12/25 — GABON EGUNA
HITZALDIA
Zorionak, senideok, hemen zagozen guztioi: Jainkoak bedeinkatzen gaitu. Onartu daiguzan bere bedeinkapenak.
Bai, senideok: egun zoragarria dogu Jesusengan sinisten dogunontzat. Eta egun zoragarria da baita alkar agurtzen eta alkarri bezuza (edo erregaluak) egiten diharduenentzat ere. Egun zoragarriak dira.
Baina ez da zorion eguna, ez dira zorion egunak, errefuxiatuentzat, non etzun edo gau hotza non igaro ez daukenentzat; ahora zer eroanik ez daukenentzat; beso bero batzuk besarkatuko ez dabezanentzat… Eta honeik, senideok, sufritzen dagozanak, bazterretan dagozanak, eta bazterreratu eta ezereztuentzat, ez da egun zoriontsua, ez dira egun zoriontsuak.
Geure artean ere, danerik daukagun arren, gainezka euki eta alperrik galtzen dogunon artean ere, badago barru hutsik dagoanaik, edo atsekabetan dagoanik, edo jaiok ahalbait lasterren igaro daitezela gura dauanik…
Eta Jesusengan sinisten dogunok, senideok, Jainkoa horreexekaz egiten dala bat dinogu: galduta, bazterretan, atsekabean, nora-ezean, gosez eta hotzez hilten dagozanekaz… Aurreko domekan Caritasen bitartez eurekaz partekatu gendun gure ondasunetako zati bat. Baina, nahikoa da? Otoitzean gogoan izango doguz, eta Belengo Estalpera ekarriko doguz; baina, nahikoa da?
Guk ez dogu ospatzen Eguzkiaren esnatzea; edo kontsumokeriari esker egin dogun dirutzea; edo besteen lepotik lortutako garaipena… Guk Jainkoak aurkeztu deuskun misterioa ospatzen dogu: handia txiki egitea; osasuntsua gaiso bihurtzea; inork aintzat hartzen ez dauanagaz betiereko Aintza dana bat egitea…
Senideok: esnatu beharra daukagu. Eta inguruak berak esnatuko gaitu, iruntzi ez bagaitu. Orain arte, inguru honetan, danok kristau bagina lez ospatzen genduzan jaiok: ospatu beharra egoala-ta. Baina gaur egun, Jesusengan sinisten dogunok bazterreratuak gara, eta bazterkuntza hori onartu beharra daukagu.
Apurka-apurka, gure sinismena gitxiengo batena izatera doa. Ez da hori txarra; halantxe izan behar dau-ta. Txarra beste hauxe litzateke: gitxi horreik ere inguruak iruntzita egotea. Ez, senideok: esnatu gaitezan. Belengo Estalpean emoten jakun misterioaz bat egin daigun. Erantzi daigun gure handikeria, txikiekaz, baztertuekaz bat egiteko. Uxatu daigun gure eralgikeria (kontsumokeria) baztertuekaz bat egiteko, eta gure ingurua eta Planeta hau ere errespetatzeko. Alkarlanean jardun daigun, bakea eraikitzeko, eta gizarte senidekorragoa dan baten bizi izateko.
Jainkoak bere urratsa emon dau, eta dei egiten deusku. Erantzun eskuzabala emon deiogun eta zoriontsuak izango gara.