edo Jainkoa irudikatzeko erea aldatu eta zapuztu gura ebalakoan, Jesus —misterioa bizi eban Jesus— heriotzara zigortuko dabe.
Geuri ere gatx egiten jaku Jesusek adierazten deuskun Jainkoa onartzea. Nahiago dogu onak saritzen eta txarrak gaitzesten dauan Jainko lez ulertzea, beti holantxe ulertu izan dala-ta. Ez ete gara konturatuko geure asmakizun bat gauzatzen dogula horrela, eta holan ez dogula ezagutuko Jesusek damoskun Aita ona, seme-alaba gaituana, maite gaituana, beti parkatzen deuskuna eta bere irudira egin gaituana?
Hori onartuko bagendu Jainkoaren misterioan sartuko ginateke; haren antzeko izatea agertuko litzateke gure bizitzan, eta errespetua, maitasuna, parkamena eta senidea aintzat hartzea lirateke gauzarik arruntenak. Baina, bai zera! Besteari —ez ezaguna bajaku, gehiago, gainera!— bildur deutsagu, eta harengandik aldentzen ahalegintzen gara, edo ha menpean hartzen… edo gitxiesten, edo —txarrenean— hilten.
Komentuetan otoitzari emonak dagozanak ditugu gogoan gaur. Eurek gauzatu daikee misterioan sartzeko euki geiken egarria. Klausurakoek, otoitzean, isiltasunean, meditazinoan, Misterioagaz bat egiten dabe, eta halantxe egiten dabe bat kanpoko behartsu guztiekaz, hareen nekeak eta atsekabeak euren neke eta atsekabe bihurtuz, eta, otoitzean, Jainkoaren aurrean jarriz.
Bizitza ederra, baina ulertezina eta, gitxiago, onargarria kanpokoentzat, klausurakoen bizitza, isiltasun eta otoitz bizitza. Baina ederra, besteak aintzat hartu eta maitatu nahi daben guztientzat.
Misterioan murgiltzen danak ez dau beretzat ezer gura, Jainkoagaz dana dauka-ta, eta, haren antzera, dana dau besteentzat; ez dau beretzat ezer eskatuko, bere burua besteen alde opari emongo baino.
Eta guk harei barre egiten deutsegun artean, geure txikikeria eta urrikeria agerian jarriz, alkar maitatzen baino gehiago alkar zapaltzen ahalegintzen gara.
Zelango aldea herrialde aberatsen eta pobreen artean! Zelango alkarren bildurrak eta alkar menpean hartzeko ahaleginak! Zelango bakotxak berea zaintzea eta besteena gaitzestea… mundu hobeago bat gura dogula dinogun bitartean.
Horretarako, ez ete da daukagun Jainko irudia aldatu behar, gaiztoak (besteak) gaitzesten dauzana eta onak (geu) saritzen dauzana? Ez ete dogu Jesusek damoskun Jainkoa onartu behar, eta, horretarako, isiltasunean eta otoitzean murgildu behar? Badakigu bidea…, baina ez daukagu astirik. Ala?
(Edo… )
Senideok: zelan irudikatzen dau gutariko bakotxak Jainkoa? Gaurko Liturgiak Jainkoa hirutasunean irudikatzen dau, eta Aita, Semea eta Espiritu santuaz egiten deusku hitz, bakotxari bere nortasuna eta eginkizuna emonez, baina bakar bat eta bera dala esanez.
Hain garrantzizko ete da, senideok, Jainkoa zelan irudikatzen dogun jakitea? Zer esanik ere ez!, irudikatzeak bakotxaren bizipenetik egiten dira-ta; eta zelan irudikatzen dogun jakiteak norbere buruaren ezaupidea emoten deusku-ta.
Batzuk ez dabe holango arazorik gura izango; ez deutse ardura euren burua ezagutzeak; inguruagaz joango dira, lasai eta eroso, eurenetik ezertxo ere ipini barik, besteei ezer aportatu barik.
