Garizuma: 5. Domekea /B

GARIZUMA. 5. DOMEKEA /B

HITZALDIA

 

Senideok: gaurko liturgiak ibilbide eder bat eskeintzen deuskula esan daiteke; Jainkoak Itun barri bat egiten dau bere herriagaz, bere Semearen esanekotasuna emoten deusku ezaugarri, eta bizitza emotea frutu-emoile bihurtzen dala dinosku. Sartu gaitezan ibilbide hori egitera geure bizikerea aztertuz, edo berari begiratuz.

Itun edo Alkargo barri bat…

Hauxe ez ete dabe eskatzen bizitzan zehar agertzen doguzan geurekeriek, besteei eragiten deutsegun kalteak eta geure onurea baino ez bilatzeak, sarritan besteen lepotik edo hareik azpian hartuz eginak? Ez ete deuskue hauxe erakusten sufritzen dogun krisiaren iturriek eta ondorioek? Ez ete deuskue hauxe erakusten ikusten doguzan ustelkeriak eta alkar salatzeak? Ez ete deusku hauxe erakusten neuk eta neureek irabazi nahiak (politika mailan argi dago hau) bestea arerio lez hartzeak eta ha hondatu beharrak? Giro honetan bizi garanok (geure burua salbatu nahiak) ez ete garoaz familien apurketetaraino, hantxe, familian, askatzen dogulako kanpoan jasan eta iruntzitako garrazkeria guztia?

Jainkoak itun barria egin gura dau gugaz: apurtu-ezineko ituna; gure hutsak eta saldukeriak gogotan hartuko ez dauzana; askatasun giroan biziazoko gaituna; ha ezagutzeko inora joan beharrik izango ez doguna; geure, bakotxaren, barruan ezarria…

Jainkoak bere Semeagan sinatzen dau itun barri hori…

Errukitsua eta parkatzailea da Jainkoa; ez dago gure hutsei eta akatsei eta mugei begiratzen; ondo ezagutzen gaitu eta maitatzen. Jarri geike beragan gure uste on osoa. Horixe da bere Semeagan ikusi doguna: esaneko izatean ikasi dau Aitari zintzotasunez, leialtasunez erantzuten. Jesus Jainkoari begira bizi da, eta honek bere senideengana begira jarten dau, honeen alde bere bizia emoteraino.

Egoera zakarrean bizi dira oraindino, eta jan egingo dabe euren alde emoten dan bizia. Haren lepotik barre egingo dabe; aurrean erabiliko eta heriotzara eroango. Oztopo aurkitzen dabe holango bizikeran; nahiago dabe norbere burua zaintzen bizi izatea, horrek besteak aurrean erabiltera badaroaz ere…

Jainkoak besterik gura dau guretzat… Jarriko ete dogu gure uste on osoa beragan?

Jesus bilatzen dabenek zerutiko erantzuna ere izango dabe.

Hauxe da haren ikasleok ziurtzat euki beharrekoa: Jesusi jarraitzea, haren antzera Jainkoaren esaneko izatea… ez da erantzun barik geldituko. Hau da: haren antzera bizia besteen alde emotea —askok ulertu ez arren, edo haren lepotik barre egin arren— ez dau Jainkoak bere erantzun barik itziko. Jainkoak bete egingo dau bere ituna. Bizitza hori bere betetasuean sartuko dau. Holangoa berak onetsiko dau.

Senideok: Jainkoagan jarri daigula uste ona, haren esaneko izatea bilatu daigula, eta ez garala haren erantzun barik geldituko… ez ete dira gauza ederrak? Baina berbetan esaten dogun honek bizitzan gauzatzea eskatzen dau…

Hortxe daukaguz, horraitino, gure bizitzearen oparia hartzeko gertu dagozan familia, herrigintza, eleizgintza, lagunartea, lana eta abar. Euretan buru-belarri sartuz iragarri geike zenbateraino garan Jainkoaren esaneko, geure burua zaindu beharrean besteen alde lan eginez. Merezi dau!

 

 

 

(Edo, ebanjelioari buruz…)

 

Jesusek, eta bere berbeak eta bere egintzek, eztabaidea sortuazoten badabe bere ingurukoengan, eta batzuk beste barik gaitzesten badabe, eta beste batzuk entzun gura badeutsoe, oraingoan ebanjelariak zabalera joten dau, zabaldu egiten dauz ateak Jesusen inguruan, eta Jesus ezagutzeko atzerritarren gogo beroa mahairatzen deusku. Jesusen ezagupidea, ba, ebanjelariak judeguen lurralde estu eta txikitik zabalagora bialdu gura dau, haren unibertsaltasuna autortu gura dau...

Greziarrok azaltzen daben gogoari («Jauna, Jesus ikusi gura geuke») zelan erantzuten ete deutso Jesusek? Ez dau azaltzen bera nor dan. Ala bai? Bere "orduaz" jarduten dau, bere aintzaz, edo Gizonaren Semearenaz (bera dala Gizonaren Semea aditzera emonez)..., eta hori baiezteko zerutiko ahotsa jarten deusku; baina zerutiko ahots hau ("trumoi-hotsa" batzuentzat) ez da Jesusi ziurtasuna emoteko, judeguen itxikeria urratzeko baino: «Ahots horrek ez dau niretzat berba egin, zeuentzat baino».

Eta heriotzaz-bizitzaz hitz egiten dau: bizitzea norberetzat gorde ezkero, usteldu egiten da; besteen alde hil behar da fruturik emon gura bada, gari alearen antzera. Hau da: Jainkoagandik hartutako erregalua dan bizia, ezin da norberetzat gorde, usteldu egiten dalako; besteen alde emon behar da, eta horrela frutu ugari emoten da; ez norbere esku dagoalako hori, frutu emote hori (Jainkoaren aintza) Jainkoak berak sustatzen daualako baino. Horixe da, gainera, Jesusek bere jarraitzaileentzat, danentzat, gura dauana.

Baina egoera hori bere larritasunean bizi dau Jesusek. Zergaitik ez deutsoe entzuten? Zergaitik ez deutsoe ulertzen? Zergaitik ez deutsoe jarraitzen? Eta jarraitzen deutsoenek ere, zergaitik dira hain bildur, edo dabe hainbeste ezpai, edo... Baina gauza bat bai agertzen dauala ziur Jesusek: honainoxe heldu dala, hau Jainkoaren gauzea dala, heldu dala dana beteteko ordua. Hemendik aurrera Jainkoak hitz egin behar dau, eta haren berbea aintzaltzea izango da. Agertu daitela, ba, Jainkoaren aintza.