JESUS JAUNAREN JAIOTZA
HITZALDIA
Senideok: mundu guztiak argiaren jaiotzea ospatzen dauan honetan Salbatzailearen jaiotzea ospatzen dogu kristauok, gure bizitzako argia Kristo Jesus dala autortuz.
Poztu egiten da mundua jaiotza horretan; eta poztu egiten gara gu, kristauok, jaiotza honetan; baina ez dogu bat egiten munduak eta guk poztasun beratan…
Penagarria, baina halaxe da. Eta penagarriagoa, behar bada, kristauon poza mundukoena langoa bada, edo izan dalako, eta ez jainko-poza.
Ederra da argiaren jaiotzea ospatzea, beharrezkoa daualako gizakiak argia. Baina gizakiaren bizitzea ez da jaiotzatik heriotzara arteko tarte hutsa. Zoroa ete da holan uste izatea?
Uste horretan jarten dau Jaio Barriak beragan sinisten dauana: gizakiok, Jainkoaren aparteko egintza garanok, betiraun guztirako beragaz zorionean bizi izateko eginak garala dinosku. Hauxe da benetako berbea; hauxe da benetako argia; hauxe da benetako bizia.
Berba egin dau Jainkoak gizakiak ulertzeko hizkuntzan. Baina, antza danez, ez deutso gizakiak ulertu. Giza-itxuran agertu da, giza familiatik sortua; eta gizakiak ez dau holangorik itxaroten izan, antza. Gizakiak beretzat gura izan dau Jainkoa (gura izaten dau): bere ezinak gainditzeko indar edo laguntza lez, antza; eta Jainkoak besterik agertzen deutso bere umetasunean, gizatasunean: bera danentzakoa dala, eta gizakiak danengana zabaldua egon behar dauala. Hona, ba, salabmen mezua. Ulertuko ete dogu?
Gizakia bere senidearen arazo eta atsekabeetan sartzen danean, bestearentzat argi eta indar bihurtzen da: salbamen. Eta hauxe da jaiotza egunak gugan sorrerazten dauana. Eta hauxe da iragarri behar doguna, eta bizikiro ospatu: ez gara norberetzakoak, bata bestearentzakoak baino; eta besteentzako agertzen eta egiten garanean, salbamena sorrerazten dogu. Orduan dira gure oinak mezulariarenak bezain ederrak; orduan darabilgu Jainkoaren hizkera bardina; orduan egiten deutsogu leku gure makaltasunetatik atarateko jatorkun Salbatzaileari…
Jainkoa, bizitzako benetako argia, gure artean jaio dala sinistu eta ospatzen dogunok, eroan deiogun gure inguruari mezu salbagarri hau, gure ondoko behartsuekaz, bakartadean eta ilunpetan dagozenekaz laguntzaile eta alkarbanantzaile agertuz. Goretsi daigun Jainkoa esker oneko bizikera salbagarriaz.