ABENDUALDIKO 2. DOMEKEA /B
HITZALDIA
Senideok: Abenduko bigarren domeka honek itxaropentsu jarten gaitu Jainkoaren aurrean. Isaias profeteak iragarri deuskunez, Jainkoa bere herria poztera dator indartsu eta laztanka. Honen aurrean ezin geintekez begira eta geldi egon; harrerea on egin behar deutsagu eta iragarri beharra daukagu, horregaz batera poza gauzatzen ahalegindu behar dogu, azaleratzen eta alkarbanantzen. Jagi, urten, iragarri, adierazi… dira erabilitako aditzak… Jainkoak bere lankide (edo kolaboratzaile) gura gaitu.
Badago, ordea, nekearen arriskurik. Jaunaren etorrereak luzarora joten dauala-ta arduragabekerian jausi geintekez, eta Pedro apostoluak bere idazkian pazientziaz itxaron behar doguzala zeru eta lur barriak, esan deusku. Hau da: Jainkoak ez dau hutsik egingo, luzatzen bada ere; harentzat ez dago-eta egun edo aldirik; dana da gaur, oraintxe.
Hortxe daukagu, horren aurrean, ezaugarri eder eta eredu Bateatzailea; ezaugarri dogu eremua ere, bakardadean eta ezelango erosotasunik ez dagoan lekuan Jainkoa da bilatzen dana. Eta haren baraua eta jantzi latza ere ezaugarri doguz: ez dira haren lehen beharrizanak, ez da hareik asetzen ahalegintzen; bere eginkizuna bidea prestazea da…
Gure egoeran, senideok, gure burua zahartzaroak jota ikusiz eta nekea pilatuz, etsipena nagusitu leiteke eta edozein ekimeni uko egin geikeo. Horrela, nekez esku hartzen dogu lan-taldeetan edo eleiz alkartearen aldaketetan; nekez urteten dogu geure eguneroko martxatxotik, ohituratik, eta egiten jakuzan deiei entzun-gor egiten deutsegu atxaki artean.
Entzun daigun profetearen deadarra: badator Jauna bere herria adoretzera; jagi zaitez, urten bidera, jo turutea eta iragarri.
Eleizan emoten diran eskandaluek, krisiak baztertuazo dauzan familia osoak, eta lanik barik dagozan gazteek, eta politika-ustelkeriak, eta gogorkeria-sexistek eta etorkinen aurreango xenofobiak, eta beste hainbat eta hainbat egoera baltzek ez gaitu geuretxoan itxita bizi izatera eroan behar, txarkeria guztiok salatzera baino, hareen aurrean bizitza zintzoa sendotuz.
Hauxe da Bateatzaileak egiten dauana eremura urtenaz, bizitza neurritsura joz, horrela Salbatzaileari bideak atonduz. Geuk ere beste horrenbeste egin geike: neurriak hartu gure eralgiketei (gastuei), gure gehiegikeriei, gure komodidadeari, eta salatu geure etxeko eta inguruko txarkeriak, zuzengabekeriak, ustelkeriak eta gehiegikeriak.
Otoitzak lagundu leigu ekimen horretan, eta Jainkoaren berbeak bultzatu. Areagotu daiguzan, ba, Jainkoaren Berbearen irakurketea, haregazko otoitza eta ospakizuna, ingurura begiratuz eta merezi dauala bizikera zintzo eta neurritsuak iragarriz han.