ABENDUA-B_04Domekea

ABENDUALDIKO 4. DOMEKEA /B

HITZALDIA

 

Hortxe bertan dogu, senideok, Salbatzailearen etorrerea. Etorri zan, badira bi mila urte baino gehiago; etorriko da, aldien azkenean; baina etorri dator unerik unera, eta… aurkitzen ete dau, gero, geratzeko lekurik? Hauxe litzateke gaurko liturgiak agertzen deuskun kezkea: badau Jainkoak lekurik gizakion artean? Edo, beste era batera esanda, edozeinengan aurkitzen dau geratzeko lekua geure artean izan gura dauan Jainkoak?

Dabid erregeak leku egin gura deutso Jainkoari, bere erara, berak ulertzen dauan lez: Jainkoa ezin leitekela bera baino gitxiago izan, eta patxadazko etxe bat behar izango leukela uste dau, bera zedrozko etxe eder baten (jauregi baten) bizi dala-eta.

Baina Jainkoak jauregiak behar ete ditu bizi izateko, bereak badauz zeru-lurrak eta diran guztiak? Geuk esan behar ete deutsagu Jainkoari non eta zelan bizi izan behar dauan, eta gu baino hobeto bizi izatea zer dan? Orduan Natan profetak zabaltzen deutsoz begi-adimenak Dabid erregeari, eta onartu ahal izan ebazan Jainkoagandiko agintzariak… Ba ete daukagu guk gaur egun begiak nork argitu?

Oraintsura arte Uruguayko buruzagi izan dan Pepe Mujikak erakutsi ederra emon deutso politika munduari, buruzagi eta agintariei, eta bere “despedidan” gazteei ere gomendioak egiten deutsez: ez uste izateko bizitza supermerkatuetan erosi daitekenik, eta bizitza ez dala kontsumitzeko besteen aldeko jokoan jarteko baino. Zelango gizona Pepe Mujika, kristaua izan ez arren! Politikan sartu zaneko ondasunekaz urten dau; ez da aberastu politikagintzan; behartsuen alde jokatu dau; politikea, batez ere behekoei zerbitzu egiteko erabili izan dau. Ikasiko balebe gure politikariek, gure agintariek, eta eleizgizonek eta eleiztar guztiok ere… ez geuskio Jainkoari laguntzeko eskatuko, eta gure artetik ihes egin ez daian jauregi eder bat eraikiko…; bere esanetara jarriko ginateke, eta gizakiontzako daukan egitasmoa (proiektua) onartuko geuke…, Dabidek, Natani entzun ondoren, egiten dauana.

Baina, senideok, badaukagu gaur egun nori entzun? Badaukagu irudirik, eredurik? Horra hor bat: Pepe Mujika, ezin dauala sinistu autortuz batera, erlijinoei begiramen (errespetu) handia deutsela autortzen dauana. Eta zenbat holango dagozan gure inguruan isilean besteen alde lan eginez euren bizitza ezabatzen dabenak. Baina guk ez-ikusi egiten deutsegu…

Hortxe dagoz “CARITAS”en lanean; eta zenbat borondatezko lanetan dabizan; eta zenbat gaztek euren lekuetatik urten (etorkizunik ikusten ez dabelako-edo) eta lurralde pobreetan laguntza lanetan diharduen; eta zenbat nagusik egin behar daben isileko lana euren familietan, seme-alabak lanik barik dagozalako, edo hilaren azkenera heldu-ezinik aurkitzen diralako, edo…

Bai, senideok: ikusi nahi dauanarentzako, badago onik hain baltz eta ustel ikusten dogun gure mundu eta gizarte honetan… Eta onik gehiago ikusiko geuke haren alde lanean jarriko bagina; bestela, besteen ona ere ez dogu aintzat hartu ahal izango, alderdi zikinak ikusiko geuskioz, eta ez dauala merezi ebatziko geuke-eta.

Baina ez. Jainkoak geure artean bizi izan gura dau, leku eskatzen deusku. Eta Mariak emon eutson erantzuna eskatzen deusku: hona hemen ni, Jaunaren mirabea… Egin deiogun leku, eta ez jaku damutuko: Jainkoak poza dakarsku eta zoriona.

 

 

OTOITZA

Ondasun guztien iturri zaran Jainkoa,

zeure seme-alabatasunez jantzi

eta era guztietako ondasunez inguratu gaituzu

lurralde eder-aberats honetan.

 

Ondasunak neurritsu erabili daiguzala,

izan daiguzala gogoan behartsuak,

izan daiela leku gure artean etorkinek,

eta baita umeek, zaharrek eta gaisoek ere.

 

Gure esku-lana zeuri zuzendutako abestia

eta gure poza zeugandik dogun erantzuna

izan daitezala, ez gure lorpena,

zeure seme-alabatasunaren ezaugarri gara-ta.