34 Urtean Zehar /A

URTEAN ZEHARREKO XXXIV. DOMEKEA /A

 

HITZALDIA

 

Senideok: aurreko domekako talentoen paraboleaz zera ikasi gendun: Jainkoagan uste on osoa izan behar dogula; harengango uste on hori galtzeak bildurrera garoazala, eta bildurrak eten egiten gaitula, lehertu, geldian itxi. Ezin geintekez, ba, egonean egon, ezer egin barik, Jaunak, etortean, gure irabaziak hartu ahal izan daizan. Harek ez dau berea huts-hutsean gura; emon deuskunak, lanean jarrita, irabaziak emon behar dauz.

Gaurko liturgiak hainbeste ate zabaltzen deuskuz gure ekintza eta lana sustatzeko. Lehenengo ta behin, profetearen ahotsak zera esan deusku: Nik neuk larratuko ditut ardiak

Dei zorrotza izan eben orduko agintariek profetearen ahotik: herritarrak ez ebezala behar zan lez zaintzen, aurpegiratzen eutsen-eta. Eta honek guri, eleiz arduradunoi, pentsatu-azo, hausnartu-azo egin behar deusku.

Irudi ederra darabil profeteak Jainkoak bere herria zelan zaintzen dauan adierazoteko; artzain on lez: galduak bilatzen dauz, zaurituak osatzen, eder-gizenak zaintzen… Zelango arduratasunaz! Eta hauxe da bere Seme Jesusengan erakutsi deuskuna. Ez da berba hutsa; berba egia bihurtua da!

Eta hauxe izango da Jesusek bere ikasleei eskatuko deutsena, Mateoren ebanjelioan irudi bildurgarriak erabiliz, euren geldokeriatik atarateko-edo… Zer itxaroten dau Jesusek gugandik, bere ikasleongandik? Berak izan eban besteen ardurea izan daigula, batez ere behartsuenena.

Baina bildur gara. Batzuren antzera uste dogu: etorkinek jan egiten deuskuezala gure onurak, murriztu egingo deuskuezala gure ondo egotea, edo gure seme-alaben lan-postuak edo…, eta esaten ez dogun arren, isilik gagozan arren… eta ez gara gauza besterik egiteko, bildurrak jota.

Parrokietan euretan ere horixe sentitzen dogu. Aurreko domekan ikusten gendun zein motelak eta bildurtiak garan, gure ondasunak, Gotzaitegiaren bidez, parrokia pobreagoekaz banantzeko orduan.

Eta, zer esan, Eleizearen egoera honetan, gure Eleizea ebanjelioratzeko otoitz eta hausnarketa taldetxoetan esku hartzera deituak eta gonbidatuak izan garanean? Nahiago dogula lan hori beste batzuk egitea, gu zaharregiak edo ezjakinegiak garala-ta, edo beste atxakia bat jarriz.

Jesusek Jerusalengo Jauretxean soka-zigorra erabili eban; oraingoan amaierako saria edo zigorra agintzen deuskuz… Zeri oratuko deutsagu?

Ba, senideok, hortxe daukaguz alde batetik gure eleiz alkarteak zaharkituta, motelduta, bizitasunik barik, arnasa eske. Eta hortxe daukaguz elizatik urrunduak ere, edo familia apurtuak, edo euren etxetik kanporatuak, edo langabetuak, edo etorkinak, edo gizarte honetan lekurik aurkitzen ez dabenak…

Danetaz arduratu behar ete dogu, ba? Ba, bai, senideok! Eleiz alkarte bizi, pozgarri, adore-emoile eta harrera oneko izanik. Horixe bilatu behar dogu. Eta horretarako otoitz egin behar dogu, alkartu egin behar dogu, gure ahotsa entzunazo behar dogu, eta etorri leikiguzan aldakuntzak-eta onartu behar izango geukez.

Senideok, ba, itxaropenez begiratu deiogun gure etorkizunari, gure uste on osoa Jaunagan jarriz eta otoitza eta Jainkoaren berbea (ebanjelioa) gure bizitzearen erdi-erdian jarriz. Jainko artzain onagaz batera larratzen doguz bere ardiak.