GARIZUMA. 4. DOMEKEA /B
HITZALDIA
Senideok: barriro jaio beharra daukagula esan deusku Jesusek gaurko ebanjelioan. Nikodemok ezinezkoa dala erantzun eutson. Eta halantxe da, geure ahalmenetatik lortu gura badogu. Jesusen erantzunean, ostera, Jainkoaren nahieratik jatorkun grazia dala aurkitzen dogu.
Begitu daigun zelan jokatzen dogun; Jainkoagaz zelango hartu-emonak daukaguzan. Eta, gehienetan autortu behar izango dogu, beste batzuengandik ikasitakoari jarraitzen deutsagula. Egin ete dogu ahaleginik Jesusengandik zuzenean entzuteko eta ikasteko?
Bigarren domekan Tabor mendian horixe entzun gendun agindu lez: entzuiozue. Baina guk gogor eusten deutsagu ikasitakoari, ebanjelioa dogun iturrira gitxitan edo ezerez joan garala autortu behar dogun arren.
Eta bildur gara badakigun apurtxoa kenduko ete deuskuen, eta hobe dala ezagunari eustea dinogu. Zelan obeditzen dogu, orduan, Tabor mendian agindua: entzuiozue? Zelan jaio geintekez barriro, geure izaera zaharrean jarraitzeko aukerea eginda badaukagu? Jesusi jarraitzeak adorea eskatzen dau; ustea Jainkoagan jartea, eta ez geure ahaleginetan, lorpenetan edo eskeintzarietan.
Ulertu eban Israel herria Jainkoagandik urruntzeak hondamendira eroiala, eta haren aurrean eta esanetan bizi izateak atsedena eta zoriona biziazoten eutsola. Eta baita hori Jainkoaren erregalua dala ere. Hau da: Jainkoak dana dauka bere seme-alabentzat; eta emon leigun guztia emona dau; ez deusku gehiagorik edo beste gauza barririk emongo aurrerantzean.
Guri dagokiguna, ba, ez da harengandik gehiago lortzea, harek emona bilatzea, aurkitzea, autortzea eta bizitzan gauzatzea baino.
Hauxe litzateke, ba, Jesusek dinoskuna onartzea. Hauxe litzateke barriro jaiotea: ez da lehenera bihurtzea, edo lehengoa apur bat aldatzea edo barritzea…, barriro jaiotea baino.
Geure barruan sakondu behar dogu, ba; eta hantxe aurkitu Jainkoaren aurpegia, haren antz eta irudira eginak izan gara-eta; eta harek gure barruan egiten dauzan onura guztiak bilatu eta azaleratu.
Zelan igarri daiket barriro jaio nazala? Zertan agertzen da hori? Oraingo lez uste izanik, hauxe erantzungo geuke: zintzoagoak izatean, edo horrenbeste kalterik edo txarkeriarik edo pekaturik ez egitean… Hau da: on gehiago eta txar gitxiago egitean.
Baina hori ete da barriro jaiotea? Argi esaten deusku Jesusek galbedarrak azkeneraino iraungo dauala gure barruan. Barriro jaiotea ez da, ba, txarkeria kentzea; beste zeozer da. Eta beste zeozer hori ez dago —barriro ere esan behar— geure ahalmenetan; hori Jainkoak emona da, geure barruan dago, eta bilatu behar dogu.
Horixe litzateke gugan Espirituari lan egiten iztea, eta haren esanetara jardutea. Eta geure mugak eta makaltasunak autortuz eta geure-geure lez onartuz. Espiritutik bizi izatea ahalezko dogulako onartzea.
Orduan berez ikusiko dogu gugan, ez gabizala geure burua salbatu guran, edo zerua irabazi guran, Jainkoaren erregalu garan hau besteen aberasgarri izateko lanetan dihardugula baino.
