Abendualdia: 2. Domekea

ABENDUALDIKO II. DOMEKA  /C urtean

HITZALDIA

 

Abenduaren 2. domeka honetan indar handia hartzen dau profeten irudiak. Goazen irudi hori ulertzera Jainkoaganako gure hartu-emonak hobetzeko.

Onartu beharra daukagu Jainkoari buruzko irudi kaxkarra, traketsa eta itxuragetua daukagula.

Profetek, Jainkoaren izenean, hondamendia iragarriko deutsoe haren Herriari; baina ez Jainkoaren bengantza lez, edo zigor lez, haren bideetatik eta Legetik aldentzean aurkituko dauan egoera lez baino. Errukia eta Maitasuna danak ez dauka bengantzearentzako lekurik, ez inor hondamenera eroateko gogorik.

Hori argi eukita, Baruk profetak, lehenengo irakurgaian, agintzen deutson zoriona holantxe ulertu behar dogu: Jainkoagana bihurtzen bada, lehengo bidegabekeria izten (lagaten) badau eta zuzentasun bideetan zehar abiatzen bada, Jainkoaren ondasunak, egoera zoriontsua, aurkituko dau.

Baina zeozerk eragiten deutso hari —eta baita geuri ere— beste era batera uste izatea eta zeharkako beste bide horreetan zehar abiatzea…

Ebanjelioan Itun Zaharreko azken profeta aurkitu dogu oihuka. Haren oihuek Jesus bera ere erakarriko dabe haren eskutik bateoa hartzeraino. Baina Jesus ez da bat etorriko Bateatzaileak iragarten dauan Jainko irudiagaz. Jesusek beste era batera sumatzen dau Jainkoa bere barruan.

Joanek iragarten dauana, Jainkoaren zigorretik ihes egin behar dala da. Horretarako, okerrerako bideak eta bidegabekeriak (injustiziak) itzi (laga) eta zuzentasun bideak hartu behar dira. Holantxe baino ez dogu saihestuko Jainkoaren zigorra.

Autortu daigun: Joanek emoten dauan Jainko irudiagaz egiten dogu guk bat. Haxe dala egiazkoa uste dogu… bildurrean heziak izan garalako? Ez dagoala hezteko beste erarik uste dogulako? Behar bada. Baina horrela ez dogu ulertuko Abenduak dakarskun mezua; eta barre egingo deutsegu Baruk profetaren berbei; eta beste behin ere, salbazinoa eskatzen ekin arren, salbazinoari uko egingo deutsagu, ihes egiten itziko (lagako) deutsagu.

Senideok: salbazinoa erregalua dogu. Jainkoa bera da izan Salbazinoa; maitasuna eta errukia dan lez. Harek ezin dau gugan besterik sortuazo horixe baino.

Jainkoak ez deusku ez geroko ezer agintzen, ez orain ezer emoten. Haren izana daroagu erraietan, eta horixe da aurkitu, azaleratu eta garatu geikena, Jainkoari gure esker ona agertuz.

Tamalez, beste era batera izan gara heziak. Bateatzailearen oihuetara gagoz makurtuak, eta holan ezin izango dogu Jesusengandik ikasi eta Salbazinoaren altzoan ikusi gure burua.

Salbazinoa ez da geure ahaleginez eskuratuko dogun ezer. Alperreko dira gure ahalegin guztiak. Salbazinoa erregalu dala onartuko bagendu, haren azaleratzean eta garatzean ahaleginduko ginateke, ez haren lortzean; harek behar dauan gure benetako nortasuna geuretuko geuke. Eta horrek, gaur egun loturik gaukezan kate guztiak urratzeko ahalmena, indarra eta adorea emongo leuskiguz.

Bitartean, geurean jarraituz, mundu honek platerrera dakarskuzanen gose-egarri izango gara; eta handik zeozertxo izteak, edo besteekaz alkarbanatzeak, Salbazinoaren zatitxo bat baino ez bada ere emongo deuskula uste izango dogu; eta horregaz nahikoa dogula.

Baina Jainkoa ez da zati bat. Jesusek, Itun Barriko Profetak, iragarriko deuskuna Aita-Ama da; seme-alabentzat bera dan guztia dana: erregalua doguna.

 

OTOITZA

 

Zure berbea iragartean, Jauna,

profetek adorea jasoazoten deuskue

eta zure barri on eta bedeinkapenen

pozez eta itxaropenez beteten gaitue.

 

Eta orduan lur-jota egoan herriaren antzera

geu gagoz gure egunotan lur-jota

hainbeste arazo, ustelkeria eta hondamenen artean

zure berbea iragarteko profetarik ez dogulako.

 

Bazatorkuzan horri harrera on egiteko

bideak zelaitu gura deutsuguz,

gure barruko okerkeriak bazterreratuz

eta danentzako etxe dogun ludi hau zainduz.

 

Emoiguzuz profeta hitza iragarriko dabenak.

Egin gaizuz gaur egungo profeta.

Zatoz, Jesus Jauna!