GORPUZTI /B
HITZALDIA
Senideok: Jesukristo gure Jaunaren Gorputz-Odolen jaia ospatzean haren agindua dakargu gogora: egizue hau neure oroigarri, eta ikusten dogu bere inguruan alkartzen garala domekero eta gogoan doguzala bere beste berba honeik ere: maite eizue alkar neuk maite izan zaituedan lez.
Alde batetik, gaurko ebanjelio txatalaren arabera, Jesus Jaunak eta bere ikasleek ere euren aurretikoekaz egiten eben bat ohikune baten gogoratuz hareek Jainkoagaz egin eben alkargoa: gizaldietan zehar eskertzen deutsoe Jainkoari Egiptoko morrontzatik askatasunera eroatea.
Jesus Jaunak menpekeria guztietatik aske bizi izan gaitezala gura dau guretzat. Hori lortzeko, era bakarra Jainkoaren esanetara jartea dala esan deusku, eta alkar senide lez hartzea eta maitatzea. Horrexegaitik deitzen gaitu (gonbidatzen) bere mahai inguru honetara, hementxe jabetu gaitezan senideen beharrizanez, eta bultzatu daigun hareen laguntzarako geure buru eskeintza.
Baina zertan geratu dira Jesus Jaunaren keinua, eskeintza eta agindua? Behar bada, betekizun hutsean, debozinoak edo norbere onurea bilatzeko ekintzan. Betebeharra (obligazinoa) zan Mezea entzutea, domekero eta jaiero. Beharturik egozan (dagoz egon) zazpi urtetik gorakoak… Non geratu da hori, domeketan hainbeste deigarri daukaguzan aldi honetan? Nagusi asko mezea telebistaz entzuteaz konformatzen da. Gazteak ez datoz, mezeak ezer ez dinotselako. Umeek gogait egiten dabe (aburridu egiten dira)… Eta mezatan aurkitzen diranek (garanok), gehien baten, ez daukagu esperientzia aberasgarririk. Bakotxak bere lekutxoa dauka, bere aldiak, bere uneak, bere usteak… eta esan geike ha ez dala alkarregaz dagozan guztien jaia edo ospakizuna, batek (abadeak) egiten dauanaren ikuskizuna baino. Ez ete da mingarria? Hau da Jesusen nahia?
Ez dogu ezer egiten, senideok, sermoiak edo abadeak jasanezinak dirala esateaz. Jesus Jaunaren keinu hau garrantzizkoa badogu, luzarora barik oratu behar deutsagu, guretzat behintzat esanguratsua izan daiten. Lehenengo baten ez gaiezala kezkatu mezatatik aldendu diranek edo ez datozanek, kezkatu gaiezala, ostera, bertara joten dogunon hozkeriak, geldokeriak, bakankeriak eta bakotxakeriak. Mezatara gatozanok geuk berbiztu behar dogu mezea: alkartuago jarri geintekez, erantzunak emon geikez, abestu egin geike, ulertzen ez dogunaren azalpenak eskatu geikez, eta horretarako katekesia, hitzaldiak eta topaketak eratu geikez… Baina erosoegiak gara, ezta? Garrantzizkoa da mezea guretzat, ala…?
Tamalez, ez dogu izaten horretarako astirik, gogorik edo beharrik… eta inor erruduntzen dogu egoereaz. Ez, senideok; errua geurea da orain ulertezin, astun eta gogaikarri egiten jakulako. Eta guztion artean pentsatu behar izango geuke zer egin Jesus Jauna bera izan daiten bere ingurura deitzen gaituana, bere berbea iragarten eta azaltzen deuskuna, eta inguruko beharrizanak gogotan hartzera bialtzen gaituana, han, pobreekaz alkarturik, mundua aldatzeko indarrik badaukala aldarrikatu ahal izan daigun.
Ez da nahikoa Caritasen bidez gure ondasunen zatitxo bat emonaz pobreei laguntzeaz. Gauza ederra da hori. Danok gagoz Jesus Jaunaren mahaira deituak. Eta ezin izango dabe bertaratu desitxuratuta badago, betekizun edo ikuskizun hutsa bada, Jesusen ikasleen topagune eta bialketa gune ez bada. Gure ondasunen zati bat Caritasen bidez banantzeaz gauza on bat egin dogu. Eukaristiak gehiago eskatzen deusku, eta hau Jesusengana bihurtuz eta Jesus Jauna gure bizitzako ardatz bihurtuz baino ez dogu lortuko. Eskatu daigun grazia hori.
OTOITZA
Jesus Jauna:
zeure jarraitzaileak izan zenduzan
zure azken uneetako ardura eta kezka.
Mahai baten inguruan alkartu zenduzan
eta zinan guztia itzi zendun euren esku.
