Garizuma: 1 Domekea /B

GARIZUMA. 1. DOMEKEA /B

HITZALDIA

 

Senideok: sartu gara Garizuman. Jainkoaren erregalua dogu Garizumea. Berari begira jarri gura gaitu Jainkoak, bere argitasunean bizitza zoriontsua izan daigun. Honek ez dau esan gura dana ona izango dogunik; makalak garanez, hortxe egongo dira-eta bai tentaldiak, bai lur joteak, bai atsekabeak eta baita etenbako hutsegiteak ere. Baina Jainkoa ez dau holango ezerk gure ondotik aldenduazoko; beti egongo da geugaz, geure ondoan, geu argitzen eta adoretzen. Ez daukagu, ba, burua jasotea besterik.

Horra hor Garizumako hiru ezaugarrien esangurea. Hiru dira Garizumako ezaugarriak: OTOITZA, BARAUA eta LIMOSNEA. Otoitzak Jainkoagaz lotzen gaitu; Barauak geure barrua ezagutzea emoten deusku; eta Limosneak senideengana garoaz, batez ere behartsuengana.

Garizumea konbertsino edo "bihurtze" (bihozbarritze) aldia dogula ondo dakigu. Baina, behar bada, oraindino ez dogu ezagutzen berba horren esangurea. Zer da konbertsinoa? Sinistun garala dinogu, errezau ere egiten dogu… baina gure bizikereak Jainkorik ez balitz lez bizi garala dinosku: bakotxa berera, alkarrengandik urruntzen, edo besteak aurrean erabilten, edo, diru egarriz, edo atsegin gosez…

Hau ez dogu autortu ahal izango, Garizumako bigarren ezaugarriaren eskutik baino. Barauak sartu behar gaitu geure barrua ezagutzera. Eta gure barru zintzoak eroango gaitu Jainkoaren aurpegia, argitasuna eta laguntza bilatzera. Ustea Jainkoagan eta ez beste ezertan jartera.

Zer aurkitu dogu gaurko ebanjelioan? Markos laburra da, baina sakona. Jesus, bateatua izan ondoren, Espirituak basamortura daroala behingoan, esan deusku. Ez deusku tentazinoen barri emoten; baina bai aitatu deuskula 40 zenbakia, eta horrek Moisesegaz, Eliasegaz, Jonasegaz, Jainkoaren Herriagaz bat egitera garoaz: Jesusegaz Jainkoaren Herri Barria hasten da, eta, haren profetatzak, beste guztiak gaindituko ditu.

Azpimarratu daigun: Jesusek bizitzaldi osoan jasan behar izango dauz tentazinoak; baina beti izango dauz aingeruak zerbitzari, eta ahal izango dauz menperatu. Guretzako deia da, senideok.

Otoitzak ez deuskuz tentazinoak eragotziko, eta bidea lau eta oztopo bakoa ipiniko. Otoitzak Jainkoa ondoan dogula sentituazoko deusku; eta hori nahikoa da tentaldiak gainditzeko.

Bizitzaldiko tentazinoek senideengandik aldentzera bagaroez, eta hareik menperatzera edo harei ez-ikusia egitera, Jainkoak senideengana eroango gaitu, hareen zerbitzari izateko. Hori limosna egitean adierazoko dogu.

Garizumako ezaugarriak, ba (Otoitza, Baraua eta Limosna), ez dira Jainkoaren aurrean merituak egiteko, horretan dihardugunean Espirituak gugan badiharduala somatzeko baino. Jarri gaitezan Espirituaren esanetara, Bateoan jaiobarritu lez.

