URTE BARRI
Hitzaldia
Senideok: alkarri ZORIONAK opa deutsaguz urtearen hasieran. Zein ohitura ederra dan hau! Zorionak opa deutsaguz etxekoari, auzoari, lagunari…, eta kalean aurkitzen dogunari ere bai: geure egarria, geure gogo bizia azaleratzen dogu horrela. Zorion egarri gara!
Argi ikusi dogu eta ikusten dogu, Pandemia hau bitarteko, gure zoriona ez dagoala ez ondasunen esku, ez osasunaren esku, ez guk uste genduan beste gauza askoren esku ere. Danak joan jakuz pikutara. Eta alkarren ardura hartzera egiten jaku dei.
Urte Barriko Liturgiak Jainkoari begira jarten gaitu, eta harek gure zoriona gura dauala dinosku. Eta, zorionaren iturri lez, bedeinkapena iragarri deusku, onespena.
Ikasiko bagendu, senideok, alkar onesten! Batak besteagaitik ondo hitz egiten! Asko aurreratuko geuke zorionaren bideetan. Baina, zoritxarrez, ez dozue uste larregi madarikatzen dogula? Danok behar gaituan Gizarte honetan ez dogu gauza onik lortuko alkar madarikatuz; eta bai alkar onetsiz.
Egun honetan, Urte Barri egunean, Mariaren amatasuna ospatzen dau Liturgiak, eta Jesus Umeari izena ezartea. Eta gainera, Bakearen alde otoitz egitea eskatzen jaku.
Alde batetik, Jainkoaren seme-alaba garala dinogu. Bilatu daigun, ba, alkarrentzako senide izatea, alkar onestea, eta batak bestearen beharrei eta arazoei alkarregaz erantzutea. Ba ete dago bakerako hori baino bide egokiagorik?
Beste alde batetik, zoriona ez jaku kanpotik etorriko; ez dogu gauzak pilatuz lortuko; ez bakotxak berea zainduz eskuratuko. Zorionak barrutik urten behar dau.
Eta urtengo dau, Mariaren antzera barrura begiratzen badogu; Jainkoaren seme-alaba garala autortuz, haren onespenaz alkar bedeinkatzen badogu; Urte Barriari ezer eskatu beharrean, ha Jainkoak emoten deuskun aukera lez agurtzen eta eskertzen badogu, barru-bakea lantzeko, senidea onesteko, eta alkarren beharra daukagula autortzeko.
Izan daigun gogoan, senideok, Jainkoak bere seme-alabatasun hazia erein dauala gure barruan: ebanjelioko artzainen antzera bilatu daigun, emon deiogun izena, geuretu daigun, eta zorionezko pozean iragarri daigun geure inguruan, Bakeari bideak jarriz, gure Ama Mariaren laguntza paregabeaz.