GARIZUMA. 3. DOMEKEA /B
HITZALDIA
Senideok: Liturgiaren dinamikan sartuko bagina, guretzako poztasun-iturri eta adore-emoile bihurtuko litzateke. Ez gaitezan, ba, axal hutsean gelditu; jar daigun arreta detaile guztietan.
Aurtengoa "B" ereduko Liturgia dogu. Azpimarratzen dana, Jainkoaren eta gizakiaren arteko Alkargoa da. Halan, Jainkoa ezagutzeko aukerea daukagu, eta gure burua eta gure eginkizunak onbideratzeko aukerea.
Ez gara geratzen ahalegindu garala, orain arte baino hobeak izan garala, edo eskeintzari gehiago egin dogula, eta, horregaik, Jainkoak saritu egingo gaitula ustean. Ez. Beste hauxe uste dogu: Jainkoak badauala guretzat zeozer, eta horrek zorionera eta betetasunera garoazala-eta, horrexen bila urteten dogu, eta horixe ospatzen dogu.
Israelen Jainkoa, bere herriagaz Alkargoa egiten dauan Jainkoa da. Bere burua behartzen dau bere herriagaz leial izateko, hari hutsik ez egiteko. Gauza bardina eskatuko deutso herriari; baina honek, behin eta barriro egingo dau huts, Jainkoari baino inguruko herriei gehiago begiratzen deutselako,
Herri honek, Jainkoaren aurrean, bere hutsegitea autortzen jakingo dau, gauzak okertzen jakozanean Jainkoagana bihurtuz erruki eta parkamen eske. Askotan profetak izango dira herriari bere hutsegitea eta Jainkoaren errukira bihurtzea gogoratuko deutsoenak.
Herriak, alde batetik, Jainkoaren 10 berbak (Aginduak) daukaz, Jainkoaren nahia ezagutzeko. Beste alde batetik, inguruko herriekaz eta hareen ohitura eta sasi-jainkoekaz bizi izan behar dabe. Sarriegitan gatx egingo jake Jainkoaren aginduren bat edo beste betetea, eta erreztasunera joko dabe, huts eginez.
Itun Barriak hutsik egiten ez dauana aurkezten deusku, aurreko domekan ikusten genduanez, Aitak Legearen eta Profeten gainetik maite lez aurkeztua, eta hari entzuteko aginduz.
Baina geuri ere, haren entzule izatea baino errezago egiten jaku geure usteetan geratzea. Halan dagoz zatituta Korintoko kristinauak, eta ezin ulertu leikee Paulok aurkezten deutsen mezua: Jesu Kristoren kurutzea eta heriotzea eurengandu behar dabela Pazkoara, bizitza barrira, heltzeko.
Ebanjelioan ere horixe ikusten dogu: judeguek euren otoitz eta eskeintzarietan jarraitzen dabe, Jesus onartu ezinda. gaurko ebanjelioak Jainkoaren gogoko eskeintzari bakar lez Jesus aurkezten deusku. Honek ez deutsoz Aitari "gauzak" eskeiniko, bere burua baino: geu garala Jainkoaren jauretxe, ozen adieraziz.
Izan daigun gogoan: hortxe daukaguz "10 berbak" (Aginduak); hortxe daukaguz Jesusen egintzak, "lehena" gaurkotu eta osotzen dabenak; eta hortxe dogu lehengo eta oraingo herria (euren artean geu ere). Eta ikusten dogu zein errez joten dogun Jainkoari "gauzak" eskeintzera, gure burua geuretzat gordez. Hori ez da uste osoa Jainkoagan izatea, geuk emon geikeozan gauzetan baino.
Horretan aberatsek aurrea hartzen deuskue. Jainkoa, ostera, pobreena, ez-eukiena, baztertuena… da. Honeek ezin deutsoe euren burua baino besterik eskeini. Jesusi jarraituz baino ez dogu hori ulertuko eta gure bizitzan gauzatuko.
(Edo…)
Senideok: Garizumako hirugarren domeka honek israeldarrek egindako lorpen handi baten aurrean jarten gaitu: atseden egunaren aurrean. Lehenengo irakurgaian entzun dogun 10 aginduen iragarpena benetan luzatzen da «Jaunaren eguna», «atseden eguna», aitatzerakoan.
Zeozer esan gura dau horrek: hebertarrentzat aparteko garrantzia eukala egun horrek; Jainkoari eskeinitakoa zan, haren herriko seme-alaba askeentzat (libreentzat), baina baita morroi-mirabeentzat ere, euren arteko erbestekoentzat eta abereentzat eurentzat ere bai. Esan daiteke, astegunetan, lanean buru-belarri sartuta, ez egoala Jainkoarentzat astirik, eta beharrezko ebela hari eskeinitako eguna: jai-atseden egun horretan jardungo eben etxekoekazko eta lagunekazko hartu-emonetan, Jainkoari eskeinitako egun giroan.
