Garizuma: 2. Domekea /B

GARIZUMA. 2. DOMEKEA /B

HITZALDIA

 

Senideok: Jesus Espirituak darabilan gizona dala ospatu ondoren, eta Otoitzaren, Barauaren eta Limosnaren garrantziaz jabetu ondoren (geuk ere Espirituak erabili gaizala gura dogulako), gaurko Liturgiak gure bizitzan aurkituko doguzan une gatxen aurrean jarten gaitu.

Ez uste izan otoitz egiten dauanari Jainkoak bidea erraztu egiten deutsonik. Ez horixe! Ez deutso bidea lautzen edo handik oztopoak kentzen, beste hauxe baino: adore emoten deutso eta beti dagoala bere ondoan esaten deutso.

Guk zer gura dogu, senideok? Erreztasuna bilatzen dogu, ala geuk egin gura dogu bidea, eta, gauzak ilun eta gatx jarten jakuzanean, Jainkoaren hurtasuna eta harek adore emoten deuskula somatu?

Abrahami ezin gatxago egiten jako bizitza. Luzaroan itxaron dau, eta, semea lortu dauanean, hil egin behar dau Jainkoari opari eskeintzeko. Halan ete da? Hori ete da Jainkoak eskatzen dauana? Laster ikusiko dogu ezetz: Jainkoak berak jarten deutso-ta eskura oparia. Jainkoak ez dauz gure gauzak gura; geu gura gaitu. Eta harengandik hainbat gauzak aldentzen gaituenez, horreexek danak bazterreratu behar izango geukez. Eta zein gatx egiten jakun sarritan!

Ebanjelioan Pedroren jarrereak azaleratzen deusku hori. Pedro harro eta pozik agertzen da Jesus bere aintzan ikusteaz. Baina argi dago ezer ez dauana ulertu: Moises eta Eliasegaz parekatzen dau, eurentzat hiru oihal txabola egiteko prest egoteraino.

Baina ahotsak beste gauza bat dino: Hareen gainetik dagoala Jesus, hauxe dala Jainkoaren Seme maite-maitea, eta beroni entzun behar jakola. Ulertuko ete dau/dogu? Jainkoaganako bidea ez da Legea betete hutsa, edo Profetei entzute hutsa… Guzti horrek Jainkoari entzutera eroan behar gaitu; eta hori Jesusengan baino ez dogu egin ahal izango.

Gure bizitzan, ba, senideok, ez dogu bilatu behar Jainkoari gauzak emotea, eskeintzariak egitea, haren seme-alaba maiteak garala agertzea baino. Horixe ikasiko dogu Jesusengan. Eta hori, Espirituak gugan egin ahal izan daian, hainbeste uste, ohikeria edo erosokeria bota behar izango doguz albo batera. Eta ez da erreza.

Zein da bidea? Otoitza! Hau da: Jainkoagazko hartu-emonak, hari entzuten ikastea, eta horren gozotasunean eta pozean bizi izatea.

Guk egin geikezan gauzek, ba, ez deuskue meriturik irabaziazoten Jainkoaren aurrean; gehien-gehien, Espirituak diharduala gugan agertzen deuskue. Ez dira, ba, gure ahaleginen lorpen, Espirituaren lana baino. Horretarakoxe behar dogu otoitza: guzti horren barri emoteko, Jainkoaren hurtasuna somatzeko, eta haren seme-alaba garala agertuazoteko.

Gure egunerokoan bilatu behar dogu, ba, zelan gauzatu gure eginkizun hau. Geure buruari uko egitea eskatuko deusku behin baino sarriagotan; lehenengo lekuan senidea jartea, askotan; eta, gehienetan, pazientziaz eta apaltasunez jokatzea.

Begitu daigun geure ingurura: etxean bertan, lantegian, hartu-emonetan… zelan agertu geike Jainkoagandiko poztasuna? Zelan partekatu geike ingurukoekaz?

Txarto ikusten doguna kritikatzetik harago jo behar dogu; egoerotan ontasuna ezarten ahalegindu geintekez; gaizkilearen jokabidea ulertuz, hari txarto egitetik urteten lagundu; eta beharrizanean aurkitzen dogunari eskua luzatu…

Zein gatx egiten jakuzan gauzok! Eta egitea ezeze, holango beharrizan egoerak ikustea bera ere gatx egiten jaku, geurean, geure uste eta ohituretan egoten garalako.

Jesusen Espirituak eroan gaizala begiak zabaltzera, entzumena zoli eukitera, Jainkoari entzuteko; eta emon deigula adore, Jainkoaren seme-alabatasuna eta harek maite-maite gaitula gure inguruan zabaltzeko.

