06 Urtean Zehar /A

URTEAN ZEHARREKO VI. DOMEKEA /A

HITZALDIA

 

Senideok: gaurko Liturgia honek gure jokabidea bideratzea gura izango leuke. Galdetuko bageutso geure buruari gure bizikeran zerk gidatzen gaitun, jakingo ete geuke erantzuten? Geure kabuz gabiz, ala Legeak, edo Telebistak edo Iragarkiek edo Kontsumotegiek edo Modeak… gidatzen gaitue? Jakingo geuke erantzuten galdetuko baleuskue zer joten dogun ontzat eta zer ez, edo zer txartzat? Zer edo zein izango litzateke gure neurri-makilea?

Lehenengo Irakurgaian, euren buruan Jainkoaren Legeak gidatzen ebazala uste ebenei esandakoa aurkitu dogu. Ustea bat izan daiteke eta izana beste bat. Eta azpimarratzen dauana Jainkoaren Espiritua, Jainkoaren Jakituria da. Bururatu ere egingo litxakigu holangorik guri? Eskatuko geuskio Jainkoari jakituria, haren arabera bizi izateko? Hausnartu daigun unetxo baten…

Bigarren Irakurgaian beste hauxe aurkitu dogu: Korintoarrek "gnosia" edo euren buruko ezaupidea euken ontzat hartuta, haren arabera bizi izateko. Baina Paulok beste jakituria bat aurkezten deutse: Kristogan aurkitu daikeena.

Eta hauxe da ebanjelioan aurkitu doguna. Mateok bere ebanjelioan Jesusen burubide batzuk emoten deuskuz. Gure eguneroko bizitzea bideratu gura izan ezkero, hementxe aurkitu geike neurri-makilea.

Lehenengo ta behin, Jesusek Legeaz ha ezabatzea barik ha bere betera eroatea bilatzen dauala esan deusku. Zenbat legezale aurkitzen doguzan Legea euren alde dagoanean, baina ha zelan alderatu leikeen bilatzen dabenak euren alde agertzen ez danean, ezta?

Legeak lagundu egin behar izango leuke bizitzea gidatzen, eta ez neure eskubideak eta ondasunak besteengandik babesten… Ikasiko bagendu legeaz Jesusek daukazan ezaupidea eta jokabidea… Zeozergaitik eskatzen deutse bere ikasleei Lege maisuek eta farisearrek baino hobeto bete daiela Jainkoaren nahia.

Hauxe dogu, ba, behinena: Ez Legea betetea (alde daukagunean), beti Jainkoaren nahia betetea baino, Legea baino harago joanez. Hauxe da zehaztuko dauana hurrengo urratsetan Jesusek.

Eta hiru adibide edo burubide emongo dauz: 1) Ez inor hil; 2) Ez egin adulteriorik; 3) Ez egin guzurrezko zinik. Eta hiru burubideotan Jesus Legea baino harago joango da; gitxiengo baten ez gaitezala gelditu gura izango dau bere ikasleentzat. Eta egin daitekezan kalteak epaitzeko azken epai-mahaira joko dau, zigorrik handienaren aurrean jarten dauzala: errudun izango da auzitegian; errudun izango da batzar nagusian; infernuko sutarako errudun izango da. Jesusentzat, ba, garrantzi handikoa da bizitzan zehar ondo gidatua izatea, eta beti, Legearen gainetik bada ere, Jainkoaren nahia bilatzea.

Detailetxo bat azpimarratu daiteke. Jesusek adulterioz diharduanean gizonezkoa erruduntzen dau, eta andrazkoa gizonezkoaren parera jasoten dau: ez da emakumea adulterioa egiten dauana (beti agertzen jaku halan), gizonezkoa baino: bai emazteari uko egiten deutsonean, eta baita ukatutako emakumeagaz beste gizon bat alkartzen danean ere. Bietan —Jesusen ustez— gizonezkoak egiten dau adulterioa.

Gogoan hartzekoa dogu, ba, Jesusek emoten deuskun burubidea (Jainkoaren nahia bilatzea) gure bizikerea bideratu gura izan ezkero. Eta horretarako, badakigu zer egin behar dogun: Legeak agintzen dauanagaz ez konformatu; gure inguruko aldarriak iragarten deuskunari uko egin, eta Jainkoari bere jakituria eskatu, bere Espiritua. Berak irakatsiko deusku kritiko izaten eta geure buruaz zintzo jokatzen, eta besteak errespetuz hartzen euren zerbitzari lez.

 

OTOITZA

Geure burua garbitzearren,
edo gure ondasunak-eta ez galtzearren,
edo zinetan edo guzurretan ekingo geuskio,
edo ta beste inor galduko geuke lehenago.

Eta zuk, Jesus, zure jarraitzaileok
geure buruaz zintzoak gura gaituzu,
egi-zaleak eta senidearen zerbitzariak
Jainkoaren nahia beteten ahalegintzen diranak.

Emoiguzu, ba, Jesus, adorea
gure bizikerea geure ardurapean hartzeko
eta Jainko-jakituria, haren arabera jarduteko
Jainkoaren erregetzearen eraikuntzarako.