Jaunaren Bateoa

JAUNAREN BATEOA

Urtean Zeharreko I. domekea

HITZALDIA

 

Jaunaren Bateoa gogoratuz amaitzen dogu Gabonaldia eta hasten dogu Urtean Zehar aldia. Hemendik aurrera, jai-giroko jantzi zuria aldatu egingo dogu: orlegia (berdea) izango da. Liturgiak, ba, bere aldiak daukaz, aldi bakotxak bere margoa, eta baita mezu berezia ere emoten jaku domeka bakotxean. Ez daigun esan beti bardina danik; hori itsua edo gorra izatea litzateke. Adi dagoanak bat-batean hartzen dauz aldakuntzok.

Sartu gaitezan domeka honek dakarskun mezuan: Isaiasen iragarpena emon jaku lehenengo irakurgaian; bigarrenean Pauloren autormena, eta ebanjelioak Bateatzailearena eta Jesusen bateo inguruko gertakariak emon deuskuz.

Frantzisko aita santuak errukiaren urtea iragarri dauala dakianak gozotasunez hartuko ebazan Isaiasen iragarpeneko berbok. Jainkoak ez dau bere herriaren hondamenik gura; haren gainera bere errukia isurten dau eta gozotasunez zaintzen dau artzain batek bere ardiak zaintzen eta laztantzen dauzan lez. Jainkoak bere herria kontsolatu daiala eskatuko deutso profeteari, eta iragarri deiozala parkamena eta saria… Non gelditzen dira guk erabilten doguzan zemai-berbak? Zigortu eta gaitzetsi (edo kondenatu) egiten dau Jainkoak, ala laztandu, onbideratu eta adore emon barriro ez jausteko edo erratu-bideetatik urten daigun?

Daukagun jainko-irudia aldatu beharra daukagu, senideok. Gatx egingo jaku Jainkoaren aurpegi errukitsua iragartea, besteak menpean hartzeko Jainko bildurgarria interesatzen jakulako; Jainkoaren doantasunera heldu ez garalako. Harengandiko onurak geure ahaleginez edo eskeintzariez lortzen doguzala uste izatea interesatzen jakulako… Paulok esan deuskuna gogoan hartzea gatx egiten jakulako: salbatu gaitu ez geure egintzei esker, bere errukian baino, maite-maite gaitulako.

Ohitu egin gara ateei sarrailak eta giltzak jarten, ortuei hesiak, eta legepeko gizartea eratu dogu Legeak zainduko gaitulakoan. Eta Legea bihozbakoa izan daitela gura dogu, erruki barik gaitzetsi daian gaizkilea. Eta bardin jokatzen dogu Jainkoagaz ere: gure okerkeriekaitik gu hondatu egingo gaitula uste dogu eta, bildurrez, ez gaiakoz hurreratu ere egiten, edo holango Jainko bihozbakoa ukatu egiten dogu, gero beste edozertarako laguntza eskatuko badeutsagu ere…

Jesusek zeozer aurkitu eban Bateatzaileagan, eta haren eskuetan jarten da damu-bateoa hartzeko: pekatariekaz bat egiten da; eta zerua zabaltzen deutse. Eurak dira (geu gara) Jainkoagazko hartu-emonak bilatu behar doguzanak. Jainkoa beti dago prest; maite-maite gaitu eta bere errukian hartzen gaitu. Baina geure gogorkeriak eragozten deuskuz haregazko hartu-emonak.

Halan ere, jakin daigun Jesusek zeruak zabaldu egin deuskuzala, eta beragan jarri geintekezala Jainkoagazko hartu-emonetan; honeik doakoak (debaldekoak) izango dira; eta Jainkoak ez gaitu gaitzetsi edo kondenatuko, samurki zuzenduko baino: maite-maite gaitulako.

Honen barri daukagunok profeteari emondako eginbeharra hartzen dogu geuk ere: honen barri emon behar dogu gure inguruan. Asko dagoz zerua zabalik ikusi ezin dabenak, bihotz gogorrez jokatzen dabenak, gorrotoa isurten dabenak…, eta asko dagoz euren ezjakina sufritzen dabenak; edo Jainkoaren ondasunak euren ahaleginez lortu gura dabenak; eta errezatu edo mezea entzun edo beste gauzaren bat egiten dabelako, euren burua ontzat daukenak…

Autortu daigun eta ez hitz hutsez, bizikereaz ere bai baino, maite gaitula Jainkoak, beragazko hartu-emonetara deitzen gaitula, errukitsua dogula, eta alkarrentzako errukitsuak gura gaitula.


 

OTOITZA

Geure artean eta geure laguntzaile
izan gura dozula emon deuskuzu aditzera
eta agertu deuskuzu zure Seme Jesusengan,
baina guk sarritan egiten deutsugu uko
eta nahiago doguz ilunpeak, Jauna.

Jesusi eragiten eutson Espirituak
eragin deigula geuri ere, eta jarri gaizala
ezelango bildur eta mekokeria barik
behartsuen eta sufritzen dabenen ongile,
eta egin gaizala errukitsuak eta parkatzaileak,
adiskidetzaile eta bakegileak
gure egunerokoan bera ezagutu daien danek.

Jesukristo gure Jaun berberaren bitartez.
Amen.