 

(Edo…)

 

Garizumako 2. domeka honek, senideok, Jainkoak egiten deuskun opariaren aurrean jarten gaitu, eta opari horregaz egiten doguna aztertzera garoaz. Lehenengo irakurgaitik gehiago, sinismenaren handitasuna aurkitu dogu: Abrahamek uste osoa dau Jainkoagan; ez dau bererik ezer; dana dau Jainkoarentzat; Jainkoak emon deutson agintzariaren semea bera ere bai: dana! Bera jarriko deusku tradizinoak eta agertuko deusku gaurko Liturgiak, Jainkoaren Seme Jesukristoren ezaugarri. Berau dogu, Jesus, Jainkoak geure esku jarten dauan erregalua: Jainkoak bere atsegin osoa honexengan dauala dinosku, eta beroni entzun deiogula. Abrahamek bere semearen eskeintza egiten dauaneko idaztia, eta Tabor mendian hiru ikasleek ikusten eta entzuten daben gertakaria kontuan izanik, sartu gaitezan gure bizitzarako ondorioak ataratera.

Garizuma aldian Jainkoagazko gure hartu-emonak areagotzea gura dogu. Egia da —onartu gura ez badogu ere— hain txarrak eta gaizkileak izan ez arren, otoitz egunero egin arren, eta mezatara abiatu arren, gure bizitzan Jainko barik lez bizi garana. Egia da, bai, une baten edo bestetan, edo egunean zehar hainbestetan aitatzen doguna Jainkoa, edo hari erreguka diharduguna. Bai, egia da. Baina horrek ez dau ezabatzen egindako baieztapena: Jainko barik lez bizi garala.

Gure arazoen aurrean, gure inguruko bidegabekeria edo gertakari onartezinen aurrean, Jainkoagana joko dogu, behar bada. Baina gehienetan, edo beti, hari kontuak hartu guran: ea zergaitik ez dauzan eragozten zintzoen edo errubakoen atsekabeak, edo gaizkileen gaiztakeriak, edo geure ustez gehiegikerietan diharduenen egintzak, edo besteen lepotik barre egiteak, edo… Beste zenbat egoeraren kontuak eskatzen ete deutsaguz Jainkoari! Eta hori ete da Jainkoa gogotan izatea?

Abrahamen jarrerea, edo Jesusena, Jainkoari kontuak hartzea da, ala bere eskuetan eta esanetara norbera jartea? Hareentzat, Jainkoa helburua da; eta guretzat, behar bada, nora ihes egin daukagun tokia. Bai Abrahamek eta bai Jesusek ere, Jainkoari entzuten dakie, eta beti dagoz haren esana beteteko prest, norbere ezelango gauzarik aurreztu barik, salbuespen barik: uste oso-osoa dabe Jainkoagan.

Guk, behar bada, Jainkoari geure burua eskeini beharrean, beste gauza asko eskeintzen deutsaguz…, geure alde egon daiten, gure arerioak edo gure oztopoak edo ezinak, edo mugak ezabatu deiguzan. Bere entzule izan beharrekoan, bera jarten dogu, edo gura dogu jarri, geure entzule.

Abrahamen pasarteaz, Jainkoari eskeintzari lez gizakirik eskeintzea ezabatu gura dau idazlari sakratuak: Israelek ez dau onartuko Jainkoari gizakirik eskeintzea, inguruko herriek hain ugari egiten ebezan eskeintzariak: Jainkoak berak emoten deusku zer eskeini, eta dinosku zer dauan atsegin; ebanjelioan agertzen jaku gauzaturik Legearen eta Profeten testigantzaz: Jesusengan dauala danak bere betetasuna; harexi entzun behar deutsagula eta ez beste inori: ez ahaltsuei, ez diruari, ez aginpideari, ez komodidadeari… Noren aginduak entzuten doguz guk?

Jesusi entzuteak eroango gaitu behartsuei entzutera, aurrean erabiliak diranei entzutera… Eta entzungo doguz esplotatuen garrasiak, etorkinen negarrak, pobretuen ai-eneak… Eta eurengana bultzatuko gaitu bere laztana eroateko: Jainkoa honeexen ondoan dagoala eta maite dauzala iragarteko; horrexegaitik gagozala euren ondoan esateko.

Bihozbarritze aldia dogu Garizumea, eta badaukagu bihozbarritu beharrik, gure usteetatik urten beharrik, Jesusenganatu beharrik… harexi baino ez entzun beharrik!

 

OTOITZA

Jainkoa ez dago urrun, hortxe bertan baino:
hitz egiten deusku eta lankidetzara deitu.
Baina geure ezetzaz egiten dau topo
eta erosokerian aurkitzen gaitu, entzun-gor.

Gauzak errezteko bilatzen dogu Jainkoa,
bizikera erosoa eta osasuntsua emon deigun;
baina haren ardurea bere seme-alabak dira,
batez ere ezinean, bazterkuntzan eta jasapenean dagozanak.

Eroan gaizuz, Jauna, eremura, mendi-gailurrera,
zure hitza entzutera eta zure errukia dastatzera,
bizitzea emotearen poza izan daigun,
uste on osoa zeugan baino izan ez daigun.

Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.