 

(Edo)

Senideok: aparteko kutsua dauka hasibarri dogun liturgi-aldi honek. Apartekotasunez jarten gara Jainkoaren aurrean, haren berbea entzuteko prest, gure bizikerea aldatzeko prest, bihozbarritzeko prest…

Baina prestutasun horrek bere erantzuna euki behar dau. Garizumea, senideok, Pazkoara, Barritasunera, Argitasunera, Jainkoaren baieztapenera begira jarten gaituan aldia da; eta, badakigu —halan uste izan ez arren— zein Jainko barik bizi garan, geure ohituretan, geure debozinoetan, geure eguneroko txiri-txirian edo ziztu bizian…, sarritan ondokoa ere ikusten ez dogula. Aita santu Frantziskok, Garizuma honetarako bere gutunean, hauxe salatzen dau: guk besteenganako daukagun arduragabekeria, indiferentzia deitzen deutso berak. Bai, senideok: geureaz baino ez arduratuta, besteak ikusi ere ez doguz egiten, eta Jainkoa geure alde jarri gura dogu, guk ezin geikeana berak egin deigun edo lortu.

Gaurko liturgian, ostera, bihozbarritzea zer dan aurkitzen dogu. Ezarri deiogun gure aldetik arreta apur bat.

Lehenengo irakurgaiak gizakiaren historia burrukea dala azaldu deusku, eta burruka horretan (uholdeaz iruditu jaku burruka hori) Jainkoa gizakion alde dagoala. Bigarren irakurgaian Uholde hori Bateoaren ezaugarri dogula gogoratu jaku, hantxe adierazi gendun onartzen gendula Jainkoak gugaz egin gura dauan ituna, alkargoa, eta seme-alaba lez erantzungo geutsala.

Baina gehienetan, senideok, gure berba emona zakar-ontzira jausi izan da; laster ahanzten gara emondako berbeaz eta urruntzen gara Jainkoagandik, zintzotasunetik, ebanjelioan Jesusek erakusten deuskun Jainkoaganako zintzotasunetik.

Ikasi daigun Jesusengandik. Basamortua isiltasun eta bakardadearen ezaugarria da; hantxe aurkitu geintekez Jainkoagaz: gure barruko bakardadean, isiltasunean. Hantxe aurkitu geikez bizitzan zehar izango doguzan eta izaten doguzan oztopoak, gaxtasunak, makaltasunak, gure mugak eta ezinak, eta beste gure geurekeriak, zalekeriak eta bihurrikeriak ere.

Bakardade eta isiltasun horretan, Jesusek Jainkoaganako zintzotasuna agertzen dau, gero bizitzan zehar garatuko dauana, eta salbamen bide lez geuri ere eskeintzen deuskuna. Jainkoak ez deutso aurreztuko edo ekidingo ezelango atsekabe eta porrotik; baina azken berbea garaipena izango da, bizitza izango da, argitasuna izango da: Pazkoa, alegia.

Bizitzako eremu honetan, ba, senideok, asko dira burruka-arloak; uholdean lez sartuta gagoz arazo askotan. Hortxe dagoz, urrunera joan barik, arduragabekeria, gure norkeria, ardurak inoren lepora jaurtitea… Baina arazo guztiok geure lanaren eske eta geure burrukearen eske daukaguz. Geu bialtzen gaitu Jainkoak arlo guztietan bere errukiaren eta laguntzaren aldarri izatera, geure bizia emotera: sufritzen dagoanaren ondoan egonaz; beharrezko zerbitzuetan eskua luzatuz; geuretik alkarbanatuz.

Bihozbarritzeak, senideok, bakotxaren erantzuna baino gehiago eskatuko deusku gaur egun. Horregaitik gura dogu beste era bateko eta gaurko Eleizea: alkartuagoa, hurrekoagoa, behartsuekaz arduratuagoa, ulergarriagoa… Eta Eeiza hori geuk egiten dogu.

Geuk gaurkotu behar dogu, ba, senideok, Jainkoari emoten deutsagun erantzuna. Ez gara txarrak eta hobetu beharrekoak. Baina bagara hezkuntzarik bakoak, debozinoetan galtzen diranetarikoak, eta ebanjeliora bihurtu beharrekoak. Hasi gaitezan, ba, Ebanjelioa aintzat hartzetik, Jesusegaz topo egitea bilatzetik berak bihozbarritu gaizan eta bultzatu gaizan ebanjelioaren poza eta argia gure inguruan zabaltzera.