Abendualdia: 4. Domekea

ABENDUALDIKO IV. DOMEKEA /C

HITZALDIA

 

Abendualdiko 4. eta azken domeka honek Gabonak gainean daukaguzala dinosku, eta amaitu dogula prestakuntza aldia. Orain, prestatu doguna ospatzea dagokigu.

Ba, senideok, ba gagoz ezer ospatzeko? Prestatu doguna, gauzatuko dala uste dogu? Behar bada, holantxe izan dala beti, eta betikoa egingo dogu: gure inguruko ondo-eza salatu, inor errudundu eta geurean jarraitu.

Politika mailan, hauteskunde guztietan entzuten dana hauxe da: "geugaz dator aldakuntza". Hau da: daukagun egoerea aldatu egin behar da. Hori aldarrika iragarten da. Baina zer jazoten da ondoren?

Gure bizikerea aldatu egin behar dogula esaten dogu. Baina zer jazoten jaku? Gauzak ondo ez dagozala eta aldatu egin behar dirala esaten da, baina zer jazoten da? Eta horrela gauza guztietan eta beti. Zergaitik?

Hauxe da, senideok, bakotxak geure buruari egin behar deutsagun galderea: zergaitik ez naz aldatzen, edo ez dot aldatzen, aldatu beharra dagoala uste badot? Behar bada, aldakuntzak ez dagozalako norbere esku…

Lehenengo irakurgaian Mikeas profeteak zelango aldakuntzak egingo dituan Jainkoak iragarri deusku: sinistu deutsagu? Ba gara gauza aldakuntzok ikusteko edo igarteko gure inguruan eta geure barruan? Ba ezetz esan behar izango geuke, Hebertarren idazkian iragarri jakuna onartzen badogu, behintzat.

Gure otoitzetan-eta, eskatu egiten deutsagu Jainkoari hauxe edo beste aldakuntza ha gauzatu daian; eta, horretarako, sakrifizioak eta beste ekintzaren batzuk agintzen deutsaguz. Hausnartu dogu inoiz, ea Jainkoak gure gauzarik behar dauan? Aztertu dogu inoiz Jainkoak gugandik zer itxaroten dauan? Hebertarrei egindako idazki horretan Jainkoak gugandik ez dauala sakrifiziorik eta erre-oparitakorik itxaroten esan jaku; eta hori ulertu dauanak «hona hemen ni, zure nahia egiteko» dinola.

Horixe da, senideok, norbere bizitza eta ingurua aldatzeko era bakarra: Jainkoaren esanetara jartea.

Mariak «hona hemen Jainkoaren mirabea» esanez, salbamena bere erraietan agertuazo dau, eta haren poza eroan eutson bere ahaide Isabeli, eta bere aldia barriztatu eban.

Jainkoaren esanetara jarri beharra daukagu gure arteko arazoetan geure hazitxoa erein gura badogu: hortxe dagoz, etxe bakoak, edo euren lurraldetik urtenbeharra izan eta  han-hor-hemen galtzen dagozanak; edo izurriteak jota dagozanen ohe-ondoan diharduen erizainak; edo beharrizanak eraginda lapurretan edo trafiko legez kanpokoan zikintzen diranak…

Caritasek bere gain hartu dau arazo hori, eta beragaz bat egiteko eskatzen deusku. Eginahalak egin arren, ez dogu arazoa konponduko, senideok. Baina izan daigun argi: guri dagokiguna ez da arazoa konpontzea, geure garautxoa jartea baino. Eta horretarako gure ulerkerea aldatu beharra daukagu, eta Jainkoari gauzak eta eskeintzariak aurkeztu beharrean, «hona hemen ni, zure nahia egiteko» esan behar deutsagu. Eta horrela, aurtengo Gabonak beste era batekoak izango dira.

 

 

OTOITZA

 

Jainkoaren graziaz betea izan zinan, Maria,

eta zeure ingurutik ere atara egin zinduzan

zure poz betea besteekaz alkarbanantzeko,

Jainkoagandiko pozez ingurua blaitzeko.

 

Zeugan ikusten dogu, Maria, Jainkoak

txiki-apalengan jarten dauzala bere begiak,

txikia aintzat hartzen dauala eta

eginkizun handietarako deitzen dauala.

 

Lagundu eiguzu gure txikitasuna aintzat hartzen,

gure inguruko txiki, behartsu eta baztertuei

gure txikitasunetik emoten, alkar aberasteko

eta gizarte alkartuagoa eta zuzenagoa eraikitzeko.

—Amen.