Zure maitasunaren barri emon zeutsen;
alkar maitatu eiela agindu zeutsen,
eta maitasun horren autorle izan eitezala
besteak ere maitasun horretara erakarteko.
Ogi-zatitze keinua betikotzeko agindu zeutsen
zure bizi osoa geure alde emotearen ezaugarri.
Ez gaitezala gelditu, Jauna,
keinua azalkeriaz egitean;
bultzatu gaizala behartsuengana, hareek ere
zeure mahaitik jan ahal izan daien, eta jai egin.
(EDO…)
Senideok: Jesukristoren Gorpuz-Odolak ospatzean, Liturgiak gutaz arduratzen dan, beti geure ondoan dagoan eta, une guztietan, elikatzen gaituan Jainkoaren aurpegia erakutsi deusku. Eleizeak, egun honetan, Caritasen bidez, senide-maitasuna ospatzen badau, horrexegaitik da: geuk ere gure senidearen ondoan eta ha elikatzen jardun behar dogula gogoratzeko. Eukaristia ospatzean, ba, senideok, Jainkoari gure eskariak egin aurretik, entzun deiogun ea berak zer dinoskun: non dago eta zelan dago zure senidea? Entzun haren garrasia, eta emon erantzuna.
Luzarora joten dauan krisi honen eztenkadak gero eta gehiagok sumatzen dauz, eta gero eta mingarriagoak dira: lanik eza, sendi barruetako haserreak, urduritasuna, kexu bizi izatea, gogorkeria…, gero eta nabarmenagoak eta hurragokoak doguz. Eta gure errua ez dala badakigun arren, ezin geike esan ezer ezin dogula egin: hainbeste jarrera eta jokabide dagoz geure esku, krisia zuzenean gaindituko dabenak izan ez arren, luzarora barik gure bizikerea aldatuko leukeenak eta gure gizartea alkartuagoa, senidekorragoa eta solidarioagoa egin daikeenak. Begira:
—Daukaguna banantzen dogu, eta eskuzabalak ere bagara Caritasen deiei erantzuten. Jarraitu daigun bide horretan zehar. Baina gehiago ere egin geike:
—Harrokeriazko kontsumoak alboratu daiguzan, eta salatu ere bai. Ez daukagu ondasunak alperrik galtzeko eskubiderik, gure ondoan behartsurik dagoen artean;
—Neurritsu bizi izaten ikasi daigun. Neurria hainbeste gauzari hartu geikeo: urari, argiari, plastikoari, diruari, sastarrei, berbeari… Neurritasunak errespetura garoaz: Natura errespetatzera eta alkarri abegi on egitera;
—Eta ausartagoak izan ezkero, uko egin geikie betiko banku eta kutxei, eta gure diruak banka etikan sartu geikez, diru gehiago irabaztearen egarriz barik, lanpostu eta proiektu sostengarriak sustatzen jardunez;
—Eta mezetan alkartuago egonez, meza barik dagozan parrokiak ere kontuan hartuko geukez.
Bai, senideok: egiten doguna baino asko gehiago egin geike Jainkoaren seme-alaba lez agertzeko gure eguneroko bizitzan; eta kostu handiegirik barik. Horretarako laguntza behar dogu: otoitzean jarri eta begiak zabaldu gura deuskuzanari entzun eta alkarregaz erantzun.
Eukaristia deia dogu… behartsuak ere geure mahaira ekarteko deia.
(Edo… )
Senideok: gure sinismena ulertzeko ta maitatzeko garrantzi handia dauka lehenengo irakurgaian ikusi ta entzun dogun giroak: Jainkoaren herria basamortuan zehar doa, askatasun bidean, lurralde barri baten bila. Eta, begira: Jaungoikoaren herri da; Jaungoikoa eurekandik hur sentitzen dabe; estualdi guztietan Jainkoagana joten dabe; eta larrialdiek lotura estu hori zalantzatan jarten dabe.
Sinismena, senideok, ez da zihurtasuna; sinismena bizitzan egiten dan aukera sendoa da, behin eta barriro erasoaldietan garbitu behar izango dauana, baina merezi dauan aukerea. Jaungoikoa aukeratzen dauanak bere biziari norabide bat emongo deutso, ez edozein, Jaungoiko horrek bizitzan zehar erakusten deutsona baino. Baina ez ahaztu: beti zalantza artean, ziurtasun zehatzik barik... Baina merezi dau!
Basamortua beharrizan tokia da; beharrizan aldia da; ez-eukian norbere burua ezagutzeko era egokia; norbere indarretan uste ona izatetik, ingurukoen laguntasunaren ta eupadearen beharrizana somatzeko aldia; adiskidetzeko, errespetatzeko eta alkar maitatzeko era bikaina, aldi ezin hobea. Beharrizanean Jaungoikoagana joten dogu, eta Jaungoikoak ingurura ta ondokoengana bultzatzen gaitu. Begira zelan:
Jaungoikoak bere Semearen bitartez dinosku esan behar deuskun guztia; bere Semeagan erakusten deusku berataz guk jakin behar dogun guztia; eta beragan jarten deusku guk amestu geiken guztia... Eta, noiz hurreratzen gara gehien beragana? Kurutzean hilten ikusten dogunean; beharrizan gorrian ikusten dogunean; ezinean ikusten dogunean...
