02_Pazkoa /A

PAZKOALDIKO II. DOMEKEA /A

HITZALDIA

 

Senideok: Pazkoaldiko 2. domeka honek Berbiztuak sinistunen bizitzan dauan erdikotasunaren barri emoten deusku: alkarregaz egozala, erdian agertzen jake Jesus, eta “Bakea zuekin” dinotse. Eta lehenengo irakurgaian Jesus Jaunaren izenean alkartzen zirala entzun dogu, otoitzerako, apostoluen irakaspenerako eta alkarren laguntzarako.

Eraginkorra da, ba, Berbiztuagan sinistea. Harengan sinisten dauana ez da lehengotan geratzen: beste sinistunekaz alkartzen da, ogi-zatitze keinuan bat egiten dabe, eta alkarren beharrizanei erantzuten deutsee. Eta hori egitean, ordukoen begiramena eskuratzen dabe, eta Jaunak gehitu egiten eutsezan salbatuak.

Honen aurrean, ebanjelioak Tomasen irudia aurkeztu deusku, eta lagungarri izan daitekigu gure egoeran. Ez egoan beste ikasleekaz Jauna agertu jakenean esan deusku. Eta besteekaz ez egoteak sinistu eztera daroa Tomas, bere begiez ikusi eta bere atzamarrez ikutzea eskatzera. “Zoriontsuak ikusi barik sinisten dabenak” entzungo dau Berbiztuaren ahotik.

Zelangoa da, senideok, gure sinismena? Zer da sinisten doguna? Zertara garoaz sinismenak? Arduratzen gara sinismen bardinekoetaz? Ospatzen dogu eurekaz gure sinismena, ogi-zatitzean? Badaukat argi, besteekaz alkartuta ez banago, nire sinismena ez dala Berbiztuagan sinistea?

Gure Eleizbarrutiaren egoera honetan, senideok, galderok eginbeharra daukagu, eta erantzun beharra. Hainbeste eleiz alkarte dagoz domekako meza barik; hainbeste mezatan alkartzen dira 20 lagunetik behera, bakotxak bere parrokiari eusten deutson bitartean (ez bere sinismenari, bere lekuari baino); hainbeste abade dagoz (gagoz) domekero hiru meza (edo gehiago) emoten; eta gure eleiz alkarteak ez dira biziak, itxaropentsuak eta erakargarriak… Lehenengo ikasleen berotasuna, alkarlaguntza eta alkarmaitasuna txalogarriak ziran eta erakargarriak. Gu, ostera, motelak gara, antzuak, eta, erakargarriak barik, errukarriak gara. Frantziskoren esanetan, ebanjelioaren poza galdu egin dogula dirudi, eta berreskuratu beharra daukagula.

Arduratuta gagoz abadeok, eta ze erantzun emon behar izango geuskion eztabaidatzen dihardugu. Baina ez gara gauza ardura hori eleiztarrokaz alkarbanatzeko eta bizi izateko; ez gara gauza arazoari alkarregaz oratzeko eta erantzuna alkarregaz bilatzeko, bakotxak berari dagokiona emotea bultzatzeko…

Senideok: esnatu egin behar dogu, eta, arazoaz jabetzeko, arazoa mahairatzeko eta arazoari urtenbideak aurkitzeko, alkartu egin behar dogu, alkarregaz eztabaidatu behar dogu, bakotxak berari dagokion ardurea hartu behar dogu, eta alkarregaz erantzun behar deutsogu Jainkoak gaur eskatzen deuskun zereginari.

Lehenengo irakurgaiak aurkeztu deuskun ikasleen bizikerea dogu eredugarri: otoitzerako alkartu behar dogu, eta irakatsietarako eta alkarren ardurei erantzuteko. Eta guztion eginbehar lez hartu behar dogu ebanjelioaren iragarpena, Jesukristoren barri emotea, Berbiztuaren pozean bizi izatea, haren izenean alkartzea eta ogi-zatitzea…, ohituretatik eta erosokerietatik urtenbeharra daukagu.

Hasi gaitezan kontzientzia hartzen: sinismena aintzat hartzen dogunok, Jesus Jaun berbiztuaren ikasle lez bizi izatea aukeratu dogunok geure lepo hartu behar dogu gure eleizearen egoera hau, arduratan dagoan gure Eleizbarrutiagaz eta arduratan dagozan abade eta Pastoral ekipoekaz bat eginez, eztabaidetan esku hartuz, eta bakotxari dagokiguzan ardurak hartuz. Holantxe emongo deutsegu urtenbide arazoei, Berbiztuagan jarriz uste on osoa, eta ingurukoentzat erakargarri izanez.