Baina ez dabe holan jokatuko besteentzat zeozer izan gura dabenek, besteei zeozer aportatu gure deutseenek. Eta horreexen arteko garala uste izanik egin geike hausnarketa-otoitz hau.
Alde handia aurkitzen dogu lehenengo irakurgai biek aurkezten deuskuen Jainkoaren irudikatzean. Itun zaharrekoan (Urteera liburuan) badirudi Moises Jainkoa bera baino hobea, errukitsuagoa eta herriaren maitaleagoa dala: haren pekatuaren aurrean (Jainkoa baztertu eta sasi-jainkoetara jo dau), Moisesek Jainkoaren haserrea geldituazo gura dau, harek herria suntsitu ez eian. Holan ete da, senideok? Ba, sarri jokatzen dogu horrela: Jainkoari gutaz errukitsu jokatu daiala, gure otoitza entzun daiala, gure arazoak, pobrezia, gaixotasunak, txarkeria, esplotazinoa eta zintzoek sufritzen dabezan zuzengabekeria guztiak ezabatu daizala eskatzen deutsagunean. Holantxe izan dala beti esango dogu, behar bada; edo berak dinoskula holan egiteko ere esan geike. Baina bai? Holan da?
Paulok beste jokabide bat azaldu dau egin dogun 2. irakurgaian. Korintoko kristau senideen artean haserreak, konpon-ezinak eta zatiketak egozan. Eta Jainkoari konpondu daizala eskatu beharrean, Jainkoaren laguntzaz eta hari esker, bakotxak beretik emoteko eskatzen deutse, alkarri parkamena luzatuz, alkar besarkatuz, alkarri zerbitzu eginez, Jesu Kristok irakatsi euskun lez.
Hauxe da Jesusek ebanjelioan emoten deuskun Jainkoaren irudikapena. Harek Semea emon deutso munduari (hau da: Jainkoa munduan sartuta dago) ez hau hondatzeko edo gaitzesteko, hau salbatzeko baino. Eta salbatuko dau, bere bizia emonda.
Zintzoak izatea bilatzen badogu, ba, senideok, Hirutasun santuaren egun honetan emoten jakun Jainkoaren irudikapenaz, aztertu daigun ze irudikapen dogun: ea arazo guztiak konpontzera bialtzen dogun, ala guztietara neu bialtzen nauan Jainkoa dan nirea/gurea.
Hau da: gure otoitzean arazoak aurkezten doguzanean ez da, gero, Jainkoari dana konpondu daiala eskatzeko, gutariko bakotxa arazodunen ondoan egoten jakin daigula eskatzeko baino, eta hantxe emon daigula bizia.
Bizia emoten dogu, senideok, begiak zabalduz inguruko arazoak ikusten doguzanean; hareen eragile sarritan geu garala autortzen dogunean; zuzengabekerien aurka aldarrikatzen dogunean; ihesi dabizanei atea zabaltzen deutsegunean; gure kontsumoa murrizten dogunean, eta birziklapena bultzatzen dogunean… Orduan ez gara teoriazko Hirutasunean geratzen, haren antzera jokatuz misterioa bizitzaratzen dihardugu. Hauxe da Jesusengan sinistea; hauxe da salbamena.
OTOITZA
Nahitaezkoak doguz
haserreak
bakotxak bere erara uste
dogulako
eta ustea alkarren
zerbitzura barik
besteak azpian hartzeko
darabilgulako.
Ez da hau zugan ikusten
doguna, Jesus,
Espirituaren eraginaz,
Aitaren esanetara zagozalako
eta, horrela, bakotxa bere
izantasunetik
alkarregaz Jainko bakar
agertzen zareelako.
Ez dogu nahi besteak
menperatzeko ahalmenik,
besteak konbentzitzeko arrazoirik;
gura doguna hauxe da,
Jesus:
munduari bizia emotera
bialdu gaizuzala.