Makaltasunak erakarri egiten dau, ba; eta ondokoen bihotza, harrizkoa izan arren ere, bigundu ta samurtu egiten dau. Ogi honetatik jaten dogunean, ardao honetatik edaten dogunean, Jesukristoren bizi osoaz bat egiten dogu...
Baina judeguek ez eben ulertzen: «Zelan emon leigu honek jaten bere haragia?», galdetzen eben. Eta nahiago eben euren lege ta ohituretan jarraitzea, Jesusekin bat egitea baino. Zenbat holango geure artean ere! Zenbat hurreratzen diran Jaunartzera ez Jesusekin eta bere biziarekin bat egitearren, erregaluak hartzearren, argazki eder bat ataratearren, edo euren arazoetan Jaungoikoaren gozotasuna somatzearren baino... Eta beste zenbatek madarikatzen daben eta zikindu hain garbia ta ahaltsua dogun Jaungoikoaren erregalua, bere Seme maitea.
Senideok: Jesukristo gure Jaunaren Gorputz eta Odol eguna ospatzen badogu, ez uste izan prozesino handiak eginaz Jaungoikoari zeozer emon deutsogula-ta, trankil geratzeko egiten danik. Jaungoikoak zelango erregalua egiten deuskun, eta bere esanguran sartzen bagara zelango salbamena damoskun ezagutzeko ta maitatzeko baino.
Horra hor arriskua! Urregorrizko kustodietan sartu Gure Jauna, eta kaleetan zehar altareak ahalik eta apaindurarik ederrenaz jaso, intzentsua bota eta bere aurrean buruak makurtu, baina gero hostia santua zikinkeriaz erabili, nagusi ta txikien aho-minetan, edo mezetan Gurejauna hartzen etorri ez, eta Gurejauna hartzen doazenak aurrean erabili... Orduantxe dinogu judeguek esaten ebena: «Zelan emon leigu honek jaten bere haragia?», eta lagaten dogu bertan behera Jesus.
Alderantziz, senideok: Jesusengana hurreratzen dana Eukaristian, bere barruko basamortuan sartuko da, eta basamortu hori benetako ortu bizi eta baratz eder bihurtzeko hurreratuko da Jesusengana. Eta Jesusek sortuazoko deutsoz barruan, betiko bizitzaraino iraungo daben ur-iturriak.
Eta frutu ugari emongo dau: bere inguruan beharrizanean dagoanagana hurreratuko da; beretik emoten jakingo dau; besteen atsekabea ta txirotasuna berak hartuko dau; egoera larritik urteten lagunduko deutso... Hau da: Jesusekin eta bere eginkizunarekin benetan egingo dau bat; eta gaur eta hemen bere bitartez egongo da Jesus berbera Erreinuaren ezaugarriak emoten.
Horretantxe lagundu nahi deusku Karitasek bere deiaz. Ez deiogun entzun-gor egin. Baina ez eta ez gaitezan trankil geratu Karitaserako diru apur edo dirutza ikaragarria emon dogulakotan ere. Jesusek nahi dauana beste hauxe da: Hartu daigula kontuan Jainkoa geure ondoan dagoala; dana egin dauala danentzat, eta ez batzuk gehiegi izan daien, beste batzuen kaltetan; eta alkarren aberastasunak eta baita beharrizanak ere alkarbanatuz egiten dogula bere nahia. Aukera hori egiteko goretsi daigun Jesus gure Jauna Hostia santuan, eta hurreratu gaitezan Jaunartzean berarekin bat egitera, gure bizitza osoa izan daiten Jainkoaren goresmen eta besteen salbagarri.
OTOITZA
Eskerrik asko, Jesus,
eskerrik asko,
gure janari-edari egin
zaralako;
Jainkoak inoiz ez gaitula
bertan-behera izten
erakutsiz,
zure haragia jatera eta
odola edatera
gonbidatzen gaituzulako.
Baina bildur gara behartu
egiten gaituzulako;
behartu, besteentzat jaki
izatera,
besteak bizi izan daitezan
geure burua eskaini
daigun;
eta horrek bildurtu egiten
gaitu, Jesus.
Ulertu daigula zugaz bat
egiteak
senideekaz bat egitera
garoazala,
danen senide, alkartasun
egile
egiten gaituzula ulertu
daigula.
Eskerrik asko, Jesus, gure
janari eta edari.