04 Urtean Zehar /A

URTEAN ZEHARREKO IV. DOMEKEA /A

HITZALDIA

 

Senideok: Urtean zeharreko laugarren domekako Liturgia honek geure buruaren eta geure sinismenaren aurrean jarri geinkez, halan nahi izan ezkero. Hauxe esan gura dot: etorri geintekezala Liturgiara ikuskizun batera lez; edo etorri geintekezala baita norbere bizitzea Jainkoaren aurrean jartera. Bigarren honetara gatozanok arreta jarri behar izango dogu harek dinoskuna entzuteko, hausnartzeko eta geuretzeko. Honek ahalegintxoa eskatzen dau geure aldetik ere…

Esan daigun, ba, hasiera-hasieratik: gure bizikerea zeozertan behintzat aldatzen ez dauan liturgia alperrekoa izan da niretzat. Eta, gehienetan, aztertu beharrekoa ez da izaten Liturgia bera, edo haren zerbitzura doguzanak, geure jarrerea baino: bai bakotxarena eta baita talde osoarena ere. Sarritan bakotxaren hozkeriak edo geldokeriak edo alperkeriak daroa talde osoa alperkeriara, geldokeriara eta hozkeriara…

Hau gogoan izanik, gogo onez zabaldu daiguzan adimena eta bihotza gaurko hitzean murgiltzeko unean, eta barru-barruan entzun daiguzan Isaias profeteak esan deuskuna: bilatu eizue zuzentasuna, bilatu eizue apaltasuna. Apaltasun horretatik onartu eta geuretuko doguz Paulo apostoluak Korintoarrei zuzendutako berbok: gure artean zaharrak, indargeak eta, sarritan, ezertarako ez diranak agertzen dirala. Horixe gara, senideok. Ez daigun bilatu, ba, gure txikitasuna edo ezjakina edo mugak-eta ezkutatzea, edo besteek agertzen dabena salatzea edo gaitzestea. Hemen badaukagu zertan aldatu, eta bidea apaltasuna dogu, eta norabidea zuzentasuna.

Eta aldakuntzarik handiena ebanjelioan entzun dogun Jesusen hitzaldiak eskatuko deusku. Ez da entzunaz bat geuretu geiken hitzaldia. Ebanjelariak ez dau Jesusi entzundako berbok zuzen-zuzenean idatzi gure ezagutzarako. Bai zera! Mateok ondo inspiratuta landu dau orain entzun dogun ebanjelio zati hau: bere ebanjelioaren erdi-erdian dago Mendiko Sermoia deritzon hau; eta honen erdian otoitza kokatzen dau eta Aita Gurea. Zeozer esan gura deusku, ba, senideok, Mateok honegaz. Hauxe bai, behintzat: arinkeriaz ez daiguzala entzun berak hainbeste landu dauzan hitzok.

Hemen Jesusek bere burua agertzen dau, eta bai bere herritarren aurrean eta baita —eta batez ere— orduko eliz-agintarien aurrean, goitik behera konprometitzen da: Jesusek iragarten dauan Jainkoa ez da herri harek gurtzen dauana, edo eleiz-agintariek iragarten deutsena. Hau dala-ta, Jesus Jainko madarikatzaile hartua izango da, biraolari; eta beretzat heriotzea eskatzeko arrazoia izango da.

Ordukoek zera uste eben: Jainkoak onetsi egiten ebazala zintzoak; eta hori harei ondasunak eta bizitza luzea emonaz agertzen ebala… Jainkoari zintzotasunez erantzuten eutsonari gauzak ondo joakozala uste eben.

Bizitzeak, ostera, erakusten dau besterik! Eta Jesusek horren erratua eta guzurra agertzen dau eta salatzen, eta bizikera barri batera deitzen dau. Jesusek ez dau esango Jainkoari zintzo izatea alperrekoa danik, gauzak, hori dala-ta, ez jatzuzala ondo joango-ta; beste hauxe baino: Gauzak ondo ez joakuzanean Jainkoa ondoan dogula, eta Jainkoari zintzo izan nahi dauanak beste horrenbeste egin behar dauala bere geideagaz.

Jesusek horretantxe iragarten dau Jainkoaganako bere zintzotasuna: pobre bizi izatean, eta pobre eta baztertuengana hurreratzean; atsekabea jasatean, eta zuzentasunaren gose-egarriz bizi izatean; errukitsu jokatzean eta bihotz garbi agertzean; bakearen aldeko lanean eta horregaitik, ez beste ezergaitik, aurrean erabilia izatean

Ez ete dogu guzti hau, senideok, kontuan hartu behar, hausnartu eta geuretu behar, haren jarraitzaile izan gura dogunok? Badogu lana!


 

OTOITZA

Jainko Jauna: ebanjelioa entzunez kezkatan jarten naz
eta zuganako egarria sortzen jat, bildur-ikaraz,
zure Seme Jesusek zelango zintzotasunaz
iragarten zaiakuzan eta bizi zaituan ikusiz.

Zenbat bider eskatzen deutsudan, Jauna,
edo osasuna edo laguntza edo argitasuna…
neure arazoen gainetik egotearren
edo apur bat hobea izatearren…

Eta harek beste gauza bat irakasten deust,
niri askoz ere gatxagoa egiten jatana
eta ez hain onuragarria, antza:
zu behartsuen ondoan zagozala,

zintzoak diralako aurrean erabiliak diranen ondoan
eta halantxe nahi nozula neu ere.

Emoidazu horretarako behar dodazan
bihotz apala eta zuzentasun egarria.