GABON OSTEKO 2. DOMEKEA /A
HITZALDIA (I)
Senideok: Gabon giroan baino hobeto ez dogu inoiz somauko Jainkoaren seme-alaba garala, harek maite-maite gaitula, eta harengan gure uste on osoa eta itxaropena jarriz, zoriontsu izan geintekezala. Zer besterik aurkitzen dogu Jesusengan? Zer besterik aurkitzen dogu haren guraso Jose eta Mariagan? Zer besterik aurkitzen dogu Joan Bateatzaileagan, eta hain alaitsu eta adore emoile hitz egin deuskun Paulo Apostoluagan?
Bagina gauza Jainkoak deuskun maitasunean murgiltzeko… Orduan bai geuretuko geukezala Joanen ebanjelioaren sarreran esaten jakuna, eta Paulok bere epistolan iragarri deuskuna. Orduan bai Jainkoari ez geuskiola ezer eskatuko, gure barruan ezarri dauan bere Jakituria bilatuko baino. Eta orduan bai, argitasunean bizi izango ginatekela, eta, haren zoria, geure inguruan zabalduko geukela.
Zer behar ete dogu horretarako, senideok? Argi esan deusku ebanjelioak: sinistea! Jainkoak bialdu deuskun bere Semeari harrerea egitea, ateak zabaltzea, haren besarkada maitalea hartzea…
Ez daigun uste izan hori irabazi egin behar dogunik. Jainkoak emon egiten deusku, maite gaitulako; eskatu aurretik emon ere… Geure barruan bilatzea baino ez daukagu; bidera urtengo leuskigu bila hasi ezkero.
Ez gaitezan, ba, okerreko bideetan ibili. Ez daigun uste izan merituak egin behar doguzala, eta hori gatxa dala. Sinistu daigun Nazareteko Jesusengan. Eta onartu ta autortu daigun —Paulok egiten dauan lez— Jainkoak ondasunez bete gaitula bere Semeagan.
Bilatu daiguzan ondasunok geure barruan, otoitz-giroan, senideenganako eskuzabaltasunean, eta esker onean. Laster baten hasiko litzateke lanean gugan Jainkoaren Jakituria; eroango gindukez ezelango bildur eta konplexu barik senideengana, harei harrera on egitera, parkamena bideratzera, bakearen alde lan egitera, eta jasan beharrekoak jasatera, eroapenez, gogo onez.
Bai, senideok: izurrite honen eraginez, hainbeste dagoz sufritzen; familia osoak, emakumeak, erbestetik etorriak… Danentzat izan gaitezan argi eta itxaropen, Jainkoak egin deuskun erregaluari ateak zabalduz eta bere eskutik.
(Edo…)
HITZALDIA (II)
Senideok:
begira zer eskatzen eban bere otoitzetan Paulo apostoluak berak sortutako
sinistunen taldekideentzat: «Jesu Kristo
gure Jaunaren Jainkoak, aintzaren Aitak, emon deizuezala Espirituaren jakituria
eta goi-argia…». Zertarako behar ete doguzan guk Espirituaren jakituria eta goi-argia pentsatzen hasi nazanean, zera
bururatu jat: orain arte esaneko izan
gaitezala eskatzen izan jakula Eleizan, baegoalako gugaitik nork pentsatuko
eban, eta baita non aurkitu beharrezko erantzunak ere: Doktrinan, Lege
Kanonikoan; honeexek ziran bizitza ubidea egiten euskuenak (eta gehienentzat,
behar bada, holantxe da oraindino).
Baina
gauzak aldatzen doaz. Vatikanoko II. Kontziliotik hona hainbat aldatu da (gura
izan dau aldatu, behintzat) gure eleiztartasuna eta sinismen ikuspegia.
Aspalditik itzi dogu ez-ikasiak eta arduragabeak izatea. Gure Eleizeak
arduratsu gura gaitu eta ikasiak. Ez dauka beste
inork gugaitik hausnartu beharrik. Geuk hartu behar dogu horren ardurea.
Zelan? Hortxe dator Pauloren eskaria: Espirituaren
jakituriaz eta haren goi-argitan.
Badirudi
norberak erantzukizunez erantzutea baino erosoagoa dala esaneko izatea. Horrexegaitik, behar bada, bazter guztietan
agertzen dira burrukak lehengotan
jarraitzea gura dabenen eta euren
ardurak hartzea bilatzen dabenen artean.
Bai,
senideok. Heldutasunez jokatzeak bere arriskuak eta ondoezak dakarz. Erosoagoa
da esaneko izatea, hausnartu beharrik
ez eukitea, besteak ez dakila agintzen, edo ez dauala ondo pentsatzen, edo
agintzen dauana berak ere ez dauala beteten eta ez daukala horretarako
aginpiderik, edo… aurpegiratzea. Ardurak hartzea, alderantziz, neketsua da, eta
ezin jakoz inori aurpegiratu norbere akatsak, hutsak, erratuak, ezinak eta
makalkeriak.
Honen
aurrean, ba, senideok, aukera bat egin behar dogu: nahi dogu, Apostoluaren
eskariaren arabera, Legepetik urten eta askatasun bideetan jardutea? Holan
bada, gure akatsak inori aurpegiratzea alde batera laga eta, Espirituaren
argipean, esku hartzen hasi behar dogu, bai eleizgintzan, bai herrigintzan eta
baita geuri dagokiguzan beste arlo askoren bultzaketan ere. Neketsuagoa da,
baina baita Jainkoaren seme-alaba askatuenagoa ere. Holan gauzatu geike
ebanjelioan entzuna: «Legea Moisesen
bidez emon zan; grazia eta egia, barriz, Jesu Kristoren bidez etorri dira».
Legeak menpeko egiten gaitu; graziak
eta egiak, barriz, askatuak (libreak). Askatasunak bere salneurria
dauka; garesti ordaindu behar da; baina askeak gura gaitu Jainkoak.
Aukera
hau egiteak, senideok, gure Eleizearen eta sinismenaren eta gure izakerearen
ardurea hartzera garoaz. Badakizue honek zer esan gura dauan? Eleizea,
eleiz-agintariak, abadeak edo kritikatzen doguzan beste nor edo gauza asko
kritikatzea alde batera laga behar dogula, eta guzti horren ardurea hartzen
hasi, edo hartu dogun ardurea garatzen jardun behar dogula… Neketsua, ezta?
Gure egoera erosotik urtenbeharra eskatzen deusku, ezta? Ez dakiguzan gauza
asko eta asko egitea eskatzen deusku, ezta? Bildur gaiakoz, ezta?
Ba, ez izan bildurrik. Espiritua prest dogu bere jakituria eta argitasuna emoteko. Jo daigun alkarteko otoitzera, ebanjelioaren irakurketara, sinismena ospatzera, Jesukristorekin topo egitera, Jainkoaren esperientzia dastatzera eta alkarbanatzera, eta berak jardungo dau gure bitartez. Ez ete dogu hauxe berau ikusi eta ospatu Mariagan? Espirituaren esku jarri zan, eta Salbatzailea erditu eutson munduari. Jarraitu daiguzan geuk ere bere urratsak.