Pentekoste

PAZKOALDIKO VIII. DOMEKEA /A

(PENTEKOSTE)

HITZALDIA

 

Senideok: Jesus Jaunak ez gaitu umezurtz itzi Aitaganatzean: bere Espiritua emon deusku eta eginkizun bat. Uste ona dau gugan (fidatzen da gutaz). Ba, ez deiogun huts egin; erantzun deiogun esker onez, gure esku jarri dauan eginkizuna ezagutuz, bere Espirituaren sua eta adorea somatuz…

Pazkoaldia zelan hasi gendun halantxe amaitzen dogu: Joanen ebanjelio txatalagaz: Bakea zuei… Hartu Espiritu Santua. Zuek parkatzen dozuezan pekatuak parkatuta geldituko dira

Jesusek ez dau kontuan hartzen bera bakarrik itzi eta ihes egin eutsoena, ez eta handiguratan ibili izatea ere, ez eta oraindino gauza asko eta asko ez ulertzea… Bere maitasunetik egiten deutse mandatua, uste ona jarriz eurengan. Euren kabuz ez dira ezertarako izango; baina beragan jarraitzen badabe, Espirituaren indarrean, beragandik ikasitako guztia gauzatzen jardungo dabe.

Hona lehenengo eginkizun handia, lehenengo irakurgaian azaldu jakuna: pekatuak banatu egiten gaitu, alkarren aurka jarten gaitu, eta zatiketak sortuazoten ditu… Espirituak, barriz, alkartu eta Jainkoa goraltzen jarten gaitu: bat da nagusia, beste guztiok parekoak gara eta alkarren zerbitzari. Zerbitzu horretan lehenengo lez jarten deusku alkarri parkatzea. Zelango lana dauan Jesusen Espirituak gutariko bakotxagan gure akats eta erruei ez-ikusia egiten deutsegu-ta, parkamen eskatzea, txikiagotu egiten gaitulako-edo, gatx egiten jaku-ta; parkatzea, ordainik hartu barik, ezinezko egiten jaku-ta…

Ez ete dogu ezertarako Jesusengan sinistea, haren Espiritua hartzea, harek gugan uste ona dauala eta maite-maite gaitula jakitea… ez ete dogu ezertarako? Zer behar ete dogu gure barruan daukaguzan ontasunak jokoan jarteko eta besteengandiko onurak onartzeko eta alkarri akatsak parkatzeko?

Jesusek bere ikasleak alkarregaz gura izan ebazan, alkarren zerbitzari… munduaren aurrean ezaugarri izan eitezan, alkarregaz, alkarren zerbitzari eta alkar maitatzen bizi izan behar eben. Eta zein gatx egiten jakun bizikidetza, alkarregaz bizi izatea! Zenbat tira-bira, zenbat aurpegiratze, zenbat ardurabakokeria, zenbat norkeria…

Euki behar dau hor lanik Espiritu Santuak; eragin izugarria, lurrikarea langoa, emon behar deusku, eta atara behar gaitu gure ezkutu-tokietatik, lasai eta eroso jarreratik… alkarren arazoez eta beharrizanez arduratzeko.

Hasi gara parrokietako zeregin eta zerbitzu batzuk alkarren ardurapean jarten, eta eginbehar batzuk-eta bateratzen… Baina zein gatx egiten jakun lehengo eleiz-iruditik urten eta bide barriak entsaiatzea…

Gure eleiz alkarteak abadeari begira eta haren pentzura dagoz… eta negarrez dihardue abaderik ez dagoalako, leku guztietara heltzen ez diralako, laguntzaileak behar dabezelako eta honeik gero eta zaharragoak diralako… lasterko gara! uste dabe.

Ez ete gaitu bultzatuko Jesusen Espirituak gure eleiz alkarteetan Jesus Jauna erdian jartera, haren inguruan alkartzen diranei bakea zuekin esaten eta parkatzera bialtzen, bere Espirituaren indarrean?

Holangorik ez dogu ezagutu. Bai, ostera, mezea entzutea eta onak izaten ahalegintzea… Baina ezin geintekez horretan gelditu. Era barriak aurkitu behar doguz: alkartzeko, Jesusen hitzaz eta haren ogiz janaritzeko, Jainkoa goraltzeko, eta haren guganako maitasunaren autorle (testigu) izateko ingurutxo honetan. Bilatu daiguzan erak, mezatxoa entzutetik harutzago!

 

OTOITZA 

Zatoz, Espiritu bizi-emoilea!
Atara gaizuz gure ilunetatik,
ikusiazo eiguzuz aldien ezaugarriak
eta, harei erantzuteko, emoiguzu adorea.

Zatoz, Espiritu bizi-emoilea!
Atara gaizuz gure ohikerietatik,
eta eroan gaizuz haize-su bolaratan
aintzat hartuak ez diran senideengana.

Zatoz, Espiritu bizi-emoilea!
gure harrizko bihotza haragizko bihurtzera,
han bere lekua izan daian une oro
ate-joka jatorkun edozein Jainko seme-alabak.