Pazkoa: 2. Domekea /B

PAZKOALDIKO 2. DOMEKEA  /B

HITZALDIA

 

Senideok: Berbiztuaren pozaren zain alkartu garala esan daiteke; haren ikasleak afaltokian lez gagozela esan daiteke. Harei, horraitino, erdian agertu jaken Berbiztua, eta bakez bete ondoren, bizitza barriaren arnasea emon eutsen, Espiritua isuri eutsen, eginbehar eta misino baten eroale eginez. Gaurkotuko eta geuretuko bagendu orduko gertakari ha...

Gu, senideok, krisiak jota gagoz; eta ez ekonomia edo lanpostuei dogokienean baino ez, geure sinismenari, eliztartasunari eta itxaropenari dagokienean ere krisiak jota gagoz.

Politikariek euren berbea emoten dabe, krisitik urteten gagozala, lanpostu barriak sortzen dirala, hasi dirala bizkortzen ekonomia eta kontsumoa... Beste batzuentzat guzurrezko hitzak izan arren, hortxe dago gure galderea: bizkortu ete da gizakion gizatasuna, besteaganako ardurea, txarto dagoanagaz errukitzen dan barrua...?

Horixe da munduari guk emon behar deutsaguna, Berbiztuagan sinisten dogula dinogunok erein behar doguna. Baina zelan aurkitzen gara? Lehenengo irakurgaiak ikasleei buruz iragarri dauan lez: alkartuta, alkarren arduraz eta gure artean inork beharrizanik jasaten ez dauala? Ala bakotxa bereaz arduratuta, eleiz alkarte nortasun barik eta, gehienetan, betekizunekaz konformatzen dan jente lez?

Galbaeketa (edo diszernimentu) epea hartu dogu, zelango Eleizea behar dogun esateko. Orain gagozan lez ez gara, uste dogu, Berbiztua iragarri daiken eleiz alkarte, inor erakarri daiken eleiz alkarte; eta horren kontzientzia hartu gura dogu. Eta, otoitz giroan, Berbiztuak bere Espiritua, bizi barria, isuri daiala eskatu gura deutsagu: bera izan daitela eleiz alkarte honen erdiko, ardatz, Jaun, eta ez beste inor edo ezer. Eta bere inguruan, bizibarriturik, gure nortasuna onartzeko eta jokoan jarteko gauza izan gaitezala, gizonezko eta andrazko, zahar, nagusi, gazte eta ume, benetako senidetasunean.

Gure zeregina ez da bakotxak bere ardurea hartzea, Berbiztuaren berbea, haren poza, eta eskuratzen deuskun eginbeharra onartzea baino. Beragandik jatorkun poza eta bizi barria isuri behar dogu gure inguruan.

 

Han, Tomasen antzeko sinisgabeak, edo burugogorrak, edo besteen ardurarik hartzea gura ez dabenak, edo aginpideaz eta ondasunak metatzeaz nahikoa dabenak..., edo gure aurka jarriko diranak ere badagoz. Guztiei eroan behar deutsegu Berbiztuaren poza.

Ezin izango dogu bakotxa geuretxoan itxita bagagoz, edo alkarregaz bada ere lehengotan itxita bagagoz... Leku egin behar deutsagu erdian Berbiztuari; behera bota behar doguz, horretarako, hainbeste ate eta horma, eragozpen baino ez diranak, eta Berbiztuaren eta haren berbearen esperientzia egin behar dogu.

Ez da izango gauza erreza gure ohituretatik urtetea, gauza barri bati harrerea egitea; ez eta, hasiera baten, danon gauzea ere ezin izango da izan, gure artean ere Tomas bat baino gehiago egongo da-eta.

Batzen eta alkar adoretzen eta indartzen hasi behar dogu, ba, laster baten euki daigun Berbiztuaren autormen egiten dauan eleiz alkartea. Hau ez da buruzagia goraltzea eta norbera atzean geratzea, Tenpluaren Ate Ederrean eskale egoanaren antzera; Pedrok iragarten deutsona da: Jesus Nazaretarraren izenean jagiten dana eta ezelango eragozpen barik Tenpluan sartzen dana baino.

Gure bildurretatik atara gaizan, prestatu gaitezan Berbiztuaren Espiritua onartzeko. Berak bizibarrituko gaitu.