05 Urtean Zehar /A

URTEAN ZEHARREKO V. DOMEKEA /A

HITZALDIA

 

Senideok: urtean zeharreko 5. domeka honek ebanjelioan, aurreko domekakoaren jarraipen izanik, Jesusek gugandik itxaroten dauanaren aurrean jarten gaitu. Hona gatozanean, ba, senideok, ez gatoz mezatxoa entzuten Jainkoa geure alde jarteko. Azaleko siniskerak eta azaleko debozinoak Jainkoak ez dauzala kontuan hartzen ondo dakigu-ta. Hona gatozanean, ba, Jesusegaz aurkitzera edo topo egitera gatoz, eta gure itauna hauxe da: zer dau gaur Jesusek niretzat aste honetarako? Eta erantzuna irakurgaietan bilatzen dogu. Goazen euretara.

Paulok esan deuskunetik zera atara behar dogu: gure eginkizuna Jesus ezagutzera emotea dala, eta ez giza-jakituriaz edo ahaltsuen ahalmenez, geure apaltasunean baino.

Baina baita beste hauxe ere esan behar da: ez garala lotsatu behar gure sinismena eta Jainkozaletasuna alkarbanatzen. Eta, ulertzeko, hortxe doa adibide bat: emongo baleutsue zikin-zikin eginda, eta tximur-tximur ezagutu ere ez egiteraino… 500 €ko bilete bat, sastarretara botako zeukee, ala garbitu, lixatu eta emon deutsuenari eskerrak emon? Bilete harek ez dau galdu bere balioa zikindu eta tximurtu dan arren… Zergaitik uste izan behar dogu guk daroagun jainkozaletasunak, edo Jesus Jaunaganako sinismenak besteen aurrean ez dauala ezertarako balio aldareetan jarteko lango santuak ez garalako, edo goitik beherako eta oso-osoko sinistunak ez garalako, geure akatsak daukaguzalako?

Lehenengo Irakurgaian Isaiasen berbak aurkitu doguz. Atzerriratua izan dan herriak bere lurraldera eta ohituretara egin daike buelta. Eta albistea pozik hartu arren, laster konturatzen da gauzak ez dirala amestu eben lez, asko gatxagoak dirala.

Eta profeteak, euren jokabidea salatuz, Jainkoak ez dauala azaleko kulturik edo erlijiokeriarik aintzat hartzen esaten deutse. Behartsuaganako alkartasuna erakustean hantxe aurkituko dauala euren gain Jainkoaren aurpegi alaia eguzkia baizen argitsu.

Hona, ba, Jesusek bere ikasleei agintzen deuskuna eta gugandik itxaroten dauana: erakutsi daigula Jainkoaren aurpegi alai-argitsu hori, handiguratik, geurekeriatik eta beste baxukerietatik aldenduz, behartsuaren ondoan egoten jakinda, bihotz garbiko eta bakezale izanda; aurrean erabiliak izan arren, erantzun gogor barik guztia jasanda…

Senideok: besteen ondoan egoteak berak eroango gaitu gure makalkeriei ez begiratzera, laguntzen doguzanek eurek garbituko gaitue-ta; eta gugan ikusten daben argitasunean Jainkoaren aurpegi argitsua ikusiko dabe-ta; eta guk emoten deutsegun bizitasunean gatz bizigarria aurkituko dabe-ta.

Ez gaitezan izan, ba, gure akatsen edo txikikerien bildur. Ikus daigun Jainkoagandik hartuta daukagun guztia; eta, Jesusi erantzun guran, ahalegindu gaitezan behartsuaren ondoan argi egiten eta haren bizitzeari ebanjelioko gatza emoten.

Hausnartzekoa dogu, ba, senideok, ea gure artera datozan edo etorri gura izango leukeen guztiekaz zer egiten dogun edo egin geiken; eta baita hori eragozten daben lege babesleen aurka zelan erantzun geiken.

Hau kontuan hartuz, badaukagu gure eguneroko bizikeran zer aldatu, argi eta gatz izan gura badogu, ezta? Jesusi emoten deutsagun erantzun lez hartu daigun, eta alkar adoretu daigun.


 

OTOITZA

Argi eta gatz izan naitela
eskatzen deustazu zuk, Jesus…
Ba dakizu zein motela nazan
eta zein akats beterikoa?

Zuk, Jesus, nire akats guztien gainetik maite nozu
eta harei ez-ikusia egiten deutsezu,
eta hareik kontuan hartu ez eta gatz eta argi
izan naitela dinostazu, irribarrez.

Eta zelan izan naiteken ere badinostazu:
ez giza-jakituriaz edo azaleko erlijiokeriaz,
nire bihotza behartsuagana zabalduz baino,
haren zoritxarrean argi izpi bat biztuz baino.

Atara naizu, ba, Jauna nire bildurretatik;
atara naizu azaleko gurtza eta praktikatik;
eta nigan dagozan ondasunak aintzat hartuz,
apaltasunez heldu naitela behartsuagana.