PAZKOALDIKO 3. DOMEKEA /B
HITZALDIA
Senideok, pazkoaldian zehar errez-errez, eta erruz, darabilgu biztuerea hitza. Baina ez uste izan sarri erabilten dogula-ta bere esangureaz jabetu garanik, edo hitz horren edukina onartzen dogunik eta geuretu dogunik… Bai zera! Jesusen ikasleei eurei gatx egin bajake —eta hori, Berbiztuagaz beragaz topo eginda…—, ez jaku guri gatx egingo? Edo burugabeak gara, edo biztuerea ulertzea eta norberetzea ez dala hain erreza autortu behar dogu. Baina ez gaitezan hor gelditu, edo, gatxa dala-ta, ez daigun ukatu; hurreratu gaitezan Liburu santuetara argitasun bila. Euretara bialtzen dauz Berbiztuak bere ikasleak, eta azaltzen deutsez, egoera barri hori, biztuerea, onartu ahal izan daien.
Lehenengo ta behin autortu behar doguna —lehenengo irakurgaiari begitu bat emonez— Jainkoa ukatzeak senidea, ondokoa, gaitzestera eta heriotzaratzea dakarrela: Jainkoa ez onartzeak, senidea bera ere baztertzera eta, enbarazu bada, ha deuseztera, paretik kentzera, hilteraino heldu daiteke. Jainkoa maitatzeak, ostera, senidea onartzen, hari on egiten eta ha maitatzen ahalegintzea dakar berez. Jainkoa maitatzea, ba, ez da norberagan gelditzen; Jainkoaganako maitasunak norberetik urtenazo eta besteenganatzea eragiten dau. Eta noraino! Besteen alde norbere bizitzea emoteraino!
Heriotzeak guztiaz amaitzen dauala uste dauanari gatx egingo jako biztuerea onartzea. Hauxe berau da Berbiztuaren ikasleei gertatu jakena: heriotzea garaitu-ezina zala uste eben, Jesus berberaren ahotik besterik entzunda euken arren. Eta ezin dabe onartu aurrean daukena kurutzean hildakoa zanik.
Ebanjelariak, hori dala-ta, zehaztasun batzuk emon gura dauz: Berbiztua ez da mamua, kurutzean hila izan dan berbera baino; baina beste era batera, berbiztua, lehengoa (gorpuzdun, jaten eta edaten dauana…), baina ez lehengo lez, osotasunean baino. Eta ez dator kontuak eskatzera, bake-mezuagaz baino, eta berak hasitako eginkizunari jarraipena emon daikeenen bila baino. Nahi dogu eginbehar hori onartu, geuretu, Berbiztuaren jarraitzaile lez?
Zertara garoaz onartze horrek? Gure bizitzearen erdiko lez Berbiztua hartzera. Hau da: bizitzea heriotzea baino indartsuagoa dala autortzera, Jainkoak bizi izateko sortu gaitulako; Jainkoa maitatzera, eta maitasun hori senideengan gauzatzera.
Era asko dagoz Jainkoaganako maitasuna senideengan gauzatzeko. Euretariko baten aukerea dogu gaurkoa, Caritasen aldarria entzunez. Caritasek behartsuen aldarri izan gura dau gure artean. Urtean zehar kanpaina bi egiten dauz (bata Udabarrian eta Udazkenean bestea) euren alde, behartsuen egoera larrian eleiz alkartearen poztasuna eta eurekazko alkartasuna agertuazoz. Caritasen bitartez, ba, behartsuen ondoan gagoz, eurekaz alkartuta eta ondasunak eurekaz banantzen. Izan daigun gogoan.
Senideok: Berbiztuagan sinisteak ondorio handiak eta asko dakarz sinistunaren bizitzan: ha bizitzearen erdiko jartea; Jainkoari bizitzea eskertzea; eta bizitza horren autorle izatea behartsuekaz alkartasuna erakutsiz eta errukior jokatuz. Eta hau bake giroan eta alaitasunean. Merezi dau Berbiztuagan sinisteak eta hari zintzotasunezko erantzuna emoteak.