Garizumaldia: 2. Domekea

GARIZUMALDIKO II. DOMEKEA

Gn 15, 5-12.17s
Fp 3, 17-4, 1
Lk 9, 28b-36

HOMILIA 

Senideok: danok sumatzen dogu gaur egun sinismena bizi izatea gatxa dala, eta gero eta gatxagoa gainera. Batez ere euren sinismena landu ez dabenei egiten jake gatxago, otoitzean, Jainkoaren hitzean eta jainko-esperientzian oinarrituta euki beharrean, sinismena ohitura batzuetan edo inguruko usteetan-eta oinarritu dabelako; guzti hori aldatu danean, eta ingurua bera ere aurka jarri danean... Aste honetan bertan euki dogu James Cammeronen eraso bat, aurkitu diren hilobi batzuk dirala-ta, zientifikoki demostratzen dala Jesusek emaztea izan dauala eta seme-alabak, eta bere ama Mariagandik anaiak...

Sinismenaren aurkako erasoak beti izan dira; eta sinistunok beti izan gara pekatari, ez aingeru edo akasbako. Baina sinistunak Jainkoa hur, paraje, sentitu gura dau eta bere ustea nogan jarri jakin gura dau. Eta guk, senideok, Jesusengan jarri dogu: bera dogu gure Jaun; berak egiten gaitu Jainkoaren seme-alaba; berak emoten deusku Jainkoaren maitasunaren gozotasuna eta haren errukiaren parkamena. Sinistun izatea, ba, senideok, guzti hau egunero dastatzea litzateke. Horretan laguntzen deusku Jainkoaren Hitzak, Idazti Santuek. Goazen euretara...

Begira san Paulok esan deuskuna: «Asko dira Kristoren kurutzearen arerio lez dabiltzanak; horreen azkena hondamendia da; horreen jainkoa, sabela; horreen harrokeria euren lotsarietan datza; lurreko gauzetan horreen egarria.» Lehenengo irakurgaian emon jakun Abrahanen jainko-egarria da gurea ere? Harek Jainkoaren deia sumatu eban eta bere lurraldetik urten eta atzerrian bizi da, atzerritar. Jainkoak herri handi egingo dauala eta lur guzti haren jabe, agintzen deutso, baina Abrahan zaharra da eta, makaltzen hasiz, Jainkoari zelan izango dauan horren barri galdetzen deutso.

Eta ze azalpen ederra emon deuskun gaur irakurritako txatalak! Jainkoari opari egitean, oparitarakoak erdi bi egin eta tartetik igaroteak, ituna egiten dabenetatik itun hori apurtzen ebanak erdibitutako abereen zoria eroango ebala esan gura eban. Eta begira: Jainkoak logura astunaz lotzen dau Abrahan eta bera igaroten da abere erdibituen artetik.

Jainkoak berak gura dau, ba, senideok, gizakia beragazko hartu-emonetara jaso; honek ez dau ezelango irabaz ahaleginik egin behar, onartu baino ez baino Jainkoak eskeintzen deutsona. Eta zein gatx egiten jakun hau onartzea! Gurago geuke geure ahalegintxoez irabaziko bagenduz Jainkoagandiko ondasunak... Bestela, ze balio dauke guk egin geikezan ahaleginek, otoitzek, barauek, limosnek eta beste praktika guztiek? Holangoek ezin dabe onartu emonkor eta agortezineko iturri jarioduna dala Jainkoa. Zer dagokigu? Ba, haraxe hurreratu edatera eta pitxar edo aska baten hartu aste barrurako behar dogun ur salbagarria. Baina ur bila mimenezko otzareagaz bagoaz, edo bahe bat badaroagu ura hartzeko...

Jesusek otoitz egiten irakatsi deutse bere ikasleei, eta bereganatu guran galdetu deutse ea jendeak eta eurek bera nor zala inoen; eta ikusi eban bere ikasleak zeren ustetan egozan oraindino. Gaurko ebanjelioan aurkitu dogu ezaugarri bat gehiago emoten: antzaldatzea. Otoitz egitera gonbidatu dauz Jesusek bere lagunik minenak; eta otoitzean ziharduala antzaldatu egiten da. Horra benetako otoitzaren indarra! Eta Jesusen antzaldatzea benetakoa dala esateko, ebanjelariak Moises (Legearen eredu) eta Elias (profeziaren eredu) jarten deuskuz autorle edo testigu. Hau da: oraindik aurrera Legea Jesusengan aurkituko dogu, eta Jainkoaren berbea Jesus bera izango dogu... Baina ikusten dogu zelan dagozan oraingoan ere ikaslerik minenak izan arren: logureak etenda (gero Oliomendin ere bardin), eta haren gozotasunean geratzekotan: «... egin daiguzan hiru txabola». Zein gatx egiten jakun, senideok, Jesusen eredua geuretzea, mundu honetako lokarrietatik askatzea...

San Paulok bere burua jarten dau eredu eta jarraibide. Abrahanek bere ezbaiak daukaz, baina Jainkoagazko alkarrizketan sartzen da; Jesusek aukerak emoten deuskuz... Zer gehiago behar dogu? Inguruak ez deusku errazten ez laguntzen. Baina Jainkoak, eta Jesusek, ez deuskue huts egingo. Jarriko ete dogu gure ustea eurengan, eta jarraituko ete deutsagu Jesusi?

Otoitzera jo behar dogu horretarako; liburu santuan edan behar dogu; alkarregazko otoitzean indartu behar dogu... Eskatu daigun grazia hori.