PENTEKOSTE ONDORENGO DOMEKEA /A
(Hirutasuna)
HITZALDIA
Senideok: zelan irudikatzen dau gutariko bakotxak Jainkoa? Gaurko Liturgiak Jainkoa hirutasunean irudikatzen dau, eta Aita, Semea eta Espiritu santuaz egiten deusku hitz, bakotxari bere nortasuna eta eginkizuna emonez, baina bakar bat eta bera dala esanez.
Hain garrantzizko ete da, senideok, Jainkoa zelan irudikatzen dogun jakitea? Zer esanik ere ez!, irudikatzeak bakotxaren bizipenetik egiten dira-ta; eta zelan irudikatzen dogun jakiteak norbere buruaren ezaupidea emoten deusku-ta.
Batzuk ez dabe holango arazorik gura izango; ez deutse ardura euren burua ezagutzeak; inguruagaz joango dira, lasai eta eroso, eurenetik ezertxo ere ipini barik, besteei ezer aportatu barik.
Baina ez dabe holan jokatuko besteentzat zeozer izan gura dabenek, besteei zeozer aportatu gure deutseenek. Eta horreexen arteko garala uste izanik egin geike hausnarketa-otoitz hau.
Alde handia aurkitzen dogu lehenengo irakurgai biek aurkezten deuskuen Jainkoaren irudikatzean. Itun zaharrekoan (Urteera liburuan) badirudi Moises Jainkoa bera baino hobea, errukitsuagoa eta herriaren maitaleagoa dala: haren pekatuaren aurrean (Jainkoa baztertu eta sasi-jainkoetara jo dau), Moisesek Jainkoaren haserrea geldituazo gura dau, harek herria suntsitu ez eian. Holan ete da, senideok? Ba, sarri jokatzen dogu horrela: Jainkoari gutaz errukitsu jokatu daiala, gure otoitza entzun daiala, gure arazoak, pobreenak, gaixoenak, eta txarkeria, esplotazinoa eta zintzoek sufritzen dabezan zuzengabekeria guztiak ezabatu daizala eskatzen deutsagunean. Holantxe izan dala beti esango dogu, behar bada; edo berak dinoskula holan egiteko ere esan geike. Baina bai? Holan da?
Paulok beste jokabide bat azaldu dau egin dogun 2. irakurgaian. Korintoko kristau senideen artean haserreak, konpon-ezinak eta zatiketak egozan. Eta Jainkoari konpondu daizala eskatu beharrean, Jainkoaren laguntzaz eta hari esker, bakotxak beretik emoteko eskatzen deutse, alkarri parkamena luzatuz, alkar besarkatuz, alkarri zerbitzu eginez, Jesukristok irakatsi euskun lez.
Hauxe da Jesusek ebanjelioan emoten deuskun Jainkoaren irudikapena. Harek Semea emon deutso munduari (hau da: Jainkoa munduan sartuta dago) ez hau hondatzeko edo gaitzesteko, hau salbatzeko baino. Eta salbatuko dau, bere bizia emonda.
Zintzoak izatea bilatzen badogu, ba, senideok, Hirutasun santuaren egun honetan emoten jakun Jainkoaren irudikapenaz, aztertu daigun ze irudikapen dogun: ea arazo guztiak konpontzera bialtzen dogun, ala guztietara neu bialtzen nauan Jainkoa dan nirea/gurea.
Hau da: gure otoitzean arazoak aurkezten doguzanean ez da, gero, Jainkoari dana konpondu daiala eskatzeko, gutariko bakotxak arazodunen ondoan egoten jakin daigula eskatzeko baino, eta hantxe emon daigula bizia.
Bizia emoten dogu, senideok, begiak zabalduz inguruko arazoak ikusten doguzanean; hareen eragile sarritan geu garala autortzen dogunean; zuzengabekerien aurka aldarrikatzen dogunean; ihesi dabizanei atea zabaltzen deutsegunean; gure kontsumoa murrizten dogunean, eta birziklapena bultzatzen dogunean… Orduan ez gara teoriazko Hirutasunean geratzen, haren antzera jokatuz misterioa bizitzaratzen dihardugu. Hauxe da Jesusengan sinistea; hauxe da salbamena.
OTOITZA
Nahitaezkoak doguz haserreak
bakotxak bere erara uste dogulako
eta ustea alkarren zerbitzura barik
besteak azpian hartzeko darabilgulako.
Ez da hau zugan ikusten doguna, Jesus,
Espirituaren eraginaz, Aitaren esanetara zagozalako
eta, horrela, bakotxa bere izantasunetik
alkarregaz Jainko bakar agertzen zareelako.
Ez dogu nahi besteak menperatzeko ahalmenik,
besteak konbentzitzeko arrazoirik;
gura doguna hauxe da, Jesus:
munduari bizia emotera bialdu gaizuzala.