Pazkoa: 4. Domekea /B

PAZKOALDIKO 4. DOMEKEA  /B

HITZALDIA

 

Senideok: bizia dago jokoan. Argi izten deusku hau gaurko Liturgiak… Jesus berbiztua Biziaren jabe lez aurkezten deusku, eta inork ez deutsola bizia kentzen —dinosku— berak emon egiten dauala baino. Bizia emon…

Ezagutzen dogu, senideok, bizia emon egiten dauan inor? Nogaitik esango geuke "horrek bizia emon egiten dau"? Egia esan: asko dira; baina ezezagunak gehienetan eta ez-ikusiak. Bakotxa bere biziaren zaintzan jarduteak eragozten deusku eurena emon egiten daben asko eta asko ikustea.

Gure bizia emoten ahaleginduko bagina (eta ez horrenbeste ondasunak, edo Legea edo geure usteak aldezten), bizia galtzeraino, orduan bai ikusiko geukezala eurena emon egiten daben erizain, garraiolari, osagile, garbitzaile, zaharren zaintzaile, ama asko, misiolari eta beste hainbat.

Bai: danek eukiko dabe euren egoismo izpiren bat, mugatuak dira-eta; baina, eurenean behintzat, bizia emon egiten dabe besteak bizi izan daitezan.

Txarkeria eta bizia kentzea eta besteen lepotik bizi izatea gehiago ikusten doguzala? Jakina! Sarritan geure norkeriak ezkutatu gura izaten dogu besteen gehiegikeriak (gitxi badira ere) azaleratuz. Ez ete dogu, ba, Jesusengandik ikasiko?

Lehenengo irakurgaiak, Apostoluen osakuntza baten bidez, Jesus bizitz-emoile aurkeztu deusku. Eta ebanjelioan, Jesusek bere hitzez esan deusku berak ze eginkizun daukan: bizia emotea!; eta, emonez, biribiltzen dau bere bizitza. Aitagandik hartutako bizia ardien alde emoten dau, eta halantxe gelditzen da osotua bere bizia.

Bizitzara maitasunez deitu gaituan Aitak, bizitza beterako egin gaitu eta bere maitasunez inguratzen gaitu.

Zertan dihardugu merituak egin guran, edo inori bizia kentzen gureak iraun daian? Ez dogu ulertu Jesusen irakatsia: Jainkoak ez dau gure meriturik behar gu maitatzeko. Bere seme-alaba gaitulako maite gaitu.

Eta guk bizitza hori bizi izan daigun, ez dogu inorenik zapuztu behar, Jainkoagandiko maitasunari ateak zabaldu baino; holan gure bizitzaren jaun egingo gaitu, bizia besteen alde emoteraino gauzatuz. Ulertuko bagendu…

Ez daigun ahaztu: Jainkoaren seme-alaba izena daroagu, eta izana ere bai. Bilatu daigun hori geure barruan, eta berak eroan gaizala gure bizia emotera; gure usteen, ohituren, legeen eta geure izen onaren gainetik. Esan daigun egunero geure barruan: Jainkoaren seme-alaba maiteak garala.

 

(Edo…)

 

Senideok, izan bihotz! Maite gaitu Jainkoak, eta zenbateraino!: Bere Semeagan agertzen deuskun neurrian maite gaitu; bere seme-alaba lez maite gaitu, eta zaintzen. Maitasun eta zainketa horren barri hartzen dabe harengan sinisten dabenek, harengana hurreratzen diranek, haren esku jarten diranek… Non gagoz gu, senideok? Bildurrak jota gagoz?, betekeria hutsetan gagoz? Aztertu daigun.

