GABON OSTEKO DOMEKEA /A
(FAMILIA SANTUA)
Hitzaldia
Senideok: Gabon egun osteko domekan, Eleizeak Familia Santua gogoan hartzera gonbidatzen gaitu. Egun honetako Liturgiak sinismena azpimarratzen dau, eta honen garapena. Ez dira bardinak Itun Zaharreko sinismena eta gurea. Ez leuke bardinak izan behar, behintzat. Bitartean Jainkoa gizon eginaren misterioa dagoalako.
Batzuentzat, sinismena, Jainkoari eskatzea, eta harengandik lortzea litzateke. Eta, horretarako, inori kalterik ez egitea, ona izatea, eta Jainkoari, haren ordez, zeozer eskeintzea.
Baina hemen ikusi doguna beste gauza bat da: Jainkoari adi-adi egotea. Jainkoari adi dago Abrahan; adi dagoz, ohiturak betez, Jose eta Maria; eta adi dagoz, itxaroten Simeon eta Ana. Hau bai sinismena: Jainkoari adi egotea.
Lehengo sinismenean, Itun Zaharrekoan esango geuke, nahikoa izango litzateke, gaur egungo familien egoerea ikusita, Jainkoari hareen alde eskatzeaz.
Baina Itun Barriko sinismenak, Jainkoari adi egoten dakianak, harek zer dinoskun entzutea, eta dinoskunagaz konprometitzea eskatuko leuke.
Harrituta bagaukez gaur egun ikusten doguzan familiek, hareetan Jainkoaren ahotsa eta nahia entzuten eta aurkitzen jakin behar izango geuke. Zein errez ezeztatzen doguzan beti ezagutu dogun erara moldatzen ez diran familiak! (Aurretik banandutakoez osotu diralako; edo andrazko bik edo gizonezko bik egiten dabelako guraso; edo, aita edo ama bakarrean izan gura dabelako; eta abar).
Jainkoak era askotakoak egin bagaitu, ez ete geuke alkar onartu behar, alkarri lagundu behar, bakotxaren onurak alkarbanatu behar…?
Ea eredu hartzen doguzan Jainkoaren irakatsiei erantzun gura deutseen Jose eta Maria; haren agintzarien betetea itxaroten dauan Simeon; eta, hareen barri, poztasunez emoten eban Ana.
Gaurko sinismena litzateke Jainkoari adi egotea, haren berbea alkarregaz ospatzea, eta, alkarregaz, sinistun familia eratzea, bata-besteen ezbardintasunak alkarregaz eroaten jakinez. Horretarako, otoitzean indar hartuz.
Ikasi daigun Mariagandik: ulertzen ez ebazan gauzak barruko isiltasunean, otoitzaren errotan, eihoten ebazan.