12/25_Gabon Eguna

Abenduaren 25ean

JAUNAREN JAIOTZA

GABON EGUNEKO HITZALDIA

     Senideok: zelan hartu dogu Gabon eguneko mezua? Izan gara gauza mezu hori entzuteko, geuretzeko eta poztasuna somatzeko? Ala Izurrite (edo Pandemia) honek tristuran itxita gaukaz, aurtengoak ez diralako beste urte batzutako Gabonak?

     Bai, senideok: beste urteetan dana zan argia, edergailuak, apaingarriak, abestiak, zaratak, barreak, zorion-agur irribarretsuak. Aurten ere bada holangorik, baina… triste ikusten da jende asko. Eta ez, ez daukelako (askok galdu dabez euren diru-sarrerak, eta ez dabez eskuratu agindutako laguntzak), badaukena ezin dabelako gastau edo erabili baino.

     Beste Gabonetan pobreak egozan triste, etxe bakoak edo familia bakoak, erbesteratuak edo kartzelaratuak… Aurtengo Gabonetan eukitsuak ere bai, diruak edo ondasunek ezin leikeelako Pandemia hau menperatu.

     Egoera honetan, senideok, hartuko bagendu asti apur bat barrura begiratzeko? Gelditu, isildu, barrura begitu, eta Jainkoaren berbearen oihartzuna entzun, eta haregaz topo egin… Bai, senideok: horixe litzateke albiste pozgarria: Jainkoagaz topo egitea. Horixe litzateke benetako Gabon eguna.

     Jainkoak gure artean jaio gura izan dau; guri bere maitasuna iragarteko, gure barruan Bakea ezarteko, gure ezin-ikusiak, gorrotoak, gerrak eta zuzengabekeria guztiak ezabatzeko.

     Kanpora begira jarraitzen badogu, orain arteko lez, salbamena handixik jatorkula uste izango dogu; indartsuago batek (txertoak/bakuneak) ezabatuko dauala gure arteko txarkeria, eta egingo gaitula zoriontsu. Barriro erratuko gara. Barriro egongo gara lehengotan.

     Isiltasunean, barrura begira jarten bagara, eta hantxe aurkitzen badogu geure barruan daroagun Jainkozko hazia, hori erneazoten ahaleginduko gara, eta barriro jaioten garala somauko dogu, Jainkoaren seme-alaba lez jaioten garala somauko dogu, eta haren maitasunak diharduala gure barruan eta gure egintza guztietan.

     Orduan geu izango gara ondokoa maite dogunak, urrunekoari atea zabaltzen eta aterpea emoten deutsagunak, triste dagoana pozten dogunak, eta Bakea ezarten dogunak. Orduantxe esan ahal izango dogu: «Benetan jaio da nigan Jainkoa!» Emon deiodazan eskerrak!

     Zorionak!

 

(EDO…)

 

HITZALDIA

 

Zorionak, senideok, hemen zagozan guztioi, eta Euskal Telebistaz gugaz bat egiten dozuen guztioi: Jainkoak bedeinkatzen gaitu. Onartu daiguzan bere  bedeinkapenak.

Bai, senideok: egun zoragarria dogu Jesusengan sinisten dogunontzat. Eta egun zoragarria da baita alkar agurtzen eta alkarri bezuza (edo erregaluak) egiten diharduenentzat ere. Egun zoragarriak dira.

Baina ez da zorion eguna, ez dira zorion egunak, errefuxiatuentzat, non etzun edo gau hotza non igaro ez daukenentzat; ahora zer eroanik ez daukenentzat; beso bero batzuk besarkatuko ez dabezanentzat… Eta honeentzat, senideok, sufritzen dagozanentzat, bazterretan dagozanentzat, eta bazterreratu eta ezereztuentzat, ez da egun zoriontsua, ez dira egun zoriontsuak.

Geure artean ere, danerik daukagun arren, gainezka euki eta alperrik galtzen dogunon artean ere, badago barru hutsik dagoanik, edo atsekabetan dagoanik, edo jaiok ahalbait lasterren igaro daitezela gura dauanik…

Eta Jesusengan sinisten dogunok, senideok, Jainkoa horreexekaz egiten dala bat dinogu: galduta, bazterretan, atsekabean, nora-ezean, gosez eta hotzez hilten dagozanekaz… Aurreko domekan Caritasen bitartez eurekaz partekatu gendun gure ondasunetako zati bat. Baina, nahikoa da? Otoitzean gogoan izango doguz, eta Belengo Estalpera ekarriko doguz; baina, nahikoa da?

Guk ez dogu ospatzen Eguzkiaren esnatzea; edo kontsumokeriari esker egin dogun dirutzea; edo besteen lepotik lortutako garaipena… Guk, Jainkoak aurkeztu deuskun misterioa ospatzen dogu: handia txiki egitea; osasuntsua gaiso bihurtzea; inork aintzat hartzen ez dauanagaz betiereko Aintza dana bat egitea…

Senideok: esnatu beharra daukagu. Eta inguruak berak esnatuko gaitu, iruntzi ez bagaitu. Orain arte, inguru honetan, danok kristau bagina lez ospatzen genduzan jaiok: ospatu beharra egoala-ta. Baina gaur egun, Jesusengan sinisten dogunok bazterreratuak gara, eta bazterkuntza hori onartu beharra daukagu.

Apurka-apurka, gure sinismena gitxiengo batena izatera doa. Ez da hori txarra; halantxe izan behar dau-ta. Txarra beste hauxe litzateke: gitxi horreik ere inguruak iruntsita egotea. Ez, senideok: esnatu gaitezan. Belengo Estalpean emoten jakun misterioaz bat egin daigun. Erantzi daigun gure handikeria, txikiekaz, baztertuekaz bat egiteko. Uxatu daigun gure eralgikeria (kontsumokeria) baztertuekaz bat egiteko, eta gure ingurua eta Planeta hau ere errespetatzeko. Alkarlanean jardun daigun, bakea eraikitzeko, eta gizarte senidekorragoa dan baten bizi izateko.

Jainkoak bere urratsa emon dau, eta dei egiten deusku. Erantzun eskuzabala emon deiogun eta zoriontsuak izango gara.