ABENDUALDIKO 3. DOMEKEA /B
HITZALDIA
Senideok: sinismena ospatzeak argitasuna eta bizitasuna emon leioz gure eguneroko bizitzeari; bere egunerokeriatik, errutinatik, atara eta gaztetasun eta alaitasun giroan jarri leike. Baina guk arazo larri eta handi bat ez ete daukagun! Horrela bizi dogu gure sinismena, Jainkoagandik ezer onik hartu behar dogulakoan? Jainkoagandik ezetzak, debekuak eta zemaiak baino ez jatorkuzala erakutsi dauan giroan bizi gara, eta horretan sakondu ez badogu eta giro horretatik urten ez badogu… ezer gitxi itxaron geike Jainkoagandik. Hauxe da, senideok, gure gatxik handiena. Honi sinismenik eza deitzen jako.
Sinistun izateak bizitzearen aurreango beste jarrera bat dakar: Jainkoari begiratzea, harengan uste on osoa jartea eta haren esanak gauzatzea. Hauxe da profetea, eta honen barri emoten deusku: Jainkoa bere seme-alabei begira dago, hareen ona nahi dau, eta askatu egingo dau zelan-halango morrontzan dagoana. Sinistunak hau beretzako agindu lez hartuko dau, eta jarriko da beste edozein gizakiren alde, eta egingo dau ahalegin, morrontzan dagoan edonor handik atarateko… horixe dalako Jainkoaren gogoa. Ez da egonean geldituko esku-beso-hankak lotuta. Beste era batera esanda: berak gauzatu beharreko lez hartuko dau Jainkoaren nahia, eta iragarri egingo dau hitzez eta bizikeraz ere, horregaitik aurrean erabilia izango bada ere.
Hauxe bai kezkagarria! Gizakiok geure ingurura eta pentsamoldeetara egokituta bizi garanez, hortik atara gura gaituen iragarpenei eta aginduei aurre egiten deutsegu, eta iragarleak aurrean erabili, hilteraino heldu behar bada ere.
Joan Bateatzaileak ez deutso jarraitzen egokiereari; Jainkoaren nahia bilatzen dau, eta horrek apurketara daroa eta basamortura. Han, inork ez entzuteko eremuan, iragarriko dau bere mezua. Baina haraxe ere heltzen da… bila dabilana, edo/eta han esaten dana ere kaltegarritzat hartu daikeanik. Batzuk, jaramon egin eta bizikeraz aldatu egingo dira; besteek, holango iragarpenik egiterik ere galazo egin gura izango deutsoe.
Senideok: lotsatu egiten gara gure Eleizako eskandaluen barri daukagunean; edo mindu egiten gaitue emakumeen aurkako genero indarkeria ekintzek; edo geure txikikeria eta bihurrikeriak justifikatzera eta ontzat emotera ere eroaten gaitue politikarien eta besteen ustelkeriak eta akatsek… Baina hori ete da eginbeharrekoa? Ingurura egokituta dagoanak gitxi gehiago egingo dau: aldarriren bat edo beste ere bai, behar bada. Holan ezin bizi izan geintekezela jakiteak apurketa bidean jarriko gindukez. Eta edonor ez da horretarako gauza.
Baina gauza izan ala ez, Jainkoaren nahia bilatu eta bizitzan gauzatu gura dauanak aukera egin beharra dauka. Eta badauka Bateatzaileagan espilurik. Gogorra da, baina egiten dauan lana ez da hutsean gelditzen. Atontzen diran bideetan zehar badator Salbatzailea.
Guk keinuak egin geikez: energia aurreztu, hondakinak birziklatu, gastuak murriztu, kontsumoa urritu, neurritsuago bizi izan, gizarteko arazoetan aurpegia erakutsi, behartsuekaz alkartasuna areagotu… eta bizikera horrek, berez ere, badauka bere poztasuna, eta badau emoten iragarteko aukerarik. Eta ziurtzat jo daigun: holan jokatzean Jainkoaren gogoko gara.