PAZKO EGUNA /A-B-C
HITZALDIA
Zorionak, senideok! Nazareteko Jesus hila izan da eta Jainkoak biztu egin dau hilen artetik. Hauxe da poza daukaguna! Ez gara heriotzarako, bizitzarako baino. Hauxe da Jainkoak bere Semeagan dinoskuna. Agertu deiogun gure esker ona eta egin daigun jai, heriotzeak bizitzea ez daualako mozten, betiraunean sartzen baino. Eta gure jaia etenbakoa izango danaren irudi izan daitela: eroan gaizala Jainkoaren seme-alaben poztasunera, ugaritasunera, alkarrenganatzera.
Benetakoa dogun poztasun hau ez da gelditzen bakotxaren kolkoan edo barruan; kanpora urteten dau eta besteekaz alkarbanatzen da; besteei ere dei egiten jake poztasun horretara Jainkoa eskuzabala dalako, errukitsua eta gizaki guztion zoriona gura dauana.
Horren barri-emoile egiten dira ikasleak. Bildur barik eta agerian agertuko dabe hila izan dana Jainkoak bizien eta hilen jaun eta epaile izendatu dauala, eta harengan danak hartzen dauzala bere errukian.
Senideok: gauza ederrik asko egingo ebazan Jesusek bere bizitzaldian, baina danak galduko ziran edo oroimenean gogoratuko gendun. Baina gaurkoan beste zeozer dinogu: Jesus ez da amaitu, ez da gogoramena; bizi da Jesus, hilen artetik Jainkoak atara egin daualako.
Ez da erreza hau azaltzea. Baina hauxe da haregaz ibili ziranek eta mahai batetik jan-edan ebenek dinoskuena. Eta guk sinistu egiten deutsegu. Eta, euren antzera, geu ere haren testigu egiten gara.
Ez dogu gura lehengo gizaki zahar lez bizi izaterik, dana heriotzara balijoa lez. Gizaki barri lez bizi izan gura dogu: bizitzeak garaile urtengo dauala sinistuz. Jainkoak bizi izatera deitu gaitu, eta bizitzak haren altzoan hartzen dau bere betea. Eta betiko.
Ebanjeliotik dakigu zein gatx egiten izan jaken Jesusen ikasleei ere hori sinistea. Ez da harritzekoa. Baina hila uste ebena bizi lez sumatzen dabe, eta horren barri emoten hasten dira, harrigarria eta sinistezina egiten bajaken ere.
Zer dagokigu guri? Jainkoari gure esker ona agertzea, bizitzearen testigu izatea eta alaitasuna isurtea. Horregaz batera, heriotzearen indarrak eta harako jokabideak salatzea eta hareen aurka egitea, Jainkoaren seme-alaba lez agertzeko, Jesus Jaunaren jarrerak eta jokabideak azaleratzeko.
OTOITZA
Bizitzarako sortu gaituzu Aita/Ama Jainkoa
eta ez gaituzu heriotzan izten;
horixe da sinisten doguna, baina
ez jaku hain errez egiten.
Zugandik aldentzeak heriotzea dakar
eta, zugan, benetan bizi gara;
heriotzan dana galtzen dala uste izan arren
bizitzakoa da zure azken hitza.
Egin gaizuz bizitza zaleak
eta haren testigu eta iragarleak,
lokarripean dagozanen ondokoak,
eta guztiei zeure bizia emotekoak.