Ebanjelioak Jerusalemgo tenpluan gauzatzen dauz hartu-emonok. Eta begira, antxinako hain garrantzi handiko atseden eguna, Jainkoari eskeinitakoa, zertan geratu dan batzuentzat: negozio-egun bihurtu dabe. Hantxe dagoz, Jerusalemgo jauretxean, sal-erosketan eta diru-aldaketan. Eskeintzetarako beharrezko ziran, eta euren lekuan egozan. Baina zer ikusiko ete eban Jesusek hareengan, sokaz zigor bat egin eta handik ataraten ekiteko! Pobreen eskeintzetarako usoak saltzen egozanei, ordea, begiramena izan eutsen, berba egiteraino.
Senideok: zer da guretzat domeka, Jaunaren atseden-eguna? Benetan da Jaunari eskeinia? Gogoan doguz Jaunaren maiteak: gaisoak, behartsuak, gizarte honek bazterreratuak…? Zelangoa da gure otoitza, liturgia, eskeintza…? Onartuko ete leuke eta aintzat hartuko Jesus Jaunak?
Gure gizarteak EMAKUME LANGILEAREN EGUNA ospatzen dauan honetan gogoan izan behar dogu eliztarrik gehienak andrazkoak dirala; eleiz-lanetan diharduen gehiengo bat andrazkoena dala; andrazkoak etxean geldituko balira eleizeak ez leukela askorik iraungo… Baina ha ta guztiz ere emakumea baztertua dago gure eleizan; ez da agertzen ardura eta aginte lekuetan, eta lan apaletarako baino ez jako dei egiten…, eurak izanda, gainera, fedearen transmisinoa egiten dabenak, gehienbat.
Geuk esaten dogu, borondaterik onenaz, baina ohikerian edo errutinan jausita gagozala, beste bizitasun bat behar dogula, ez dogula poztasun edo jai-giroko aurpegirik mezatan, eta abar eta abar. Ikusten dogu erruki emoteko itxuran agertzen garala eta zeozer behar dogula: aldendu da langilea, aldendu da gaztea; aldenduko ete da emakumea?
Gure Eleizbarrutiak bere ardurearen barri emon deusku. Boskarren Ebanjelizatze Egitasmoa martxan jartean bereizketa aldia iragarrita, otoitzera eta hausnarketara deitu gaitu.
Gure eskualdean … lagun inguruk dihardue … taldetan hausnarketan eta otoitzean. Parrokia batzutan hileko meza baten egiten dabe lan hori han alkartzen diranek. Gehiengo handi-handi bat da taldeotan andrazkoena, nagusiak, edadekoak, gehienbat, eta euren kezkak eta itxaropenak agertu dabez Elizeaganako maitasuna eta ardurea argi itziz.
Taldeetan alkartzen diran eleiztarrek euren bizitzan kontraesanak ikusten dabez, eta ibilbide bat egin dabela ere bai: euren burua arduratsuagoa eta gaurkotuagoa ikusten dabe; betekizun edo kunplimentu hutsean ez dirala geratzen; nagusi eta zaharrenganako eta behartsuenganako laguntzan ere badiharduela… Baina ez dakie zelan gaztetu gure eleizea, urrunduak zelan erakarri eta gaurko munduan zelan kokatu, eta oraindino azaleko kultoan geratzen diranak zelan erakarri Ebanjelioaren barritasunera eta poztasunera.
Baina itxaropentsu agertzen dira, lehen baino argiago daukelako Eleizea ez dala abadeen gauzea, kristau guztiena baino, eta arduretan sartuta dagozala ikusten dabe, oraindino egiteko asko dagoanarren.
Aintzat hartu daigun, senideok, taldeetan eratuta, Ebanjelizatze Egitasmoan lanean diharduenen hausnarketea; eskerrak emon deioguzan Jainkoari gure artean lanerako sustatzen dauzenakaitik, eta, euren aldeko otoitzaz, onartu daigun alkarregaz egiten dogula Jesus Jaunak gaur eta hemen gura dauan Eleizea: emakumea aintzat hartzen dauana, pobrea eta pobreentzakoa, zaurituentzako osakai eta babesa… Jainkoaren zorakeria gizakion jakintza baino jakintsuagoa da-ta.
OTOITZA
Jainko sortzaile
eta gizakion maitalea:
beharrezko
doguz zugazko hartu-emonak
zeure
antz eta irudiko egin gaituzulako
eta
alkarrentzako sortuak izan ginalako.
Ez eiguzu
itxi legekerian jausten,
eta,
gitxiago, legeak norbere onerako
eta
besteak norbere azpian jarteko erabilten.
Argitu
eta elikatu eizu gure bizikerea eta jarduna
gure
lanak senidearen onurea ere izan daian gogoan
eta
guztiontzako eremu bihurtu daigun mundua
danon
Aita/Ama zarala autortu daigun.
Bihozbarritu gaizuz, Jauna.
—Amen.