Jesusen Bihotza

Pentekoste ondorengo III. barikua

JESUSEN BIHOTZ GUZTIZ SANTUA   (A urtean)

Iruzkina

 

Jesusen Bihotza aitatzen dogunean, senideok, behar bada etxeko atean josita geukan irudia jatorku burura, edo etxe sarrera geukan irudi argiduna, eta etxetik urtetean hari begiratu eta ha ukitu eta musu emotea… Gendun dinot, gaur inon gitxitan ikusten dalako holangorik. Holango irudiak, holango ohiturak baztertu egin doguz, eginazo deuskuez…, eta, hobeto bizi ete gara? Lagungarri genduzan irudi-ohitura hareik? Azaluskeria hutsa ziran?

Ba dira azalkeriaz bizi diranak, eta erlijinoa eta debozinoa ondo erabilten ez dabenak. Baina, ondo erabilten dabenentzako lagungarri ez ete ziran, gero, irudi eta ohitura hareik?

Gaurko irakurgaiek Jainkoaren handitasuna, maitasuna eta herriaren aukeraketearen barri emon deusku, eta Jainkoaren maitasun izatearena ere bai… Baina honen barri apalek eta txikiek baino ezin euki daikee, antza. Eta handigureaz bizi izan gura dogunok, eta besteen gainetik eta lepotik, holangorik gogoratu leiguen irudi eta ohiturarik ez dogu nahi, ba.

Zelan bizi izan daikegu Jainkoaren maitasun esperientzia senideak maitatzean eta Izadia errespetatu eta zaintzean?