Gure eleiz senitarteak gero eta ahulagoak dira (debilagoak); gure ingurua gero eta etsaiagoa dogula esan geike; gure artetik agertzen ez diran asko eta askori harrerea, eta ona, egin behar deutsagu, bateora, ezkontzara eta hileta elaizkizunera hurreratzen jakuz-eta. Eta aspalditxotik gagoz hausnarketetan, ea elaiztarrona elaizkizunak egitea dan, ala Barri Ona iragartea dan. Eta argi daukagu, senideok: guk Barri Ona iragarri behar dogu. Eta iragarpen horretan ezaugarriek lagundu behar deuskue: maite dogula gure ondokoa, arerioa bada ere; arduratzen garala pobreetaz, sufritzen dagozanetaz, eta gizartean lekurik aurkitzen ez dabenetaz, gizarte senidekorragoaren alde dihardugula adierazoz.

Lehenengo irakurgaiak ezaugarri honeen barri emon deusku: Jesusen ikasleek honen barri emoten dabe, Barri Ona zabaltzen dabe, eta bertara hurreratzen diranek eta ha onartzen dabenek osakuntzea eskuratzen dabe, bergizarteratzea lortzen dabe, euren duintasunean jarten dira. Gure nortasuna, ba, senideok, eta gure zoriona eta asetasuna ez dagoz mundukerietan eta beste zalekerietan, Jainkoaren maitasunari eta haren errukiari ateak irekitzean baino.

Eleiz alkarte lez daukagun zereginari begiratu behar izango geuskio, ba, senideok, aspalditik gaukazelako arduraturik. Aspalditik entzuten gagozan gauzea dogu, ez daukagula horrenbeste meza horrenbeste lekutan emoteko behar dan beste abade; eta gaur egun daukaguzan eleiz alkarteak ere ez dirala hain handiak, eta gure eleizkizunak eta eleiz-bizitza bera ere beste era batera egin behar izango geukezala: hurrekoagoak, ulergarriagoak eta behartsuekaz arduratsuagoak izaterainokoak.

Entzuten doguz holango berbak eta hitzaldiak, baina… abade faltan ea eleizkizunetan buru nork egin daiken izan da orain arteko frutua. Eleizkizunak, horraitino, beharrezkoak izango dira, gure kristau sena eta eginbeharra sustatzen badabe eta adoretzen bagaitue gure eginkizunetan; bestela, espektakulo hutsa ez ete dira?

Ebanjelioan agertzen jakun Jesusek bere artzaintza erakutsi gura deusku eta gure eredu dogu. Ez da arduratzen esparruan daukazan eta bere artaldeko diran ardietaz gehienbat; ardura handiagoa agertzen dau handik kanpo dagozanetaz: hareik ere bereak ditula dino.

Zenbat gure seme-alaba dagozan bai eleizatik edo eleizkizunetatik urrunduta, baina baita Jainkoagazko hartu-emonetatik ere, eta, behin baino sarriagotan guri, eliztarroi, harrika egiten edo gure lepotik barre egiten… Eta ezin esan geike txarrak diranik…, geure seme-alaba edo etxekoak doguz-eta!

Zelan izan geintekez eurentzako deigarri eta eredu, gure alkarmaitasunetik, eleizkizunetatik eta behartsuenganako agertzen dogun arduratik? Hau guzti hau erabili behar dogu gure hausnarketetan, gure otoitzetan eta gure egunerokoan.

Gure Eleizbarrutiak martxan jarri dau aurtengo ikasturtean galbaeketa-aldia (edo diszerbimentu aldia): hainbat taldek dihardue lanean, Eleizeak ze aurpegi erakutsi behar dauan hausnartzen, zelan Barri On izan gaitekezan bilatzen… Ebanjelioan, otoizgiroan eta Aita Santuaren gutunean murgilduta. Hareen aurkikuntzak geure aurkikuntza bihurtu behar doguz eta euren esanetara jarri, Eleiza barritu batek urten daian hemendik, danentzako esparru eta poz-emoile izan gaitezan.

Jainkoak bere Semeagan agertzen deuskun maitasun eta errukiaren Barri emoile izan behar dogu, bai banaka eta baita eleiz alkarte lez ere. Entzun daigun Artzain Onaren ahotsa eta esaneko izan gakiozan.