Igokunde

PAZKOALDIKO VII. DOMEKEA /A

(IGOKUNDE / ASENTSIO)

HITZALDIA

 

Zer sumatzen dogu, senideok, Jesus Aitagana joatean? Umezurtz geratzen garala? Gureak egin dauala? Gure uste guztiak pikutara joan dirala? Hobe izango litzatekela beragana hurreratu ez bagina, edo ezagutu ez bagendu, orain bera barik gelditzen garala-ta? Behar bada, hori guztihori eta gehiago ere bai. Baina zuzena ete da hori sumatzea? Aztertu daigun apur bat.

Umetxo batentzat ama galtzea hori guztihori izan daiteke. Baina gu ez gara umeak, ezta? Ala sinismen mailan bai, beste gauza danetan heldutasunera heldu bagara ere? Behar bada. Eta horretan geuk, abadeok, astindu behar izango geuke gure bularra "mea culpa" autortuz. Sinistunaren eta eleiztarraren ia ardura guztiak geuk eskuratu doguzalako, eleiztarra arduragabekerian itziz. Baina hori ere ez da egia osoa. 

Aspaldi danik (abadeen urritasuna sumatzen hasi aurretik, Eleizbarrutiko Batzar Nagusiaren ondorio lez) Eleizea guztion artean eta ardurakidetasunean eraikiko gendula esaten gendun. Geure berbea emon gendun eta parrokia gehienak hasi ziran kontseiluak eratzen, liturgiarako eta katekesirako taldeak eratzen eta indartzen, eta eleizako ardura asko jarri ziran laikoen eskuetan, leku batzuetan "abadeari andrek agintzen deutsoe" esateraino. Eta baita abadegoaren urritzeari usain hartuz hainbat lekutan abade bako eleizkizunak egiteari ekin jakon, eleiztar askok, mespresuz, andren mezak deitzen bazituen ere.

Hau da: Jesusek umezurtz ez zitula itziko agindu eutsen ikasleei, eta komeni zala bera joatea, bestela ez ebela-ta Espirituaren barri izango. Zertaz ziharduan, ba? Ba heldu zala unea erakutsi gura izan eutsen: heldu zala euren ordua. Maisuaren inguruan ikasitako guztia gauzatzen hasteko ordua; guzti horren autorle, edo testigu izateko ordua; autorletza edo testigutza hori inguru guztietara zabaltzeko ordua: ardurak hartzeko ordua. Eta bultzatzaile, laguntzaile, eragile Espiritu santua. Ez eben egingo Maisuak berak egiten eban lez, baina haren antzera egiten ahaleginduko ziran, euren erara egin arren. Eta arazo larriak zelan sortu, halan erantzuten ahaleginduko ziran, Maisuaren esanetara. Ze dinamikatan? Alkartu, otoitz egin, barau eginez Espirituari deituz eta erantzun bateratsu bat bultzatuz.

Gatozan gure gaurko egoerara. Zein litzateke Jesusen gogoko jokabide? Abade barik gelditzen garala-ta, atsekabez, negar egitea? Dana bertan behera laga eta auzora ihes egitea? Ala alkartu eta, otoizgiroan, Jainkoari aukera hau eskertzea? Bada ordua, senideok, abade urritasunez bada ere. Behartuak gagoz. Aurrera jarraitu gura badogu, sinismena eta eleiztartasuna aintzat hartzen badoguz, lanean jarri behar dogu. Bakotxak dakiguna alkarren zerbitzuan jarten, Jesukristoren testigu gaur eta hemen izaten, eta haren barri gure berbeaz eta bizitza jokabideaz eta sinismena ospatzeaz emoten.

Heldu da geure ordua. Emon daiguzan eskerrak. Zelan? Lehenengo ta behin, alkartuz: otoitzerako, Jainkoa goresteko eta gure arteko hartu-emonak eta alkarren ardurea sendotzeko, Jainkoak guri deuskun maitasunaren testigu izateko. Baita Jesus Jaunaren bizitzaz, hitzaz eta ereduez jabetzeko ere, Jainkoaren hitza entzunez, eta Gurejauna gure artean bananduz; eta gure arteko, auzoko eta herriko behartsuei leguntzeko. Horretarako behar gaitu Jainkoak eta emoten deusku bere Espiritutik eta alkarrenganatzen gaitu bere deiez.

 

OTOITZA 

Jesus Jauna: zure zeruratzean
eginkizun bat jarten deuskuzu eskuetan,
eta, bete ahal izateko, Espiritu santua agintzen.
Bai dozula gugan ustea, Jauna!

Eta guk beste gauza batzuetan dogu burua:
gure artean handiena nor dan,
edo zure erreinuan lehenengoa nor ete,
edo beste zenbat mundukeriatan, Jauna!

Gure egunotan Jainko-egarririk ez dagoalako,
edo azaleko gauzetan galdu garalako…
Jantzi gaizuz zeure Espirituaz,
gizaki barri, bake-zale eta solidario izateko.

Errespetatu daigula gure ingurua eta zaindu;
ondasunen banantze zuzena bultzatu daigula;
etorkinei harrera on egitekoak izan gaitezala
eta behartsuaren ondoan egon gaitezala.