Hauxe da honetaz aita santu Frantziskok Fratelli tutti bere idazkian dinoskuna:
«Gure aldietako gizakien pozak eta itxaropenak, nekeak, atsekabeak eta itobeharrak, batez ere pobreenak eta sufritzen dagozanenak, alda batera geure poz eta itxaropen, neke, atsekabe eta itobehar bihurtzen diranean agertzen da Jesusen jarraitzaile garana. Kristoren jarraitzailearen bihotzean edozein giza egoerak dauka bere oihartzuna».
Ikusten dodanean, ba, neure ingurukoen edozein egoera larrik oihartzun dauala nire bihotzean, orduan esan neike barriro jaio nazala.
(Edo…)
Senideok: merezi dau sinisteak? Askeak ala morroi-mirabeak egiten gaitu sinismenak? Ez ete gaitu Jainkoaren menpean jarten? Bera maitatu behar dogu beste edozer edo edonoren gainetik; bere esanak bete behar doguz; atsegin emoten deuskuen gauza asko albo batera baztertu behar dogu; besteak jarri behar doguz geure buruaren gainetik; eta, batez ere pobreak izan behar doguz gogokoen… Larregi ez ete da hori? Nahiago ez ete dogu geure burua zaintzea, inoren ardurarik ez izatea eta atseginik eta gehien eta handienak hartzea?
Gauzak hain gordin jarri ezkero, ez bata ez bestea ez dirala gure gogoa, esango dogu, eta lehengotan geldituko gara. Eta, lehengotan, apur bat handik eta beste apur bat hemendixik dala jokatuko dogu. Hau da: besteen ardura apur bat hartuko dogu, baina geure burua galdu barik.
Danok dakigu gure bizitzan autobideetan lez gertatzen dana: automobilek atzerakako eta alboetako espiluak daroez; ezin daitekez ibili inoren konturik egin barik, alderantziz baino: zaindu egin behar dabez bai atzekoak eta baita albokoa ere, ondo ibilterik nahi izan ezkero. Horixe berori gertatzen jaku bizitzan: ondo bizi izaterik gura izan ezkero, ezin geikeo hor konpon egin albokoari… ez urrunekoari ere ez!
Gaurko liturgiak Jainkoaren herria jarri deusku eredugarri: honek sarri-sarri egiten eban ihes Jainkoaren Legetik, apurtzen eban Ituna; sarri bihurtzen zan inguruko herrien ohituretara eta jokabideetara. Eta…, hobeto joakon? Eurek autortzen dabe ezetz; batez ere ahaltsu edo izendun ez ziranei ez joaken batere ondo. Eta batez ere honeexek jasoten ebezan euren oihu, garrasi eta otoitzak; eta autortzen eben euren alde egoala zeruetako Jauna.
Jaunaren erantzuna profetak bialtzea zan; onbidera deitzea zan. Baina profetei ez eutseen jaramonik egiten, eta barre egiten eutseen eta iseka. Esperientziak erakutsiko eutsen bide horretatik hondamenera joiazala; eta autortu behar izango dabe maite ebala Jainkoak bere herria eta honen ona besterik ez ebala gura.
Guk hori Jainkoaren Seme Jesusengan aurkitzen eta autortzen dogu. Haren bizitzan ikusten dogu Jainkoaren nahia gauzaturik, eta hari emon geikeon erantzuna argiturik. Geuri dagokigu aukeratzea, senideok: onartuko dogu Jesusengan sinistea eta gure zoriona beragan oinarritzea? Harek zera eskatuko deusku: senidearen kontu hartzea, ha geure buruaren aurretik jartea zoriontasun bide bakar lez. Onartu daigun.
Ala uste dogu hori onartzeak besteen morroi-mirabe egiten gaitula, eta bizitzako errepideetan hobeto gabiltzala espilu barik? Hor barru-barruan badakigu ezetz, beharrezko doguzala espiluak, besteen ardurea hartzea, batez ere behartsuen diranena; baina gatx egiten jaku.
Horrexegaitik emon deusku Paulok argibide bat: maite gaitulako, Jainkoak ez dau geure ona besterik gura, eta bere Semeagan erakutsi deusku. Sinistu deiogun. Egin gaitezan haren jarraitzaile.