GARIZUMAKO LEHENENGO DOMEKEA /C
Dt 26, 4-10
Sal 90, 1-2. 10-11. 12-13. 14-15
Er 10, 8-13
Lk 4, 1-13
HOMILIA
Senideok: sartu gara Garizuma aldian eta hasi dogu Jainkoaganako bihurtze-bidea. Hauxe da Garizuman zehar erabiliko dogun hitza: bihurtzea, bihozbarritzea; eta kontuan hartu behar dogu bihurtzea, bihozbarritzea ez dala une bateko ekintza bat edo lorpen bat, ibilbidea baino, bizitza guztiko ibilbidea.
Gaurko liturgiak eskeintzen deuskun Jainkoaren berban, iragarri doguzan irakurgaietan, bihozbarritzerako ibilbidea eskeintzen jaku eta aparteko dei bat egiten. Behar bada, geure usteetan gelditzen garalako, ohartu barik igaroko jaku geure ondo-ondotik, parajetik, Jainkoaren dei hori; jarri eizu zeure uste osoa Jainkoagan. «Zeu zaitut, Jauna, ondasuna», esango bagendu egunero eguna hastean... Uste dogu Jaunagan dogula ustea, baina badino besterik gure eguneroko bizikereak. Entzun daigun, ba, Garizumako lehenengo deia: «izan uste osoa Jaunagan»; ez deiogun entzun-gor egin, uste osoa badogula beragan jarrita uste izanik. Hasi gaitezan gure jokabideak aztertzen Jainkoaren hitzaren haritik, bildur barik, benetan jarrita gure uste osoa Jainkoagan, harek ez dau gura-eta guretzat txarrik, on hutsa baino.
Iragarri dogun hitzak eremua (basamortua, desertua) jarten deusku Jainkoagaz benetako topaketea egiteko leku apropos. Eremuko esperientzia egitea dagokigu, ba, Jainko esperientzia benetakoa egiteko.
Jesus, Joanek bateatu eta hauxe da nire Semea, nire maitea zerutiko ahotsa entzun ondoren, Espirituak basamortura daroa. Hemen, Egiptotik urten eta 40 urtez basamortuan zehar ibili zan herria ikusi behar dogu, eta Moisesek Sinaira egin eban 40 eguneko ibilbidea ere bai, ebanjelioak Jesus 40 eguneko barau-aldian jarriko deuskulako eremuan.
Zer azpimarratuko deuskue Jesusengan ebanjelioek? Lehenengo ta behin, Jesus benetako gizakia dala: gosetzen dana, tentaldiak jasan behar dauzana. Bigarrenez, Tentatzailearen hizkeratik eta Jesusek domotsozan erantzunetatik beste hauxe atarako dogu: Idazti Deunak (Jainkoaren berba idatzia), halan edo holan erabili daitekezala. Eta, azkenik, Jesusek (Espirituak darabilan eta uste osoa Jainkoagan dauan gizaki dalako) tentaldi guztiak gainditzen dauzala, eta uxatu egiten dauala Tentatzailea, honek beste une egokiren bat beti bilatuko dauan arren. Une egoki hori gurutzean zintzilik dagoela izango da.
Jesusengan aurkituko doguna, ba, senideok, hauxe da: Paradisuan, lehenengo gizakiak huts egin eban: Jesusengan aurkitzen dogu huts egiten ez dauan benetako gizaki barria; Jainkoaren herriak behin eta barriro egin eban huts basamortuan; Jesusengandik jaioko da, bateoaren bidez, Jainkoaren herri barria...
Zelangoa izango da gizaki barri eta herri barri hori? Espirituaren arabera dabilana eta uste osoa Jainkoagan dauana. Horregaitik muzin egiten deutse ahalmena norbere onerako erabilteari (harria ogi bihurtzea), edo aginte eta nagusitzari (Tentatzaileak berak gura dauanari emoten deutsoz bera gurtzeko baldintzapean); eta muzin egiten deutso baita izen handi errazari ere (Jauretxeko goitik burua bota eta jendeak txalo artean hartzeari). Hau da: Jainkoak bere aldiak dauz eta taupadak, bere Igurtzi edo Mesiasen lana agertzeko; eta ez da izango bat-batekoa; astiro-astiro garatzen joango dana baino.
Lehengo irakurgai biek, senideok, aparteko taupada bi eskeini deuskuez. Bigarrenak hauxe esan deusku: Jainkoaren berbea hur-hurrean daukagula; paraje. Eta egia da: apartekotasunez hurreratu geintekez Garizuma aldi honetan zehar Jainkoaren berbara, eguneroko mezan; eta Gotzainen Gutunetik ere ibilbide eder eta gozatsua egin geike Jainkoaren berbara.
Eta lehenengo irakurgaiak eskeintzaren balioa, edo esangurea, azaldu deusku. Senideok, eskeintzaz, limosneaz, gure irabazietatik emonaz, ez dogu Jainkoagandik ezer lortu gura, lortu dogu-ta; eskertu egin gura deutsogu; eta ondasunetan barik Jainkoagan dogula gure ustea erakutsi gura dogu. Eta hori egitean, behartsuak eta txikiak dira irabazle.
Ikusi, ba, senideok, basamortuak Jainkoagaz topo egiteko daukan indarra eta esangurea: han ez dago ondasunik, beharrizana baino; han, gizakirik handiena ere txikia da; eta han ezertarako ez dira ondasunak.
Emon deioguzan, ba, eskerrak Jainkoari, gure ondo-ondoan, hur-hurrean, paraje, daukagulako beti. Eskatu deiogun emon deigula bere berbeaganako gosea, egarria, eta jo daigula sarri berbearen iturri gozora, gure eskeintzak gozotasun horren ezaugarri izan daitezan.