ABN-III-C_24
Senideok: Abendualdiko azken aurreko domeka honek poztasunera, alaitasunera egiten deusku dei. Uste badogu ere Jainkoa gogaikarria (edo aburridua) edo tristea dala, edo gure poztasuna eta zoriona beste iturri batzutan bilatzen badogu, Jainkoagazko hartu-emonak ondo ulertu ez dogulako izango da.
Sinistuna alaia da, zoriontsua. Jesusi begiratzea besterik ez dago. Harek ingurua zorionez blaitzeko gainezka agertzen dau.
Nondik jatorko zorion, poztasun, alaitasun hori? Zergaitik ez naz ni alaia, zoriontsua, pozez saltoka dabilana? Ez ete dot aztertu behar zer zorion-iturrietan edaten dodan?
Sofonias profetak poztasunerako arrazoiak emoten deutsoz lur-jota dagoan herriari. Baina zelan ulertu eta onartu leike herriak Jainkoa eurekaz dagoanik, eta bere herria maite dauanik, hain hondatuta egonda? Zelan agertzen dauz Jainkoak bere herriaganako hurtasuna eta maitasuna?
Zelan izan geintekez zoriontsu, eta pozik bizi izan, gure inguruan gerrak somatzen doguzanean, edo suntsipena gainera jatorkula ikusten dogunean, edo etxe-urritasuna edo politika nahastua, edo erbestetarren uholdekadak, edo familietako apurketak, edo emakumeaganako begiramenik eza, eta hainbat erail izatea, edo gazteria zati handi batek gure gizarte honetan lekurik aurkitzen ez dauanean, edo zahartzaroak jota gaixorik eta osasunik eskuratu ezinik egonda, edo gure sinismena ilunduta eta bazterreratuta lez ikusten dogunean…?
Ze poztasun izan daiteke gurea?
San Paulok Filipotarrei Jaunaren hur-hur dagoan agindutako etorrereak poztu geinkez? Sinismen handia behar da horretarako!
Ebanjelioan Bateatzaileagana hurreratzen ziranek zer egin behar eben galdetzen eutsoen hari. Eta Bateatzailearen erantzuna argia da: egoera bakotxak dau bere zorion-iturria; ez da bestea langoa izan behar; bakotxak beretik aurkitu daike bere zorion-iturria.
Baina ez da norbere esku dagoan frutua zoriona edo poztasuna. Geure artean da guk ezagutzen ez doguna; harek gure galtzua Espirituaren sutan erreko dau. Harexengana hurreratu beharra daukagu. Harek gure barruko izaerea azaleratuazoko deusku, eta horixe izango dogu zorion-iturri.
Ez dogu, ba, aparteko ezer egin behar, Salbatzaileari harrera on egin besterik. Eta berak eragingo dau gure bizitzan gauzak bakotxa bere lekuan jartea; eta guk bere balioa emongo deutsagu gauza bakotxari, ez gehiago ez gitxiago. Jarriko gaitu bakotxa berera begira barik besteengana begira…
Guztiz aldatuko dau, azpikoz-gora jarriko, gure bizitza…, Jainkoari begira. Orduan egingo dau argi zorionak eta pozak gure bizitzan, eta bizi izango gara alaitasunean.
Berba hutsak, ezta? Sinisten ez dauanarentzat. Jesusek sinismena baino ez dau eskatzen. Ondo ezagutzen dau haren indarra. Sinisten ete dogu guk?
ABENDUALDIKO III. DOMEKEA /C
Hitzaldia
Abendualdiko 3. domeka honetako mezua poztu gaitezala da; eta emoten deuskun arrazoia, Jainkoa hurrean dala.
Pozik gagoz, senideok? Eta gure pozaren iturria Jainkoaren hurtasuna da? Zenbat bider autortu behar dogun ezetz: ez gagoz pozik; eta gitxiago da gure pozaren iturria Jainkoaren hurtasuna. Orduan? guzurretan dihardugu, ala badago beste arrazoirik? Hauxe azken hau uste dot nik.
Jainkoagazko gure hartu-emonak ez dira (ez deuskue-eta holan irakatsi) konfiantzazkoak, maitatu batek bere maiteagaz daukazan hartu-emonak lez. Jainkoak dana eta danean ikusten dauala, eta txarkeria zigortu egiten dauala eta ez dogula txarkeriarik egin behar… irakatsi deuskue. Eta, zer zan txarkeria? Legea edo Arauak edo Esanak urratzea edo ez betetea; baina ez Jainkoaren "argitasunetik", irribarretik, ihes egitea, eta hagaitik ilunpetan edo tristuran jaustea.
Eta hauxe da Joan Bateatzaileak zabaltzen eta Jesusek zabalduko dauan mezuen arteko aldea: Bateatzaileak Jainko zigortzailea iragarten dau; haren zigorrari ihes egitea dagokigu; horretarako txarkeriatik aldentzea eta gure bizitzan on eginak ereitea dagokigu. Hortixik harengana hurreratzen ziranen galderak: guk zer egin behar dogu?
Jesusek, alderantziz, beste mezu bat zabaltzen dau. Baina inork ez dau onartuko, edo ulertuko, antza; edo ez dau ulertu gura izango, hori ez dalako Jainkoaren irudi benetakoa, edo ordura arte ezaguna dana. Jesusek iragarten dauan Jainkoa erabili (manipulatu) ezina da: gizaki oro maite dauana; danak dira-eta bere seme-alaba. Zigortu ezin daikena da: maitasuna dalako. Dana parkatzen dauana da: parkamena dalako.
Jainko hau ez dago gugandik urrun, geure artean baino. Horrexegaitik ez dauka inondik etorri beharrik, ez ezer emon beharrik, gu beragan garalako; haren biziak badihardualako gugan. Baina…
Ze zentzun dabe, orduan, gure zatoz, Jauna! oihuek? Horen esangurea inondik etorri behar dauala bada, ez dabe ezelango zentzurik. Ondo ulertu ezkero, geure burua itxartzeko, Jainkoa geure ondoan sumatzeko eta, Jesusegaz batera, Jainkoagan Aita-Ama aurkitzeko eta haregaz konfiantzazko hartu-emonak eukiteko.
Baina Jainko hori ezin erabili geike inor bildurtzeko, ez eta geure burua engainatzeko ere. Eta bai izango dogula poz-iturri maitatuak garala sumatuko dogulako.
Geuretuko ete dogu Jesusek iragarten deuskun Jainkoa, ala, nahiago izanik erabili daiteken Jainkoa, lehengotan jarraituko dogu, alperreko deiak eta eskariak egiten?
OTOITZA
Gure artean jaioko zara,
Jauna, jaio
gure poz eta alaitasun
iturri izateko,
eta, zure jaiotza
gertatzen barik,
ondasunak pilatzen eta
kontsumitzen aurkitzen gaituzu.
Ez dogu ulertu, Jauna,
gure poz-iturria
senidearen poza bilatzean
eta, daukaguna,
haregaz partekatzean
aurkituko dogula.
Atara gaizuz ondasunak
pilatu gura izatetik,
ase-ezineko
kontsumokeriatik,
behartsuari atea ixtetik,
gure zoriona inoren
atsekabean oinarritzetik.
Emoiguzu pobretasun bihotza,
atsekabetuaz errukitzen
jakitea,
hondoa jota dagoana
jasoten ahalegintzea,
zeugandiko pozaren testigu
eta apostolu izatea.
—Amen.