JAUNAREN AGERKUNDEA: EPIFANIA
HITZALDIA
Epifania edo Agerkunde jai honek Jainkoaren unibertsaltasunean jarten gaitu: Jainkoa ez da batena, gizaki eta herrialde guztiena baino. Horixe adierazoten deusku gaurko jai honek irudiz beterik jatorkun liturgian.
Profeteak egin deusku berba lehenengo irakurgaian. Lur-jota dagoan herriaren adorea biztea da bere asmoa; izan daiala Jainkoagan ustea; harek ez dauzala Israelen arerioak diran herrialdeak ezabatuko, herrialde guztiak bere argitara erakarriko baino: Israel bera ere bai. Herrialdeen eginkizuna ez da, ba, beste herrialdeak areriotzat hartzea, senidetasunean alkar aintzat hartzea baino, bakotxa bere berezitasunagaz.
Baina hortxe gelditzen dira profetearen iragarpenak: nork onartzen edo aintzat hartzen ditu? Gitxiren batzuk dabilz bide horreetan.
Ebanjelioan, datu historiko batzuk Itun Zaharreko irudiez josiz, iragarpen sakonak egiten deuskuz Mateok. Jerusalem uria arerioen esku dago, baina, beragaz bat eginda, ez dabe euren Jainkoagandik ezer itxaroten. Urrundik datoz arduraz bizi diran aztiak, apaltasunez galdezka eta bila. Hareen galdereak eragina izan dau Herodesengan, ez, horraitino, ezer itxaroten ez eben judutar jakintsuengan: egozan egoeran ezin eben "izarraren" argitasunik hartu; ilunpetan dagoan uria da Jerusalem: Jainkoagandik aldenduta bizi da.
Baina bila dabizanek, aztarnei jarraitzen deutseenek, aurkitu egingo dabe bila dabizana. Eta begira emoten deuskuen irudia: Profeteak esandakoa hantxe gauzatzen da: Aztiek —atzerritarren ezaugarri— Jainkoaren argitasunean sartzen dira, eta zabaltzen deutsoez euren kutxak, haren aurrean ahuspeztuz.
Jainkoak ez dauz birrintzen berezitasunak, ezbardintasunak; ez gaitu danok bardintzen; danak euren ezbardintasunean erakarten ditu beragana, eta bakotxak berea zabaltzen deutso… Ikasiko ete dogu?
Jainkoa ez da batzuen ondasun eta horreen arerioak birrintzeko ahalmen. Jainkoa gizaki eta herrialde guztiak beragana erakarten dauzan Jauna da, bakotxa bere ezbardintasun eta berezitasunean onartzen dauana, danak bere seme-alaba berezi dauzana.
Zelan iragarri geike, gaurko hizkeran, danak bardindu gura dauzan eta ezbardinak arerio bihurtzen dauzan gizarte honetan, merezi dauala agertu jakun Jainko honen argitasunera abiatzeak, senide lez alkar onartzeko, Gizarte baketsua egiteko, eta, Jainkoaren gurtzan, beste ahalkeria guztiak haren oinetan jarteko?
Horrek neurritsu izatera eroango gindukez; esplotazinoa eta deuseztea alde batera iztera; Naturarekiko hartu-emon senidekorretara; ekoizpen iraunkorretara; bakotxa bere ezbardintasunean onartzera…
Merezi dau Jainkoaren agerpenari esker onezko erantzuna emoteak.
OTOITZA
Gutariko
bakotxari agertzen zaiakoz
eta
herrialde guztiei egiten deutsezu dei
zure
argitasunera abiatu gaitezan
senidetasunean
bizi izateko.
Baina
guk, Jauna, geure bakotxakerian,
besteak
menpean jartea bilatzen dogu,
geure
nagusikeria azaleratzea,
beste
guztiak geure zerbitzuan jartea.
Irakatsi
eiguzu, Jauna,
bakotxa
bere ezbardintasunean onartzen,
egunerokoan
neurritasuna bilatzen
eta gure
oinok zeure argitasunerantza bideratzen…
Zeuk gura
dozun Izadia eta Gizadia moldatzen.